NAIZ
GASTEIZ

Oier Gomez presoaren egoerak okerrera egin duela jakinarazi du OiertxoSOS plataformak

OiertxoSOS plataforma aurkeztu dute gaur Gasteizen, Oier Gomez larriki gaixo dagoen euskal preso politikoari babesa agertu eta haren askatasuna aldarrikatzeko. Prentsaurrekoa baliatuz, Gomezen egoerak okerrera egin duela jakinarazi dute.

OiertxoSOS plataforma aurkeztu dute Gasteizen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
OiertxoSOS plataforma aurkeztu dute Gasteizen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Bi helburu argirekin aurkeztu du OiertxoSOS plataforma Gasteizen: Oier Gomez larriki gaixo dagoen euskal preso politikoaren inguruko elkartasuna antolatu eta presoa etxeratzea. «Oierren egoera oso larria da: Ewing motako sarkomak ditu bizkarrezurrean, buruan eta aldakan. Ez da tratamendua modu egokian jasotzen ari», salatu dute.

«Oierren osasun egoera larria ezagutu zenetik, berak zein bere senideak elkartasun mezu ugari jaso dituzte. Horregatik, Oierren lagunok, bere senideekin batera, plataforma hau osatzea erabaki genuen elkartasun hori bideratzeko tresna moduan, honela Oierren askatasuna lortzeko, etxera ekartzeko eta duen gaixotasun larria gainditzeko beharrezkoa duen tratamendua jasotzeko», gaineratu dute.

Halaber, plataformaren izena kasualitatea ez dela nabarmendu dute, «helburua Oierren egoera iraultzeko premia argi uztea baita. Gasteiz, Araba, Euskal Herrikoa eta munduan oro har pertsonen duintasun eta eskubideak preso egotearen gainetik daudela ulertzen duten herritar guztiei mobilizatzeko gonbitea da. Oier, larriki gaixorik dagoen preso den heinean, espetxetik at egon behar da eta ez kartzela barruan, non ezinezkoa duen egokia den tratamendua jasotzea».

Zentzun honetan, OiertxoSOS plataformako kideek ohartarazi dutenez, Estatu frantsesean zaintzen duten medikuek esanetan eta hurbileko medikuen iritziz ere, preso jarraitzea bateraezina da guztiz pairatzen duen gaitzarekin. «Legea bete dezala eskatzen diogu Estatu frantsesari, ez bestetik. Legedi internazionalari erreparatuz, Oier, preso gaixo larria den heinean, etxean behar luke egon, sendatze bidean», esan dute.

Estatu frantsesak ziurrenik apirilean berrikusiko du Oier Gomezen kondena. «Hau dela eta, guztion artean elkartasun guneak sortu behar ditugu Oierren askatasuna lortzeko eta behar duen bezala tratamendua jasotzeko. Gizartea beste eragile batzuek Oier eta gainontzeko preso politiko gaixoak askatzeko aurrera eramango dituzten ekimenetan parte hartzera gonbidatzen dugu», nabarmendu dute.

Honela, apirilaren 22an elkartasun eguna antolatu dute Gasteizen eta ostegunero elkarretaratzeak eginen dira 19:30ean Iparralde Gizarte Etxean.