NAIZ
BILBO

Liher Aretxabaletaren askatasuna aldarrikatu dute Bilbo eta Lekeition

Ehunka lagunek Liher Aretxabaletaren askatasuna eskatu dute Bilbon eta Lekeition, manifestazio banatan eginda. Atzo atxilotu zuen Guardia Zibilak, Auzitegi Nazional espainolak ezarritako espetxe zigorra betearazteko. 

Liher Aretxabaletaren askatasuna exijitzeko manifestazioa, Lekeition. (@ttipilekitto)
Liher Aretxabaletaren askatasuna exijitzeko manifestazioa, Lekeition. (@ttipilekitto)

«Liher libre» aldarria presente egon da gaur Bilbon eta Lekeition. Bi leku horietan manifestazio bana egin dute atzo Auzitegi Nazional espainolaren aginduz Guardia Zibilak Bizkaiko hiriburuan atzeman zuen Liher Aretxabaletaren askatasuna exijitzeko.

Bilbon, mobilizazioa Plaza Biribiletik abiatu da eta Eliptikara arteko bidea egin du, «Liher auzoan eta libre. Epaiketa politikorik ez!» lemapeko pankarta buruan joan delarik. Hara iritsita, erdigunea inguratu dute. Aldamio batetik zintzilik Alde Zaharreko bizilagunaren askatasuna galdegiteko pankarta bat ere ikusi ahal izan da.

Lekeition ere, ehunka lagun

Lekeition, ehunka lagunek egin dute bat Eskolapetik atera den manifestazioarekin. «Askatasun eta bakearen alde, Liher libre!» izan da, kasu honetan, aukeratu duten leloa.

Liher Aretxabaleta 2013an aske gelditu zen, sei urtez preso egon ondoren. Ekainaren 28 eta 29an berriro epaitu zuten Audientzia Nazional espainolean eta atzo argitaratu zen ebazpena, atxiloketa gertatu eta gero.

2005. urtean Madrilen furgoneta bat eztandaraztea leporatuta, 535 urteko zigorrak ezarri dizkiete Aretxabaletari eta beste auzipetuari, Estatu frantsesean preso dagoen Alaitz Aramendiri.