Amalur ARTOLA
DONOSTIA

‘Gorraizea’ diskoa aurkeztu du Xabier Montoiak

Orain sei urte ‘Montoiaren mundu miresgarria’ diskoarekin irekitako zidorretik dator ‘Gorraizea’. Orduko hartan txeloari presentzia ematea erabaki zuen musikari gasteiztarrak eta, oraingoan, hari laukotea eta pianoa izan ditu bidelagun.

Xabier Montoiak ‘Gorraizea’ diskoa aurkeztu du gaur. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Xabier Montoiak ‘Gorraizea’ diskoa aurkeztu du gaur. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Montoiaren mundu miresgarria’n (Gaztelupeko Hotsak, 2011) hartutako bideari lotuta dator ‘Gorraizea’, Xabier Montoiaren disko berria. Orduko hartan, Ibon Rodriguezekin eraikitako harreman estu eta ideia trukeen ondotik lehen aldiz txeloaz jantzi zituen abestiak Montoiak. ‘Gorraizea’n, bide berrean urrats bat gehiago emanda hari laukotea eta pianoaz ondu ditu kantuak.

«Beti ibili izan naiz baxua-gitarra-bateria, formatu estandar horretan. Aurreko diskoan horretatik urrundu nintzen itotzen ari nintzelako, arnasa hartzeko beharra sumatzen nuelako. Horrela iritsi naiz hona», azaldu du gaur goizean Donostian egin duen aurkezpenean, eta zehaztu du aurreko diskan txeloari presentzia handiagoa ematea erabaki zuen unetik zuela gogoa hari instrumentuekin jolasteko: «Hitz egina nuen hori, hurrengoan zabalduko genuela hari instrumentuen presentzia. Hasera batean orkestra bat nuen buruan baina hori oso zaila da eta geratu zen laukote honetan».

Orduan, orain sei urte, konposatuak dira ‘Gorraizea’ osatzen duten hamar abestiak baina, zailatasunak zailtasun, aurtengo udaraino luzatu da proiektua: «Erreza dirudiena konplikatu egiten da batzuetan... Geroztik ez dut kanta bakar bat idatzi. Hauek burutik kendu arte ezin dut», esan du. Diskoa Fredi Pelaezen Beasaingo Pottoko estudietan grabatu du Itziar Lertxundi (txeloa eta ahotsak), Monika Peino (biola), Leire Pikabea (biolina), Ibon Rodriguez (pianoa, gitarra, ahotsak eta konponketak) eta Xabier Zeberio (biolina) musikariekin batera.

Kantuetara bere «ohiko obsesio batzuk eta baita berriagoak ere» eraman dituela azaldu du, tartean denboraren joana, oroimena, maitasuna edota adiskidetasuna, eta Réaun preso duen lagunari ere eskaini dio kantu bat: «Ez dut sekula halako abestirik egin. Unea iritsi da».

Zuzenekoen gainean «agian udaberri aldera» kontzertuak emango dituela esan du: «Buruan badut nahi nukeen formatuaren gaineko ideia bat, baina gauza bat da nik nahi dudana eta bestea izan daitekeena. Eta normalean ez datoz bat».