NAIZ
BILBO

Errefuxiatuen alde, 600 pertsonek lasterka egin dute Bilbon

600 pertsona inguru batu dira «Bilbo babesleku» errefuxiatuen aldeko ekimenera, hiriburuko kaleetan lasterka eginez. Ekimenarekin errefuxiatuei mugak ixten zaizkiela salatu dute parte hartzaileek.

Oscar Pasarin, laguntzaileekin lasterka. (@BilbaoSolidaria)
Oscar Pasarin, laguntzaileekin lasterka. (@BilbaoSolidaria)

«Bilbo babesleku» lasterketa solidarioa egin dute igande honetan Bizkaiko hiriburuan, errefuxiatuen aldeko ekimen moduan. Parte hartzaileek euren herrialdeetatik ihesi diren pertsonei mugak ixten zaizkiela salatu nahi izan dute.

Ekimenak, gainera, Oscar Pasarin atleta bilbotarraren erronkarekin egin du bat. Mila kilometro egin ditu honek azken zortzi egunetan, helburu bera oinarri: pertsona errefuxiatuen egoeraren berri ematea.

Zortzi egun horietan, egunero hogeiren bat ordu egin ditu lasterka Pasarinek, eta Arenaletik hasi eta Euskaldunako zubira arte dauden sei kilometroko zirkuitua eginez amaitu du bere abentura. Desafioaren amaieran, onartu du atleta bilbotarrak erronka «gogorra» izan dela, nahiz eta pena merezi izan duela gaineratu duen.

Lasterketan zehar bost euro jaso ditu Pasarinek kilometroko lagundu dioten pertsonen eskutik, eta bildutako dirua CEAR-Euskadik abian dituen proiektuak sustatzeko erabiliko dute. Aipatu erakundeak ere babestu du lasterketa, eta bere lehendakariak, Javier Galparsorok, mugen itxiera salatu du, gogora ekarriz herrialde europarrak 160.000 errefuxiatu hartzera konprometitu zirela, «gaur-gaurkoz 20.000 onartu dituztenean».

Horregatik, dei egin die agintari politikoei hartutako konpromisoak bete ditzaten, eta euskal erakundeak zoriondu ditu gaiarekiko duten sentsibilitatea dela eta.

Azpimarratu du egun 65 milioi pertsona daudela euren herrialdeetatik ihesi gerra, hondamendi edo bestelako arrazoien ondorioz.