Alaia Martin
IRITZIA

«Eginertzia»

Hautatzaile on gutxi ezagutzen ditut, eta asko miresten ditut gutxiak. Egiari zor, gero eta alergia handiagoa sortzen didate lezio emaileek, neure burua barne, lezio ematen harrapatzen dudanean. Hargatik, zehaztu nahi dut hautatzaile ona zein on mota den. Aukeratzeko erraztasuna duen jendeaz ari naiz, ez «ongi» aukeratzen dutenez, ongi aukeratzen duenak, eta x begiradaren arabera ongi aukeratzen duenak, bolada baterako erabakiko lukeelako izatekotan ongi, betirako ongi erabakitzerik ez baitago.

Miresten ditudan horiek beren bizitzari buruz hartzen dituzte erabakiak. Gai dira pentsatzeko, aurrez sentituta. Pentsatu bakarrik egiten dutenek ez baitute aintzat hartzen sentimenduek emandako zer pentsatua. Horiek –kolore guztietakoak izan daitezke–, gai dira, eta nahi dute. Konfort eremuaren azpiko fakir-oheak begiratzeko ausardia dute, eta hatza iltze gainean jartzeko gauza dira, odol anpulutxo bat aterarazi eta ahoan sartzeko. Odolaren zaporea gogoratzeko.

Ez erabakitzeko argudio ona da erabaki ondorengo gertaerak aurreikusteko gaitasun absoluturik eza. Eta ez erabakitzea da beste erabaki bat, beste edozein erabaki bezain erabaki. Ez erabakita ere gertaerek zein bide zirriborratuko duten jakiterik ez dago, baina gutxienez, ardura kentzen digu horrek, hanka sartzeko aukera baztertzen dugu ez erabakita. Geure plano mental engainagarrian, noski, ardura ez hartzea baita lehen hanka sartzea, eta geure-geurea. Hanka sartzea, ateratzeko lehen pausoa ez ote den.

Zenbat alditan izan genezakeen zerbait erabakita geure baitako arkupeetan eta zenbat alditan egiten diguten oinek ihes, erabakiok plazara eramatear geundenean. Geure inguruko plazara, herrikora, edo geure ispiluaren plazara. Kontua ez da 10:23ean tabernan ardoa eskatzea duina den, edo hiru txokolate ontzatik laura edo lautik bostera dagoen gogotik antsietatera dagoen koxka, edo aski abegikor agurtu duzun aspaldi ikusi gabeko lagun kuttuna edo ez… norbera norbere jabe egiten duten erabakiez ari naiz.

Gaur zortzi datorrena, askori bost. Herri galdeketak egingo dira hainbat herritan. Txikitik handirako jauzia handiegia ez ote den entzun izan diot askori, eta ez dut zalantzarik; handia da. Handia izanagatik, baina, kontzientzia hartze baterako urratsa da, urrats guztiak bezain txiki, eta ezinbesteko. Ezin dugula sinetsita, izugarri ohituta baikaude saiatu ere ez egitera. Erraz esaten dugu ez duela ezertarako balio, sekula probatu ez dugunak. Inertziara ohituta gaude. Inertzia ezer ere ez egiteak sortzen duen indarra da. Indarretan indarrena garaiotan. Proba dezagun eginertziarekin.