Amaia Ereñaga
sAINT HELENA UHARTEA

Napoleonen arroka madarikatu hura

1815ean, zehazki otsail eta urria artean, Napoleon Bonapartek zerua eta infernua ezagutu zituen. Otsailean, Inperioa berreskuratzeko nahiak bultzaturik, Elba uhartetik ihes egin zuen. Zortzi hilabeteren buruan, behin betiko atzerrirako bidea hartu behar izan zuen, Waterlooko batailan britainiarren aurrean amore eman ondoren. Atlantikoan galdutako irla batean pasatu zituen bere azken sei urteak, baina Napoleonek hain gorroto zuen Saint Helenak ez du, ordea, enperadore eroria gorroto: Saint Helenak mundua erakarri nahi du bere kostalde malkartsura Napoleonen laguntzarekin.

Napoleon Bonaparte I.a enperadore frantsesaren (1769-08-15, Ajaccio; 1821-05-05, Saint Helena) azken bizilekuaren patua aldatzear dago. Horren esperoan daude, bederen, uharte galdu eta txiki honetan bizi diren 4.250 lagunak, 2016aren otsailean Saint Helenako lehenengo aireportua irekiko baita. Gaur-gaurkoz, uharte bolkaniko honetara iristeko dagoen garraiobide bakarra Lurmutur Hiritik hiru astean behin abiatzen den “RMS ST Helena” itsasontzia da; eta, hori gutxi izango balitz, osatu beharreko 3.100 kilometroak egiteko bost egun –eta beste horrenbeste itzultzeko– behar ditu. Beraz, hegaldien etorrerarekin munduko ateak zabalduko zaizkielakoan daude giro lasai eta nagiko irla txiki honetako biztanleek. Hego Atlantikoan galdutako uharte bolkaniko honetan hauek egun bereziak dira oso, aurten 200 urte betetzen baitira –datorren urriaren 15ean, zehazki–, Ingalaterratik eta 65 eguneko bidaiaren ostean, gorputzez txiki baina ospez –eta harrotasunez– handia zen erbesteratu bat iritsi zitzaienetik. Ordutik Napoleonen itzalpean bizi izan da uhartea... nahiz eta Napoleonentzat berarentzat Saint Helena «arroka madarikatu bat» baino ez zen izan.


Kafe usaineko uhartea. Kafezale esnob horietako batek zenbat ordainduko luke Saint Helenan landutako kafe aleekin egindako edabea dastatzeagatik? Asko –gehiegi– segur aski, XIX. mendean Yemenetik ekarritako bourbon arabiar berdea motako landareek ematen dituzten aleekin munduko kaferik gozoenetarikoa egiten delako... baita garestienetakoa ere; gaur egun kiloa 160 euroan baitago. Hau da, munduko hirugarren kaferik garestiena da. Uharte britainiarrekiko urruntasunak, duela 300 bat urte East India Co.k –Ingalaterrako konpainia erraldoiak– bertan landatutako kafearen ondare genetikoa babestu du.


Ekuatorean dago, baina klima anitza du irla honek, eta hori onuragarria da oso kafea landatzeko. Hego Atlantikoan galduta, Afrikatik 1.200 miliara eta Brasildik 1.800 miliara kokatuta, kontrastez beteriko paisaia aurki dezakegu hemen: ur gardenez bustitako belardi eta mendi berdeetatik harkaitz bolkanikoetara pasa gaitezke. Txikia da, hala eta guztiz ere –Manhattan baino txikiagoa; 91 kilometro koadro ditu– eta bertan ez zen jenderik bizi, 1645ean lehenengo kolono nederlandarrak heldu ziren arte. Aurretik Joao da Novak, 1502an, Portugaleko Koroarentzat bereganatu zuen uhartea, baita Saint Helena izenez bataiatu ere; baina, ingelesek, beren betiko ohiturari jarraituz, XVII. mendean destakamentu bat ireki eta Jamestown gotorlekua eraiki zuten, gaur egun uharteko biztanle gehien duen gunean. Garaian Saint Helena «interesgarria» egiten zitzaien, Indiarako geldialdi estrategikoa zelako Suezko kanala zabaldu aurretik. Gaur egun, administratiboki Erresuma Batuko Itsasoz Bestaldeko Lurraldea da, Ascension Island, Tristan da Cunha eta Diego Alvares irlekin batera.
Eta zein izan zen Saint Helenako kafezalerik ospetsuena? Napoleon, nola ez, atzerriak eman zion «gauza on bakarra» bertako edabea izan omen zelako.


Napoleonen «infernua». Aurretik gutxik ezagutzen zuten arren, uharte britainiarra mundu osoan ospetsu bilakatu zen Napoleon Bonaparteren erbeste eta hilobi bihurtu zenean. Baina bertan emandako urteak ez zitzaizkion atseginak suertatu Korsikan jaiotako militar handiari, bere ahaideek «infernura egindako bidaia» bezala deskribatu ohi zutelako bertan eman zituen sei urteak. Waterlooko batailaren ondoren eta bere burua bigarren aldiz abdikatzera behartuta ikusi zuenean, ingelesen aurrean errenditu zen Napoleon I.a, agian haiek tratu bihozbera emango ziotela pentsatuz. Ez zitzaion burutik pasatu bere garaileek atzerrira bidaliko zutela, Europatik ahalik eta urrunen, bere bigarren itzulera erabat galarazinahian.


