NAIZ

Prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokorra eskatu dio LABek Lakuari

Lakuak publiko egin berri dituen aurrekontuen aurrean, LABek «merkatuari begira egindako aurrekontuak» direla adierazi du eta «prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa» egitea eskatu dio egoera iraultzeko.

Lakuaren aurrekontuak «merkatuari begira egindakoak» direla dio LABek. (LAB)
Lakuaren aurrekontuak «merkatuari begira egindakoak» direla dio LABek. (LAB)

Lakuari «prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa» egitea eskatu dio LABek eta plan horren arabera erreforma fiskala, enplegu plan berria, babes sistemaren erreforma eta emakumeen egoera iraultzeko «neurri espezifikoak» defendatu ditu.

Lakuak publiko egin berri dituen aurrekontuen aurrean, LABek «merkatuari begira egindako aurrekontuak» direla adierazi du, eta bien bitartean jendarteak «gero eta bitarteko ekonomiko gutxiago» dituela salatu.

Gai honen inguruan LABek emandako agerraldian Ainhoa Etxaide, idazkari nagusiak, «aberastasuna banatuz dirua ongizate sozialean inbertitzea eta dauden eskuduntzak baliatzea garapen eredu zuzen bat ezartzeko» aldarrikatu du.

Aurkeztutako txostenean jasotzen denaren arabera «babesa behar duten kolektiboak handitzen ari dira», prekarietatearen gorakadaren ondorioz geroz eta gehiago dira lan munduan egon arren «babes publikoaren beharra» dutenak. Honela, Iñigo Ukurkulluren Gobernuari eskatu diote «egoera soziolaborala aldatzeko» eta «aurrekontu sozialak» martxan jartzea egoera konpontzeko.

Hala ere, Etxaidek ez du jarrera aldaketari ikusi: «Jaurlaritza berriaren asmoetan ez dugu egitasmo bat bera ere ikusi errealitate sozioekonomiko berri bat eraikitzeko helburuarekin. Beste adibide askoren artean AHTa, prekarietatean oinarritzen den eta prekarietatea indartuko duten Industria 4.0 lerroa eta ikerkuntzan aplikatutako murrizketak» aipatu ditu Etxaidek.

Ildo beretik mintzatu dira CCOO eta UGT. CCOOentzat «hobetu beharrekoak» dira aurrekontuak UGT behin-behinekotasunarekin amaitzea eskatu dute.