NAIZ
GASTEIZ

Ekainaren 17an Gasteizen mobilizazio nazionala egingo du Ireki ekimenak

Lan munduan preso eta iheslarien etxeratzearen alde sinadurak biltzen ari den Ireki ekimenak mobilizazio nazionala deitu du, ekainaren 17an Gasteizen egingo dena.

Andra Mari Zuriaren plazan egin dute agerraldia Ireki ekimeneko kideek. (IREKI)
Andra Mari Zuriaren plazan egin dute agerraldia Ireki ekimeneko kideek. (IREKI)

Ireki ekimenaren izenean, Andra Mari Zuriaren plazan prentsa agerraldia egin dute Julen Mitxeltorena eta Andere Arriolabengoa, ekainaren 17ko hitzorduaren berri emateko.

Langilegoaren artean preso eta iheslarien etxeratzearen alde sinadurak biltzen ari den plataformak azpimarratu du ez dela kasualitatea mobilizaziorako Gasteiz aukeratu izana. Azaldu dutenez, «lan mundua, errepresioa eta gatazkaren ondorioak gordinki» lotzen dituen hiria da Arabako hiriburua.

Langile mugimenduak historikoki garatu duen mobilizazio ereduari jarraiki, martxa forma hartuko du ekainaren 17ko ekimenak. Goizeko 11.00etan bi martxa aterako dira, bata Arangiztik eta bestea Otazutik. Bi martxa hauekin euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ikrur bilakatu diren bi gezi gorriak irudikatu dituztela esan dute antolatzaileek.

Bi zutabeok Andra Maria Zuriaren plazan bat egin ondoren, 12.30ean, manifestazio nazionala egingo da Gasteizko kale nagusietatik, Martxoaren 3ko plazan bukatzeko. Bukaerako ekitaldia diseinatzeko, langileen proposamenak bilduko ditu Ireki ekimenak. 

Ekitaldiaren amaieran, Irekiko kideek kurtsoan zehar egindako lanaren emaitzaren berri emango dute. Zehazki, bildutako sinadura kopurua jakinaraziko dute eta euskal langileengandik jasotako atxikimendu horiek noren esku utziko dituzten argituko dute.