@arianekamio
Usurbil

Hamaika kantu moldaturekin osatu du Joseba Tapiak ‘Besamotzak’ diskoa

Ia azken hogei urteetan sortu dituen kasik ehun kantuen artetik hamaika abestiren aukeraketa eta moldaketa eginda egituratu du Joseba Tapiak ‘Besamotzak’ disko berria, taldean eta elektronikatik gertu hezur-mamitutako proiektua.

Joseba Tapia, ‘Besamotzak’ diskoaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Joseba Tapia, ‘Besamotzak’ diskoaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Apoaren edertasuna’ (1998) izan zen bakarkako bidean Joseba Tapiak kaleratutako lehenengo diskoa, orain ia hoegi urte, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin batera osatua. Gerora etorri ziren ‘Québec. Hamar kantu independentziarako’ (1999), ‘Agur Intxorta maite’ (2001), ‘Real politik’ (2006), ‘Eta tira eta tunba’ (2010) eta ‘Tximela kapitainaren izarrak’ (2013), bakarkako bide batean.

Duela urtebete inguru proiektu berria aurkeztu zuen Tapiak, Besamotzak taldea, hain zuzen. Gitarra elektrikoari protagonismo handiagos emandako astindu bat, bere bakarkako diskoetako kantuak ahaire berriz jantzi izan dituena. Orain artean zuzenean bakarrik aritzeko egitasmoa zen Besamotzena, baina taldearekin egindako moldaketak disko berri batean jasotzea erabaki du musikariak.

Tapia eta Leturia Banden gogo zirikatzaile eta jostalariaren aztarnak antzeman daitezke diskoan, zeinean estilo eta soinukera diferenteak ezkontzen diren lotsarik gabe: pasodobleak eta reggae doinuak, ska eta rock fusioa, fandangoak eta countrya...

Rockaren heterodoxia ordezkatzen du Joseba Tapiak. Bogan dagoen sofistikaziotik urrun, herrikoitasunari eutsi eta disko bizi, dantzagarri eta ezberdina egin du. Bere sormen eta musika senaren beste adibide bat da ‘Besamotzak’. Indargarri bat zaputzaren aurka.