NAIZ

%25,04ko parte hartzea Busturialdea eta Arrigorriagan 18.00etan

Herritarrak ari dira apurka hautetsontzietara gerturatu eta euren boto-paperak uzten. Hala, 18.00ak arteko parte hartze datuen berri eman dute: %25,04. Handiagoa izan da Busturialdean (%28,58) Arrigorriagan baino (%12,36). 20.30ean agerraldia egingo dute behin betiko datuen berri emateko.

Bermeoko udal ordezkariak izan dira boto-paperekin lehenak. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Bermeoko udal ordezkariak izan dira boto-paperekin lehenak. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriak aurten biziko duen galdeketa olatua Bizkaira iritsi da. Herrialdean pausoa emango duen lehen eskualdea izango da Busturialdea, eta, horrekin batera, Bilbora itsatsita dagoen Arrigorrian ere galdeketa eguna dute gaurkoa, Tolosaldean martxoaren 19an 30.000 pertsonek bozkatu ostean.

Bada herritarrek hautetsontzietarako deiari men egin eta ari dira apurka-apurka beren boto-paperak uzten. Hala, parte hartze datuen eguneraketa berri bat egin dute, 18.00ak artekoa: %25,04. Berau handixeagoa izan da Busturialdean (%28,58) Arrigorriagan baino (%12,36). 20.30ean azken agerraldia egingo dute parte hartze datuen berri emateko; behin betiko emaitzak, berriz, 22.00ak aldera espero dira.

9.00etan zabaldu dituzte botoaren esperoan ziren 45 hautetsontziak eta 16 urte edo gehiagoko 51.249 daude bozketara deituak. Ana Tere Bengoetxea izan da Bermeon hautetsontziak irekitzearekin batera lehenengo hitzartzea egin duena. «Gaur milaka herritarrek hautetsontziak beteko ditugu eta, beste behin, erakutsiko dugu herritarron borondatea eta konpromisoa geldiezina dela», adierazi du. Haren hitzen ostean, Bermeoko alkatea eta udal taldeetako ordezkariak izan dira lehenak botoa ematen.

Boto-papera hautetsontzira sartu duten aurpegi ezagunen artean Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia aipatu daiteke; Kanalan eman du bere botoa.

Arrigorriagan hurrengo galderari erantzun beharko diote: «Izan gura duzu euskal estatu independente bateko herritarra?».

Busturialdean, galdera desberdinak izango dira. Mendata eta Errigoitin «Nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritar izan?», Arratzun «Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?» eta Ajangiz, Busturia, Morga, Gernika-Lumo, Foru, Ereño, Muxika, Murueta, Gautegiz-Arteaga, Nabarniz, Kortezubi, Bermeo eta Ean «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?».

Herri galdeketen dinamikak eta 2016. urtean zehar herriz herri landutako adierazpen guztiak erabakitzeko eskubidearen aldeko Itun Herritar batean bilduko dituzte datozen hilabeteetan, eta hori izango da herritarron erabakitzeko eskubidearen egikaritzarako bidean Gure Esku Dagok egingo dugun ekarpenetako bat.