NAIZ
GASTEIZ

Eguzki plakak instalatzeari ekin diote Errekaleorren

Iragan ekainean abiatutako crowdfunding kanpainan bildutako 110.000 euroei esker, 270 eguzki plaka instalatzeko prozesua abiatu dute Errekaleorren, hau «Euskal Herriko irla energetiko handiena» bilakatze bidean jarriz.

Errekaleorreko kideak, eguzki plakak instalatzen. (NAIZ.EUS)
Errekaleorreko kideak, eguzki plakak instalatzen. (NAIZ.EUS)

Eguzki plakak instalatzeari ekin diote Errekaleorren. Hedabideei helarazitako prentsa ohar batean, azaldu dute «gogor» aritu direla lanean azken hilabeteetan, «energia instalazioaren diseinua fintzen eta beharrezko guztia lortzen; jadanik lehenengo plakak instalatzen ari gara hegoaldera begiratzen duen frontoiko paretan».

Behin instalazio orokorra amaituta, 70KW-eko ekoizpena izan dute Errekaleorren, eta sistema guztiz autonomoa izango da. Guztira 270 plaka instalatuko dira, eta bakoitzak 260W produzitu ditzake bere maximoan.

Eguzki plaka guztiak bere lekuan kokatu ondoren, energia hori biltzeko zirkuitua osatuko dute, bateria sistema handi batekin eta argindarra amankomuneko guneetara eta etxeetara bidaltzeko inbertsoreekin.

«Lana dugu oraindik aurretik», adierazi dute Gasteizko auzoko kideek. «Handia zen geure buruari jarri genion erronka, eta helburua lortzetik oso gertu gaude: Errekaleor Euskal Herriko irla energetiko handiena bilakatzea».

Sei hilabete beteko dira laster Gasteizko Udalak «indarrez inposatutako iluntasunetik», eta gisa honetan erantzun du Errekaleorrek: «Jendearen babesa eta elkartasuna izan dira energia burujabetzarako bidean jauzi izugarri hau ematea ahalbidetu dutenak; 110.000 euro lortu genituen ekainean abiatutako crowdfunding kanpainari esker».

Azpimarratu dute Errekaleor «bizirik eta argitsu» mantentzea jende ugariren «nahia» dela argi geratu dela beste behin ere.