Funtzio publikoaren defentsan kalera atera dira Baionan

Emmanuel Macron presidente frantsesak bultzatutako Lan Erreformak izango dituen ondorioez ohartarazteko mobilizazioa egin dute Baionan, sindikatu nagusien babesarekin.

NAIZ|BAIONA|2017/10/10 13:17
Baiona
FSU sindikatuak jakinarazi duenez, 2.200 lagun inguru bildu dira Baionako manifestazioan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Kazetak berri eman duenez, azken hamar urteotan aurrenekoz egin dute bat Estatuko frantseseko sindikatu nagusiek Lan Erreformaren aurka egiteko. Estatu mailan, CGT, FSU, FO eta Solidaires sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.

Ipar Euskal Herrian, FSU sindikatuaren arabera, 2.200 lagun inguruk Lan Kodearen aurkako manifestazioa egin dute Baionan. Mobilizazioa goizeko 11.00etan abiatu da eta Herriko Etxetik suprefekturara joan dira. LAB, CGT, CFDT eta FO sindikatuak presente egon dira eta, haiekin batera, funtzionario publikoak, irakaslea edota erretretadunak. Emmanuel Macronek funtzio publikoan egin nahi dituen erreformak gaitzetsi dituzte protestan parte hartu dutenek.

Fronte Sozialak salatu duenez, Gobernu frantsesak 120.000 funtzionarioren lanpostuak murriztu nahiko ditu hemendik bost urtera. Era berean, gogoratu dute araudi berriak lagundutako kontratuen desagerpena ekarriko dituela eta horrek elkarte eta kolektibitateei eragingo diela.

Langileen babesa kaltetu eta prekarietatea «bidekartu» egingo dela ere ohartarazi dute.

Deialdi honen harira, Baionako eskola gehienek ateak itxi dituzte eta gainera, aireportuetan ere nabaritu da. Biarrizko aireportutik abiatu eta bertara ailegatu behar ziren hamasei hegaldi bertan behera utzi dituzte eta Loiun ere sei hegaldi utzi dituzte bertan behera.