Frankismoaren krimenen aurkako salaketa jarriko du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Bizikidetza eta Giza Eskubideetako foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, iragarri du frankismoaren krimenen aurkako salaketa jarriko duela, gerra garaian fusilatutako gipuzkoarrei buruzko txostena –980 biktima jasotzen ditu– oinarri hartuta.

NAIZ|DONOSTIA|2017/09/13 11:14|Iruzkin 1
Maribel-vaquero
Gipuzkoako Bizikidetza eta Giza Eskubideetako foru zuzendari Maribel Vaqueroren hitzartzea. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

EHUko Kriminologia Institutuak antolatu eta Paco Etxeberriak zuzentzen duen ‘Violencia masiva, fosas comunes y derechos humanos. Perspectivas desde las ciencias forenses y sociales’ uda ikastaroan hartu du parte Vaquerok eta bertan eman du frankismoaren krimenen aurkako salaketa jartzeko erabakiaren berri.

Vaquerok gogoratu duenez, epaitegietara jotzeko erabakiak Batzar Nagusiek iazko urriaren 5eko osoko bilkuran eginiko eskariari erantzuten dio. Zehazki, Gipuzkoako Aldundiari eskatzen zitzaion «Estatu espainiarreko epaitegietan ekimenak irekitzea ahalbidetu zezala, argitzeko diktadura frankistak gure lurraldean eginiko gizateriaren aurkako krimenengandik izan ditzaken erantzukizunak».

Eskaria jaso ostean EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedrara jo zuen Aldundiak, Gipuzkoan frankismoaren krimenen aurkako salaketak jartzeko aukerak aztertzeko. Vaquerok esan du jakitun dela Estatuko espainoleko fiskaltza eta epailetzaren «jarrerek eragotzi eta geldiarazi» egiten dituztela delitu hauen aurkako neurriak.

Vaqueroren esanetan, egoera hau ez da ematen «lege bideak edota arrazoiak» falta direlako, baizik eta «giza eskubideen arloko nazioarteko zuzenbidearen interpretazio mugatua ezarri delako».

Vaqueron nabarmendu du, aipatu Katedraren txostena oinarri, Aldundiak giza eskubideen defentsa duela xede. «Badakigu egungo egoeran zaila ematen duela, baina lan egitera goaz. Lege eta eskumenen aldetik mugatuta gaude agian, baina epaitegietako ekintza hauek ondo bidean jartzeko zuzenbidean eman behar den aldaketa hori gauzatzen lagundu nahi dugu», nabarmendu du.

Modu honetan, foru erakundea bidea egiten hasiko Estatuko epaitegietan ekintza judizialak egiteko. «Salaketak jarriko ditugu ezagutzen ditugun delituengatik, horretarako jada baditugun datu baseak baliatuz. Aldi berean, eskura dauzkagun informazio baliabide eta beste motatako laguntzekin jarraituko ditugu babesten gertaera lazgarri hauen biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa lortzeko lanean ari diren elkarteak», esan du.

Vaquerok zehaztu du Aldundiaren salaketa frankismoak 36ko Gerran fusilatu zituen gipuzkoarrei buruzko txostenean egongo dela oinarrituta. Ikerketa honek 980 biktimaren datuak jasotzen ditu, «bortxaz hil zirenak epaiketarik gabeko exekuzioetan edota bermerik gabeko epaiketen testuinguruan, edota indarkeriaz desagertu zirenen kasuak».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK