NAIZ
GASTEIZ

Gripearen aurkako kanpaina adinekoei zuzenduko zaie bereziki

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina abian da Nafarroan eta EAEn urriaren 23tik abenduaren 23ra egingo da. Iaz, 65 urtetik gorako pertsonen artean, hamarretik lauk txertorik hartu ez zuela kontuan hartuta, aurtengo kanpaina eta mezua adinekoei zuzentzen zaiela jakinarazi du: «Gripearen aurrean, ez indartsu plantarik egin. Hartu txertoa».

Griparen aurkako txertaketa kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. (IREKIA)
Griparen aurkako txertaketa kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. (IREKIA)

Darponekin batera, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendari Andoni Arcelay doktorea eta Adikzio eta Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsoro doktorea izan dira Gasteizen egindako aurkezpenean.

Aurtengo kanpainarako 400.000 txerto daudela jakinarazi du Osasun sailburuak, eta kopurua handitu daitekeela, beharrezkoa izanez gero. Ildo horretan, 1.200.000 euro inbertitu dira txertoak erosteko. Txertoa osasun zentro guztietan egongo da eskuragarri datorren astelehenetik, 65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoak dituztenentzat –besteak beste, diabetesa, BGBK, kardiopatiak, giltzurruneko gaixotasuna eta abar– eta haurdun dauden emakumeentzat, hala nahi badute.

«Txertoa hartzea pertsonen, erakunde arduradunen eta osasun langileen erantzukizun ekintza da», esan du Darponek. Izan ere, iaz, 65 urte gorako pertsonen artean, hamarretik lauk ez zuen txertorik hartu. Hori dela eta, aurtengo kanpaina eta mezua adinekoei zuzentzen zaie: «Gripearen aurrean, ez indartsu plantarik egin. Hartu txertoa».

Osasun sailburuak gogoratu du txertoak arazoak eta konplikazioak saihesten dituela, eta jakinarazi du pasa den denboraldian ospitaleratu behar izan zituzten 229 gripe kasu larri erregistratu zirela. Horrela, 31 pertsona hil ziren, eta hildakoen %47k ez zeukan txertoa jarrita, gripearen aurkako txertaketa kanpainan jaso diren arrisku taldeetan egon arren.

Gripearen txertoa «segurua eta eraginkorra» dela ziurtatu du Darponek, eta ia ez dagoela kontrako eraginen susmorik. Halaber, esan du konposizioa, urtero, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) iparraldeko hemisferiorako aurreikusitako anduietara egokitzen dela.

Modu honetan, txertoa hartzeko, 65 urteko edo gehiagoko pertsonek, gaixotasun kronikoa dutenek eta haurdun dauden emakumeek ohiko osasun zentrora osasun txartelarekin joatea besterik ez dute. Hala ere, komeni da aurretik telefonoz deitzea, txertaketa ordutegien berri izateko, eta malguak eta kanpainara egokituak izango diren jakiteko.

Osakidetzak kontingentzia plana dauka jada eta, horren bidez, behar diren baliabideekin eta antolaketarekin aurre egin ahalko die gripearen epidemiari, batetik, eta neguan zentroetan izaten den maiztasunari, bestetik. Helburua paziente guztiei ahalik eta normaltasun gehienez arreta ematea da. Aurreko urteetan bezala, gripearen eta eskuragarri dauden laguntza-baliabideen zaintza epidemiologiko zorrotza egingo da.

Irudia eta estrategia

Kanpainarako, Osakidetzako ospitaleetako eta osasun zentroetako fatxadetan, eta autobus eta metro geltokietan olanak jarriko dira, eta prentsa idatzian eta digitalean, telebistan, irrati iragarkietan eta Osasun Sailaren web orrialdeetan ere agertuko da.

Gainera, aurten, lehenengoz, gizarte osora heltzen saiatuko da, eta ez bakarrik arrisku taldeetara. Horrela, kalean milaka liburuxka banatuko dira, gripearen aurrean babesteko eta pertsona ororentzat, arrisku taldekoak izan ala ez izan, interesekoak diren neurri higienikoei buruzko informazio errazarekin eta oinarrizkoarekin. Mezu horiek irrati, egunkari, osasun zentro eta anbulatorioetan, Osakidetzaren web orrian eta Osasun Sailarenean eta beste hainbat tokitan ere errepikatuko dira.

Horrela, gizarte osoari gogoraraziko zaio garrantzitsua dela prebentzio neurri gisa: erabiltzeko eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea, eztula edo doministiku egitean, ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea, eta eskuak urarekin eta xaboiarekin sarri garbitzea.

Gainera, Osasun Sailak eta Osakidetzak eskuragarri dituzten baliabideak jarriko dituzte erabilgarri, gripearen aurkako txertaketa kanpainan parte hartzeak duen garrantziaz informatzeko eta kontzientziatzeko. Horrela, profesionalen osasun batzordea indartuko da lehen mailako arretan eta ospitale eremuan, txertoa hartu nahi duenak erraz eta modu eskuragarrian egiteko bide emango da, eta telefonoz, gutunez eta Beti On laguntza zerbitzuaren bidez jakinarazi eta gogoraraziko da txertoa hartzeko beharra.

Halaber, gripearen aurkako txertaketari buruzko mezuak sartuko dira osasun zentro eta anbulatorioetara egiten diren telefono deien itxarote moduetan, kanpainaren irudia eta mezua sartuko dira alta txostenetan, hitzordu dokumentuetan, mezu elektronikoen oin oharretan eta zentroetan dauden informazio monitoreetan, eta arreta berezia eskainiko zaie haurdun dauden emakumeei.