LABek eta ELAk Gure Esku Dagoren manifestazioa sostengatzen dute

ELA eta LABek larunbatean Bilbon (17.30, La Casilla) Katalunia sostengatzeko eta erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dagok deitu duen manifestazioarekin bat egin dute.

NAIZ|BILBO|2017/09/14 11:38
Int20170905014216
Manifestazioa iragartzeko Gure Esku Dagok egin zuen agerraldia. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

«Kataluniako herriari gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Bi herri desberdin gara, bi errealitate desberdin ditugu baina baditugu batzen gaituzten gauzak ere. Bi herriok gara erabat antidemokratikoa den estatu baten parte, bi herriok gara Espainiako estatuaren errepresioaren jomuga, bi herriok gara erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estatu baten parte», adierazi du LABek ohar batean.

«LABek ere Kataluniakoaren moduko burujabetza prozesu bat bultzatzen du Euskal Herrirako, hangoaren antzerakoa izango den burujabetza prozesu bat, bertako errealitateari egokitua izango dena. Duela bi aste ELArekin adierazpen bat kaleratu genuen Euskal Herrian burutu beharreko prozesuaren ezaugarriak jasotzen zituena, ‘Aldebakarreko burujabetza prozesu baten alde’ izenburupean», gogoratu du sindikatu honek.

«Sindikatu independentista da LAB. Urriaren 1ean bozkatu beharko bagenu, baietz bozkatuko genuke. Urriaren 1eko erreferenduma ariketa demokratikoa da. Emaitza edozein delarik ere demokrazia ariketa bezala ulertzen dugu eta herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen duen orok, Katalunian bizitzen ari den prozesuarekiko posizio argiak izan beharko lituzke. Anbiguetaterako tarterik ez dago. Diadaren bezperan Bartzelonan egon ginen sindikatu soberanistekin batera manifestu bat onartu genuen prozesuari babesa ematen. Diadan ere egon zen LABen ordezkaritza bat. Euskal Herrian ere mobilizatu ginen egun horretan eta indarrez salatu nahi dugu Espainiako estatuak hartutako bidea, komunikabide eta hautetsien aurkako erasoekin. Errepresioarekin erantzun du estatuak eta aurrean herri antolatu eta aktibatu bat dauka. Errepresioa antzua da herri baten askatasun nahiak mugatzeko orduan. Herriak baitu hitza eta erabakia», nabarmendu du LABek.

ELA: «Erabakitzea bozkatzea da»

ELA sindikatuak ere Gure Esku Dagoren deialdiarekin bat egin du. «Manifestazio honetan begirunea eta errespetua adierazi nahi diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. ELAk oso argi dauka Kataluniak hartutako bidea ezinbestekoa dela, eta euskal erakunde guztiek tinko agertu behar dute euren babes osoa emateko», adierazi du sindikatu honek.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK