Hezkuntza sistema propioa eztabaidagai, ‘Ebaluazioa iruten’ jardunaldian

Hezkuntza alorreko 250 lagunetik gora bildu dira gaur Hernanin, LABek antolatuta hezkuntza sistema propioaren inguruan egin dituzten jardunaldietan.

NAIZ|HERNANI|2017/03/18 14:48
Loading player...

‘Egungo Eredua irauliz, ebaluazio hezitzailea iruten’ lelopean, jardunaldia egin dute gaur goiz osoan Hernaniko Orona-Ideo aretoan, LAB sindikatuak antolatuta. Hezkuntza alorreko 250 lagunetik gora elkartu dira bertan, «bestelako ebaluazio eredu bat behar dugula» aldarrikatzeko eta bide horretan oinarriak jartzen hasteko.

Ane Ablanedo, Alexander Barandiaran eta Lore Erriondorekin solasaldia izan da lehen zatian, eta atsedenaren ostean ‘Txintxirri’ Elorrioko ikastolaren esperientzia eta Arrankudiagako eskolakoa izan dituzte hizpide.

LABek nabarmendu duenez, «argi geratu da egungo ebaluazio ereduak ez gaituela asetzen». Hala, «presioan eta zigorrean eraikitako ebaluazio eredua gainditu eta hobekuntzan eta autoregulazioan oinarritutako ebaluazio paradigma berri bat» eraiki behar dela aldarrikatu du.

Azken ideia horri jarriki, euskal jendartea eraikuntza klabeetan lanean ari dela ondorioztatu du. «Inposatutako erreformei aurre egin bai baina gure bidea egitea beharrezkoa dela barneratu dugu. Hezkuntza sistema propioa eraikitzea gakoa dela, herritik eta herriarentzako», adierazi du.