NAIZ

Presoen gogoeten ondorioak errespetatuko dituela esan du ezker abertzaleak kartzelen atarian

Puerto, Fleury, Roanne, Curtis, Saint Maur eta Picassenteko espetxetara martxak egin ditu ezker abertzaleak, mila lagun baino gehiago bilduz euskal preso politikoei «maite zaituztegu» mezua helarazteko. Hauek garatzen ari diren gogoeten ondorioak laster jakingo direla eta, «babestu eta errespetatu» egingo dituztela adierazi dute.

«Maite zaituztegu» izan da gaurko ekimenarekin helarazi nahi izan den mezua. (@EnekoAnder)
«Maite zaituztegu» izan da gaurko ekimenarekin helarazi nahi izan den mezua. (@EnekoAnder)

«Este fin de semana me voy de visita hasta Córdoba, para ver a un amigo preso». «¿Otra vez? ¿Cuánto os pagan?». Anektoda hau kontatuz hasi dute kartzela aurreo hitzartzea, Euskal Herrian ematen diren egoeren adibide. Urrutiegi geratzen zitzaion presoen auzia bigarrenari, «gehiegizko sakrifizioa» iruditzen omen zitzaion.

«Presoekiko maitasun sentimendu ikaragarria dugu», adierazi dute, «horrexegatik egin ditugu milaka kilometro ehunka lagunek asteburu honetan Estatu espainiar eta frantseseko sei kartzelatara». Baina bisita ez da ohikoa izan, mezu sinple bat eramatera joan dira: «Maite zaituztegu».

Euskal Herrian ireki den ziklo berriari bete-betean ekiteko lehenengo zaharrari amaiera eman behar zaiola aldarrikatu dute, «preso, iheslari eta deportatuak etxera ekarriz». Bide horretan, aldebakartasunez jardutea baino beste aukerarik ez dagoela azpimarratu dute.

Dispertsio politikak azken 30 urteotan izan duen eraginari erreparatu diote: «Sufrimendu handia, 16 hildako, odoluste ekonomikoa, milaka eta milaka kilometro astero urte askoan...», baina aipatu politikaren helburuak ez direla gauzatu aldarrikatu dute: «Presoen erresistentzia eredugarria izan da; kaleko erantzuna, etenik gabekoa, eta anitza!». Aniztasun horren baitan eratu den elkartasun sarea goraipatu dute.

Gaineratu dute jakitun direla presoak kartzeletan bizitzen ari diren uneaz: «Badakigu gogoeta betean ari zaretela etorkizunari buruz, eta laster emaitzak publikoak izango direla; ondo dakizue ezker abertzaleak zuen ondorioak babestu eta errespetatuko dituela».

Amaieran, martxara batu diren lagun guztiak zoriondu dituzte, presoei ezik hauen senideei ere erakutsitako elkartasunagatik.

Bidaia, identifikazioak eta ekitaldi ostekoak

25 autobus irten dira orotara Euskal Herritik Puerto, Fleury, Roanne, Curtis, Saint Maur eta Picassenteko espetxeak jomugan. Ehunka kilometro egin ostean, eta presoei euren elkartasuna erakutsi aurretik, indar polizialekin egin dute topo hainbat autobusek, eta identifikatuak izan dira bidaiari guztiak.

«Venís cansados, lo sé. Esperad un poco para bajar de forma ordenada». Hala sartu da Guardia Zibil bat Picassenteko espetxera zuzentzen zen autobus batean.

Behin espetxe atarian, ekitaldiak egin dituzte, eta Sortuko eta Kalera Kalera ekimeneko kideek hartu dute hitza hauetan. Presoei euren presentziaz ohartarazteko, adarra jo edo irrintziak bota dituzte. Fleuryn, esaterako, pankarta bat aireratu dute.

Tonu alaiago batean, espetxeari buelta ere eman diote Roannen eta Picassenten, baita Puerton ere trikitixaren soinuaz lagunduta. Sortuk eman dituen datuen arabera, 1.000 lagun baino gehiago elkartu dira gaurko elkartasun ekimenean.