Sakonean
Baratze Parkea

Duela astebete sinatu da, Beasainen, Gipuzkoako Baratze Parkearen hemezortzigarren baratzea martxan jartzeko hitzarmena. Poliki poliki herrialde osora hedatzen ari den ekimen honen atzean Kutxa Ekogune Fundazioa dago, baina sustatzaile nagusi honek tokian tokiko agenteen beharra dauka baratze sozial eta ekologiko hauek abiarazteko. Elkarlanaren emaitzak begi-bistakoak dira, 1.100 partzela baitaude martxan egun. 

Gotzon ARANBURU|VILLABONA|2017/06/22 09:30
Ekobaratza-villabona
Villabonako ekobaratzea. (Gotzon ARANBURU)

Jende asko dago baratzea eduki nahiko lukeena, baina nola eta ez zaren baserri batean edo saildun etxebizitza familiabakar batean bizi, zail daukazu. Balkoi handia izanez gero, aldatu daitezke barazki batzuk, baina baratzea duzunik ezin esan. Bada momentu honetan mila gipuzkoar baino gehiagok daukate lur mutur bat «bere» baratzetxoa lantzeko, 2013an martxan jarritako Baratze Parke Sarea ekimenari esker. Ekimenaren sustatzailea Kutxa Ekogunea da, gehi baratzeak prestatzen jartzen diren herri bakoitzeko udala.

Baratze hauek ezaugarri amankomun batzuk dauzkate, hala nola nekazaritza ekologikoa hedatzea izatea helburu, edota autokontsumorako bakarrik erabili ahal izatea. Ez dira inork negozioa egiteko, baizik eta etxera norberak aldatu eta zaindutako barazki osasungarriak eramateko. Era berean, gizatalde ezberdinen arteko harremanak sortzea bilatzen da. Izan ere, erabiltzaile bakoitzak –baratzekide izendatua– bere saila kudeatzen du, baina parkeko beste erabiltzaile guztiekin dauka hartu-emana, zerbitzu batzuen erabilera –eta zainketa eta garbiketa– auzolanean egiten baita, hala nola etxola, konpostagunea, uraska edo solastokiarena. Aipatu etxolan erreminta biltegia eta aldagela daude. 

Baratzeak bai, baina ez edozein baratze mota. Baratze Parkean nekazaritza biologikotik eratorritako barazki, sustrai, erraboil, tuberkulu eta haziak bakarrik erabili daitezke. Ohiko laborantzatik etorri arren, produktu kimiko sintetikoekin landua ez bada izan, onartzen da. Hori bai, genetikoki aldatutako edozein motako landare edo bestelakorik ez da ametitzen. 

Amalia Virto da Baratze Parke Sarearen arduraduna, eta Donostiako Ekogunean eman dizkigu ekimenari buruzko azalpenak. Etengabekoa da hemen ikusten dugun jendearen joan-etorria, batzuk baratzean lan pixka bat egitera datozenak eta beste batzuk zereginak bukatu, aldatu, eta etxerako bidean doazenak. «Ez dira baratzekide bihurtzen nahi duten guztiak. Eskaria egiten dutenen artean zozketa egiten da, normalean, eta tokatzen zaienek lau urtez erabili dezakete saila. Hori bai, udalek eskubidea dute langabetuei, erakunde sozialei edo beste elkarteren bati lehentasuna emateko. Partzela bakoitzak 30-60 metro koadro artean izaten ditu, eta 90era iristen da erabiltzailea elkarte bat bada. 

Furgobaratzea

Zerbitzu amankomun hauetako bat Furgobaratzea da. Herrialdeko 18 baratze horietara guztietara iristen da hilean behin, haziz eta landarez ondo hornituta, aipatu baldintzak betetzen dituztenak denak ere. Oraindik gutxi dira Gipuzkoan landare ekologikoa sortzen duten ekoizleak, baina badaude hiruzpalau eta horiei hartzen die landarea Furgobaratzeak, gero ortuen erabiltzaileei saltzeko. Villabonako Baratze Parkean topatu dugu guk Furgobaratzea, erabiltzaileek erosi ditzaketen landare potoz goraino. Mikel Igarataundia da gidaria, eta ez bakarrik furgonetarena, inguratu diren baratzekideena ere bai, denen galderak ezin egokiago erantzun ditu-eta teknikariak, baita aholku baliotsu ugari eman ere. 

«Jende gaztea da gehien apuntatzen dena baratzea izateko. Zenbaitek badakite baratzean nola egin behar den lan, baina beste askok ez, normala denez, eta azken hauei gehiago lagundu behar zaie, jakina» diosku. Tomatea da baratzekideen artean arrakasta gehien izaten duen barazkia, baina landare delikatua da eta erraz alferrik galtzen da, eta tomateari buruz azalpen asko eman behar izaten ditu. Zainzuriaz ere galdetu diote teknikariari: «Etorriko ez da ba baratzean? Bai emakumea, nik neurean izan ditut, baina lan asko eskatzen du, asko» erantzun du Mikelek. Ipad bat ere badarabil, ohikoak ez diren landare eta barazkien argazkiak erakusteko. Dozena erdi bat mahai bete ditu furgonetan ekarritako landareekin; ezin esan ekologikoan lan egiterik ez dagoenik. 

Villabonako baratzakideetako bat Amey da. Garbi dauka zertarako nahi duen saila: etxeko mahaian barazki sanoak jartzeko bazkalorduan. «Zerrikeria asko jaten dugu eta nik zera nahi nuen, menuko zati bat behintzat neure eskuekin hartutakoa izatea, badakit eta ez duela kimikorik izango» esan digu, aitzurrari heldu aurretik. Beste guztiek bezalaxe, oso eskura dauzka Ameyk ura eta simaurra, landareei nahi adina emateko. Villabonako hau, sareko beste guztiak bezala, herritik gertu dago, erabiltzaileei ahalik eta errazen izan dakieken bertaraino ailegatzea. Izan ere, baratzeak lan eta zaintza asko eskatzen du, bai bederen fruitua oparo emango badu.

Ikastaroak

Ikastaroak ere eskaintzen ditu Baratze Parkeak. Lau orduko bat herrian bertan eskaintzen du, oinarrizkoa, parkea martxan jartzera doanean, baina ondoren hasten diren baratzekideek ere badute aukera, Donostiako Ekogunera etorrita. Astero astero informazio buletina jasotzen dute, gainera, baratzeen erabiltzaileek.

Hizkuntzaren aldetik ere badu ezaugarri bat Baratze Parkeak: euskararen presentzia handia, baita bestelako hizkuntza gutxituena ere. Amaliak esan digunez «hizkuntz-ekologia ere sustatzen dugu, euskarari beti lehentasuna emanez karteletan, paneletan, buletinetan… Idatzitako guztia euskaraz, edo euskara eta gaztelaniaz dago, sekula ere ez gaztelaniaz soilik.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK