NAIZ
IRUÑEA

Gatazkaren konponbidean presoak etxeratzearen alde mobilizazioa egingo da Iruñerrian

Sortu, Ernai eta LAB antolakundeak biltzen dituen Kalera Kalera dinamikak gatazkaren konponbidean aurrera egiteko presoak etxeratzeko aldarrikapenarekin mobilizazioa deitu hilaren 30an Iruñerrian.

Kalera Kalera dinamikaren agerraldia gaur Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Kalera Kalera dinamikaren agerraldia gaur Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

«Iruñerriko auzo eta herri ezberdinetan hazi, hezi eta bizi garen herritarrak gara. Proiektu eta errealitate ezberdinetatik gatoz; haiek denak deserria edota espetxea ezagutzera eraman dituen ortzi-muga beraren alde lan egiten dugu guk ere, gizarte hau eraldatu nahi dugulako. Auzolanean sinesten dugu, herri lanean; elkartasuna eman eta jasotzen dugu. Urte luzetan maitasuna elkarbanatuz bizitzen eta ataka gogorrei gogortasunez aurre egiten ikasi dugu, irakatsi digute», adierazi dute Ikerne Indakoetxeak eta Jorge Olaizek Kalera Kalera dinamikaren izenean.

«Euskal preso eta iheslari politikoak bakea eraikitzeko ezinbestekoak izanik, haien ekarpen oso burutu ahal izateko etxean behar ditugulako. Berriro diogu: kalean, etxean behar ditugulako», nabarmendu dute hllaren 30eko mobilizazioaren zergatiak azaltzeko orduan.

«Ozen oihukatuko dugu, barroteak urtzeko bezain ozen, elkartasuna azken ziegaraino heltzeko bezain ozen, eta giltzarrapoa irekiko duen giltza dutenek entzuteko bezain ozen», gaineratu dute.

Mobiliazazioak hiru zutabe izanen ditu: Askatasuna, Duintasuna eta Elkartasuna. Askatasuna zutabea 17.15ean abiatuko da Arrotxapeako Gaztetxetik, 17.30ean Antsoaingo Kaputxinosetik, 17.45ean Txantreako Larekiko biribulgentik eta 18.15ean Labrit frontoitik igaroko da. Duintasuna zutabea 17.15ean Atarrabiako Katetik abiatuko da, 17.30ean Burlatako Askas plazatik eta 18.00etan Seminariotik igaroko da. Elkartasuna zutabea 17.15ean Barañaingo Limitetik abiatuta, 17.30en Golem zinemetatik eta 18.00ean Singular eraikinetik pasako da.

Hiru zutabeek Iruñeko Autobus Geltoki Zaharrean bat egingo dute eta bertatik Iruñeko erdiguneko kaleak zeharkatuko duen manifestazioa abiatuko da.