NAIZ
Usurbil

Usurbilen gastroenteritis kasuek behera egin badute ere, Udalak prebentzio neurriei eutsiko die

Usurbilen gastroenteritis kasuek behera egin duten arren, Udalak prebentzio neurriak mantenduko ditu. Lakuako Osasun Sailak azaldu duenez, Norwalk birusa dago agerraldiaren jatorrian baina onbera da eta egun gutxiren buruan desagertzen da.

Gastroenteritis brote handia, Usurbilen. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Gastroenteritis brote handia, Usurbilen. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Lakuako Osasun Sailak oharra kaleratu du Usurbilen sortu den gastroenteritis agerraldia dela-eta. Baieztatu duenez, norobirus edo Norwalk birusa dago herriko bizilagun ugarik izan dituzten kasuen jatorrian. Birusa onbera dela eta egun gutxiren buruan desagertzen dela azaldu du. 

Norobirus agerraldiak komunitate «itxi edo erdi itxietan» ematen dira Osasun Sailaren arabera, eta pertsonen artean erraz transmititzen dira kutsatutako jaki, ur beltz edo pertsonen kontaktuaren bidez.

Osasun Saila, Udaleko eta Añarbeko Urak erakundeko teknikariak ikertzen ari dira ura nola kutsatu den eta gastroenteritis agerraldia zerk eragin duen.

Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, behin betiko emaitzak astelehenerako espero dituzte. Horretarako hainbat analisi epidemiologiko egin dituzte, baita kultiboak hartu ere.

Egoerak hobera egin du azken orduetan, kasuak gutxitzen ari dira-eta nabarmen. Ikastolan, esaterako, asteartean gaixo zeuden 180 haurretatik 60ra jaitsi dira. Hala ere, prebentzio neurriak mantentzea hobetsi dute, Udalak iturriko ura ez edatea gomendatu die bizilagunei.

Bide beretik, Jon Darpon Lakuako Osasun sailburuak «seguruenik» urarekin zerikusia izango duela esan du. Horregatik, ura botiletatik edateko gomendia egin du. Nabarmendu egin du gastroenteritis kasuak ez direla oso larriak izan eta inork ez duela gaua ospitalean pasa behar izan.

Adierazi duenez, Usurbilek «zonalde konkretu batetik» kontsumitzen du ura, inguruko herriek kontsumitzen duten leku ezberdin batetik. Hala ere, «ez espekulatzeko beharra» azpimarratu du. Gainera, Usurbilen bertan bi leku ezberdinetatik kontsumitzen dute ura eta bi zonaldeetako bizilagunak gaixotu dira.