NAIZ
BAIONA

Aurtengo EHZren egitarau oparoa aurkeztu dute Baionan

Ekainaren 30etik uztailaren 2ra Lekornen egingo den EHZ festibalaren aurkezpena egin dute antolatzaileen Baionan. Euskal Herriko zein atzerriko taldeen kontzertuez gain, adin guztiei zuzendutako tailerrak ere dakartza aurtengo edizioak.

EHZren egitaraua aurkezteko agerraldia Baionan. (Bob EDME)
EHZren egitaraua aurkezteko agerraldia Baionan. (Bob EDME)

Baionan eginiko agerraldi batean, EHZ festibalaren antolatzaileek ‘Sorgin zelaian, gurean asma’ lemapean egingo den aurtengo edizioaren egitaraua aurkeztu dute.

Kazetak berri eman duenez, burujabetzaren inguruan hasitako hausnarketak sakondu eta praktikan jartzen segiko du festibalak aurten.

Jaialdiaren antolatzaileek taula gainera igoko diren taldeak plazaratzeaz gain, programa osatuko duten tailerren berri eman dute. Musika estilo eta gai anitzak presente egongo dira Lekorneko gazteluan. Musikaren kalitateari, aurkikuntzari eta berezitasunari lehentasuna eman dietela nabarmendu dute.

Musika. Zea Mays eta Huntza taldeek emango dituzten kontzertuez gain, Pi L.T.-k azken emanaldia eskainiko du Lekornen.

Kataluniatik ailegatuko den La Cafetera Roja taldeak Estatu frantseseko, espainiarreko baita Austriako musikariak ere taula gainera igoko ditu. Akua Nru artistak erritmo afrikarrak Jazz eta soul ukituekin nahasiko ditu. Justizia soziala, arrazismoa eta ideologi iraultzaileek bere letrak apaintzen dituzte.

Punk eta rock estiloa ere presente izango da Nova Twins hirukoteari esker.

Dantza, antzerkia eta magia. Atx Teatroa konpainiak Bihotz Salataria antzerkia aurkeztuko du Lekornen. Gainera, karrikari ohituta dagoen Burrunka taldeak gaita, txistua, akordeoi donuekin giroa alaituko du. Ikusgarriei dagokienez, L Main s'affaire bikoteak ‘All Right’ akrobazia emanaldia aurkeztuko du.

Era berean, dantzaren ildotik, Erilare konpainiak ‘Bihotz2’ ikusgarria eskainiko du. Lehen aldia izango da Oihan Bidart eta Cholé Sindera dantzariak elkarrekin eszenatokira igoko direla.

Ilusioaren Indarra ikusgarriarekin Hodei magoak bere azken emanaldiaren bertsio berri bat aurkeztuko du, beti ere umoreari garrantzia emanez. Docteur Troll magoak ordu erdiko emanaldian publikoa harrituko duten trikimailuak egingo ditu.

Eztabaida gunea. Autogestioari buruzko hausnarketa garaile izanen da txokoan. ‘Bake ala pazifikazio? Autodeterminazioa bake prozesuan’ lelopean Liam O'Ruairc filosofoak Ipar Irlandako bake prozesuaz eta ondorengo bilakaera politikoei buruz hitz eginen du.

Bestalde, igandean antolatu duten ‘Erresistentzia bai, baina gero zer?’ eztabaidan Gasteizko Errekaleor auzoko, Eleak/Libre plataformako kideak, baita Notre-Dame-des-Ladeseko militanteek ere parte hartuko dute.

Brigada ubela. Aurten ere feminismoari buruzko tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak proposatuko dituzte «txoko askean». Hala nola, ‘Ekonomia feministari’ buruzko eztabaida eta ideologia maskulinista deseraikitzeko tailerra.

Haurren txokoa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, festibala haurrentzako antolatua dago. Hori dela eta, askotariko tailerrak proposatuko dizkiete. Bask Force Urruñako elkarteak Yosekan Budo tailerrean parte hartzeko parada eskainiko du.

Halaber, Ixabel Millet ipuin kontalariak ‘Izarren hautsa’ ikuskizuna aurkeztuko du. Rebecca M'Bougoukek, ordea, dantza eta kantuaren bidez Kongoko kultura erakutsiko die gazteei. ‘Gaia!’ tarteak Euskal Herriko kirolei loturiko animazioak antolatu dituzte: sega luze, lasto altxatze, boneta jaurtiketa...

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibalaren egitarau osoa hemen ikusgai.

Crowdfunding kanpaina

EHZk azken hilabeteetan crowfunding kanpaina bat abiatu zuen arazo ekonomikoei aurre egiteko. Lau hilabetez 348 emaileei esker 27.000 euro lortu dituztela azaldu dute.