GALDER PEREZ
IRITZIA

Odolbakoak!

Duela hogei urte inork gutxik sinetsiko zukeen kalean, trenean eta mendian egunero telefonoari pega-pega eginda biziko ginenik. Odol handien kontua zelakoan geunden. Odol handiak, odol gorria izaten ez dutenak omen dira, eta herria, ordea, ba omen da, gorri bezain herri. Baina, batez ere, gadget guztien menpeko larri.

Eguneroko odol-fluxuari eta gigabyteen joan-etorriari esker herriak arnasa hartzen du. Inkontzienteki sortzen du bizitzarako ezinbesteko jarduera, globulu gorri eta wifi-uhin artean. Banpiroa iritsi zen arte, jakina. Izaki fantastiko eta bakarra zelakoan argazkia atera genion. Baina, sakelako telefonoen aukerak bezala, banpiroak biderkatu egin ziren.

Banpiroek gerturik geneukan odola bere alde eraman zuten, eskaintza berriak egin zizkiguten eta pozarren sinatu genuen kontratua. Odol berria sortu zen flamenkoa dantzatzen zuen emotikonoaren zainetatik.

Sagar dantza exekutatzen duenaren irudia ikurrinarekin batera iritsiko da guatxapera apika. Odol egin berri hura, ez da soinekoa bezain gorri, ez antzinakoa bezain lodi. Odol hotzean, eskubideak xurgaturik, eta, ohartu gabe, zonbi bilakatu gara.

Azkarregi doan odol-galtze etengabean bizi gara. Dagoeneko ez zaigu batere arraroa suertatzen adimen artifizialaren kontzeptuarekin bizitzea. Datorren igandean gidaririk gabeko autoetan joango gara mendira, tontorreraino agian. Atzo bertan utzi genion herriko iturrietatik etxera ura eramateari. Eta bihar robota izango dugu bulegoan kide, ondoko mahaian eserita, tailerrean aldamenean lanean edota tabernan ondoko mahaian musean jolasean.

Horregatik, robotek musean tranparik egin ez dezaten, Europar Batasunak legeztatu egin nahi ditu. Robotek ez dute tranparik egiten, haiek sortzen dituztenek bai, ordea, aberatsa aberatsago izateko helburu dutela. Ziria sartuko digute hala ere, gizarte segurantza ordainduko dutelako ipuinarekin beharbada.

Ondo pentsatuz gero, halako odol gabekoekin bizitzera aspaldi ohituta gaude. Gure inguruko agintariek, esate baterako, ez dute inolako fintasunik eta odolbako hutsak dira. Beraz, zaharrak berri, atzotik jakin badakigu maldan behera eta abiadura handian hondora goazela.

Onar dezagun, bizitzeko eta jarduteko odolik behar ez duten pertsona elektronikoak zulo beltzean eror gaitezen azken bultzadatxoa ematera baino ez dira etorriko. Bultza gaitzatela goxo sikiera, berrogei argi urtera bada ere.