NAIZ
DONOSTIA

Hasi dira Anoetako estadioa berritzeko lanak

Anoetako estadioa berritzeko lehen lanak astearte honetan hasi dira. Obrak bost fase ditu eta, besteak beste, atletismo pistak kenduko dira, harmailak zelaira gerturatuko dira eta estadioak 42.000 ikuslerentzako edukiera izango du. Lanen aurrekontua 47 milioi eurokoa da.

Aperribay, Goia eta Olano, Anoeta berritzeko obren hasieran. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Aperribay, Goia eta Olano, Anoeta berritzeko obren hasieran. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Donostiako alkate Eneko Goia, Lakuako Kiroletako zuzendari Jon Redondo eta Realeko presidente Jokin Aperribay Anoetako estadioaren kanpoaldean izan dira, lanen hasiera bertatik bertara ikusteko.

Goizean goiz iritsi dira obraren lehen unitateak, eta horiek izango dira, besteak beste, datozen bost hilabeteetan estadioaren kanpoaldea prestatzeko lanak egingo dituztenak. Lehenbizi egin beharrekoen artean daude estadioaren inguruak obrarako egokitzea, eskailerak eta elementu laguntzaileak egitea eta estadio berriaren kanpoko zutabeen zimenduak jartzea.

Eneko Goia, Markel Olano, Jon Redondo eta Jokin Aperribay «pozik» agertu dira, Donostian aspaldi espero zen obra hasi delako eta «donostiar eta gipuzkoar guztien onurarako» izango delako.

Anoetako estadioa 1993. urteko abuztuaren 13an ireki zen. Hortaz, hurrengo urtean 25 urte beteko ditu berritze prozesuan murgilduta.

Lanak 2019ko urrian amaituko dira, eta estadioaz gain, besteak beste, estadio txikia, Kirol Etxea, Ernest Lluch Kultura Etxea eta federazioen lokalak ere berrituko dira.

Lana bost fasetan banatuko da eta, besteak beste, atletismo pistak kenduko dituzte, harmailak zelaira gerturatuko dituzte. Estadioak 42.000 ikuslerentzako edukiera izango du obrak bukatuta.

Anoeta berritzeko aurrekontua 47 milioi eurokoa da.