Napoleon Bonaparte 1815eko urriaren 15ean iritsi zen Saint Helenara, ia bi hilabeetako itsas bidaia egin ondoren, eta hasiera batean Jamestowneko Briars pabiloian sartu zuten, hiriburuaren ondoko mendixka batean. Bi hilabeteren buruan, Longwood-era eraman zuten, hots, irlaren zentroan kokatutako ordoki umel batean dagoen etxe batera, non soldadu ingelesek erraz zain zezaketen. Hudson Lowe gobernadorearen jarrera zorrotzak –Napoleonen zaleek «iraintzat» joko zituzten hark esandakoak– Longwooden emandako urteak markatu zituzten. Antza, Lowek «Buonaparte jenerala» deitzen omen zion etengabe.


Napoleon bere baitan itxi zen eta kanpoarekin zituen lotura guztiak hautsi zituen. Saint Helenan Frantziako gorte inperiala, bere etiketa eta guzti, mantendu nahi izan zuen, baina ezinezkoa egin zitzaion arratoiez betetako etxe zahar hura amesgaizto bihurtu zitzaiolako hastapenetik. Bere atezainek beste etxebizitza bat eraiki zioten, baina alferrik, Napoleon hil baino bi hilabete lehenago bukatu zutelako. 52 urterekin hil zen Napoleon, aspertuta eta hisiak janda, agonia luze baten ondoren urdaileko minbizi baten ondorioz. Jamestowneko artxiboetan Saint Helenan zendutakoen erregistroa kontsulta daiteke. Eta 1821eko maiatzaren 9an zera irakur daiteke: «Napoleon Buenaparte, Frantziako enperadorea izana; hilaren 5ean hil zen Longwood etxe zaharrean eta Richard Torbetten jabetzan lurperatua izan da».


Itzulera eta garai berriak... edo. 1840an, Louis Felipe erregea zenean, Napoleonen gorpuzkia aberriratu eta, ordutik, Pariseko Les Invalides-en gordetzen da. Saint Helenako Longwood etxea eta hilobiko lurrak Frantziako Gobernuari saldu zizkion Viktoria erreginak 1858ean. Hilobi huts hura, ordutik, pasealeku bukolikoa bihurtu da «Geranioen harana» izenez ezagutzen den tokian, eta haraino gerturatzen dira mundu osoko nostalgikoak. Hilerrian ez dago inolako inskripziorik, ingeles gobernadoreak «Buonaparte» gehitu zezaten eskatu baitzien enperadorearen lagunei. Hauek «Napoleon» xume bat jarri nahi izan zioten, ordea.


Michel Dancoisne-Martineau-k, Saint Heleneko ohorezko kontsul frantziarrak, Napoleonen istorioarekin lotura sentimentala duela esan daiteke. Frantses bakarrenetarikoa gehiengo britainiarreko irla honetan, Dancoisne-Martineau Longwood House berritzeko proiekturen bultzatzailea izan da... eta unerik onenean, Johannesburgotik astero iritsiko den hegaldiaren hasierarekin, Saint Helenako turismoak sekulako bultzada izango duelako seguruenik. Zaharberritzeko lanetarako guztira 1,4 milioi euro erabili dituzte, erdia frantses Gobernuak emanda, beste erdia Napoleon Elkarteak nazioarte mailan egindako kanpaina bati esker jasotakoa. Halere, bere poltsikotik ordaindu izan ditu hainbat lan, teilatuaren konponketa kasu, «amodioz egindako proiektu bat» dela aldarrikatzen baitu.


Zaharberritze proiektu honen karietara, Dancoisne-Martineauk 32 altzari pieza bidali berri ditu Frantziara. Les Invalides-ek –Parisen Napoleonen hilobia gordetzen duen Frantziako gune militarrak– pieza horiek, luxuzko beste artikuluekin batera, erakutsiko ditu enperadorearen erbestealdiaren berrehungarren urteurrenaren inguruan egingo den erakusketa handi batean. «Jendea gurera Napoleonengatik etortzen da», dio Mark Capes, Saint Helenako gobernadoreak. «Uhartearentzat Napoleonen ondarea oso garrantzitsua da, Saint Helenaren historiaren zati bat delako».


Itsasontzi batean. Bost egun joateko, beste hainbeste itzultzeko. “RMS St Helena”-k, 1989an Aberdeen-en (Eskozia) egindako itsasontziak, salgaiak eta 158 bidaiari garraiatzen ditu. Apirilaren 16ra arte luzatuko diren itsasaldiak nostalgiaz tindatuko dira, aurki batere erromantikoagoa ez den hegazkin batek lekukoa hartuko diolako lasaitasunez eta xarmaz Atlantikoa zeharkatzen duen kargaontzi honi. Lurmutur Hiritik atera eta Saint Helenera iristerako 3.100 kilometro osatzen ditu bost egunean, 15 korapilotako abiaduran (28 km orduko), urtean 17 aldiz. Gehienetan Ascension izeneko uharteraino jarraitzen du.


«Bidaiarien erdiak turistak direla esango nuke, orain arte %10 besterik ez ziren bitartean», dio John Hamiltonek, bidaian «denetarako gizona» denak. «Aurki itsasontziaren bidaiak bertan behera geldituko dira eta jende askok, desagertu aurretik, bidaia hau egin nahi izan du. Gu azken Royal Mail Shipa gara eta gure desagerpenak garai baten bukaera suposatuko du». Armadoreak hamar bat gela gehitu behar izan dizkio itsasontziari. Eta 2016ko apirilaren ostean zer? Albiste txar bat, antza denez, desegin egingo baitute.