Julen Kaltzada hil da

Julen Kaltzada apaiz, irakasle eta militante abertzale antifrankista hil da, 82 urte zituela. Joan den astean aurkeztu zuen ‘Umezurtzaren aberria’, Euskal Herrian azken zortzi hamarkadetan gertatutakoak biltzen dituen bere azken lana. Larunbatean izango da haren aldeko hileta, Busturiko Andra Mari Elizan (17.00), eta ondoren familia eta lagunek antolatutako ekitaldia egingo dute.

NAIZ|2017/11/13 12:43|11 iruzkin
Julen-kaltzada
Julen Kaltzada joan den ostegunean, bere azken lana aurkezten. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Julen Kaltzada ospitalean hil da gaur, 82 urte zituela, NAIZek jakin duenez. Busturian jaio zen 1935eko uztailaren 18an; bere aita fusilatu egin zuten 1937ko abuztuan, eta hori gogora ekarriz hasten du, hain zuzen ere, bere azken lana: ‘Umezurtzaren aberria’, joan den ostegunean bertan Bilbon aurkeztu zuena, Txalapartaren eskutik.

Kaltzadaren apaiza izan zen eta frankismoaren aurkako borrokan burubelarri ibili zen eta horregatik hamabi urtez espetxean izan zen. Zamorako presondegian izan zen, beste hainbat euskal apaizekin batera.

Burgosko prozesuan, 1970ean, epaitu egin zuten beste hamabost lagunekin eta 1977ko amnistiarekin berreskuratu zuen askatasuna. Horren ondoren AEKn sartu eta buruetako bat izan zen. Korrikaren sortzaileetako bat ere izan zen busturiarra.

Bere azken lanean Euskal Herrian azken zortzi hamarkadetan gertatutakoak ekarri zituen gogora, umezurtz baten ikuspegitik, denak garai gogorretako kontuak: familia, baserria, gaztaroa, kartzela, Burgosko epaiketa, ‘Egin’ egunkariaren sorrera, AEK eta Korrikako pasarteak...

200 lagunen baino gehiagoren auzo-diruarekin editatu da lana, eta Kaltzadak berak 82 urte bete berritan jakin zuen argitalpenaren berri, antolatu zuten bazkarian erakutsi ziotelako liburua izango zena, joan den asteko agerraldian azaldu zutenez.

Duela hiru urte, Maria Servini epaile argentinarrak frankismoaren aurkako krimenak ikertzeko abiatu zuen auzian deklaratu zuten Kaltzadak eta bere arreba Elisak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK