NAIZ
BAIONA

Bake prozesuaren aldeko ekimena sortu dute Ipar Euskal Herriko kulturgileek

Luhuson iragan abenduan izan ziren atxiloketen ondotik, Ipar Euskal Herriko 50etik gora kulturgilek «bake prozesuan euskal jendarte zibil osoak hartu beharko duen arduraren parte bat» bere gain hartzea erabaki dutela jakinarazi dute.

Bakearen aldeko kulturgileak, Luhusoko Herriko Etxean. (IEHKE)
Bakearen aldeko kulturgileak, Luhusoko Herriko Etxean. (IEHKE)

Iragan abenduan Luhuson izandako atxiloketen ondotik, Ipar Euskal Herriko zenbait kulturgile Donibane Garazin bildu ziren bake prozesuaren aldeko ekarpena egin asmoz.

Bost atxilotutako bat Stéphane Etchegaray 'Etxe' Buuzbu musika taldeko kidea zen eta, hortaz, lagun musikari batzuek erabaki zuten kulturgintzatik «bakearen artisauak» babesteko dinamika bat bultzatzea.

«Kafe baten aitzinean ukan dugu ideia», azaldu du Aitzol Lasak, Iparralai musika eskolako trikitixa irakasleak, Kazetak berri eman duenez. «‘Etxek’ harturiko erabakia gure egitea deliberatu genuen», gaineratu du. Horregatik, atxiloketak gertatu eta egun batzuk beranduago, Luhusoko Herriko Etxean agerraldi bat egin zuten kulturgile ugarik, eta bide-orri bat izenpetu zuten.

50 atxikimendu baino gehiago daude webgunean, tartean Anje Duhalde, Jean Bordaxar, Xumai Murua, Paxkal Indo edo Beñat Achary ageri direlarik.

Euskal Herriko kulturgile guztiei zuzenduta dagoen bide-orri hori webgunean eskegi dute eta, bertan azaltzen dutenez, kulturgileek «bake prozesuan euskal jendarte zibil osoak hartu beharko duen arduraren parte bat gure gain hartzea» erabaki dute.

Era berean, Luhuson atxilotutako «bakearen artisauek» gatazkaren konponbiderako proposatu zituzten puntuekin bat egin dute: Euskal Herriarentzat indarkeriarik gabeko egoera demokratiko bat; gatazkaren konponbidean atzinatzeko, armagabetzeko prozesua ezinbesteko baldintza dela, biktima guztiak kontuan hartuz eta preso eta iheslariak etxeratuz; armagabetze prozesuan parte hartzeko estatuek uko egiten dioten egoera «zentzugabetik» ateratzeko beharra; azkenik, Aietetik eta ETAren jarduera armatua bukatu zenetik aitzinamendurik izan ez denez, egoera desblokeatzeko jendarte zibilak armagabetzean hartu duen engaiamenduarekin bat egin dute.

Kantua eta bideoklipa

«Kulturgileen bide orri hori zabaltzeko, kantu bat grabatzen ari gara», adierazi du Jakes Gueçaimburuk, Buuzbuko baxu-jotzaileak. Otsailaren amaierarako kantua eta bideoklipa prest edukitzea espero dute.

Luhusokoak bezalako atxiloketak berriro gertatuko balira, kulturgileak bildu eta sostengu ekimenak bultzatzeko asmoa dute. Hala ere, gizarte zibileko sektore oso bat biltzea zaila dela aitortu dute Geiçamburuk eta Lasak. «Denbora asko» eskatzen duela jakitun dira, baina egiten ari direna ezinbestekoa iruditzen zaie.

Motibazio kartsu batek akuilaturik, egiten dutena zaila den arren, ez direla geldituko argi eta garbi utzi dute Aitzol Lasa eta Jakes Gueçaimburuk: "Ez dezagun gehiago begira besteak zer dagien parean. Goazen gu mugitzera".