NAIZ
DONOSTIA

Antiguan metroaren pasanteak kalteturiko lur-sailen desjabetzeak hasi ditu Lakuak

Lakuak Donostiako metroaren pasanteko Lugaritz-Mirakontxa zatiak Antiguan kalteturiko lur-sailak desjabetzeko izapidetzeak hasi dituela salatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak.

Satorralaiaren elkarretaratzea, Donostian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Satorralaiaren elkarretaratzea, Donostian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Satorralaiak, ohar baten bidez, Lakua metroaren pasanteak kaltetutako lursailak desjabetzen hasi dela iragarri du. 24 lur-sailen nahitaezko desjabetzeak agindu ditu, gehienak udal-jabegoko zerbitzu eta erabilpen publikoko lur-sailak direnak: Benta Berriko Polikiroldegiko kirol pistei zein ekipamendu komunitarioko esparruari, Bentaberriko Plazari, Luis Villasante parkeari, Montpelliereko gazteen egoitzako zona libreari eragiten diete desjabetza horiek, baita Zarautz etorbideko, Aizkorri kaleko, Escolta Realeko eta Pio Barojako zonalde berde eta kaleko espazioei ere.

Udal-jabegoko esparru horiez gain, Zarautz Etorbideko 33 eta 35 zenbakietan jabetza partikularreko ondasunak dira kaltetuak. Jakinarazi dutenez, Satorralaiak datozen egunetan desjabetzak egiteko lehenengo izapidetze honek kalteturiko ondasunak defendatzeko helegite aurkezpena sustatuko du. Helegite hauek hilaren 28ra arte aurkeztu ahalko dira.

Aldi berean, Lakuak proiektua gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dadin egin zioten eskaerei ezezkoa eman die. Honen aurrean, «jarrera inposatzailea» leporatu dio Iñigo Urkulluren Gobernuari.

Hala ere, proiektua gelditzeko lanetan jarraituko dutela nabarmendu dute.