2017/03/19

GALDER PEREZ
Zortzi da 8
Zortzia konfliktoa da. Musean hainbeste jolastu duen herri honek badaki kartetako zortzigarrena sota dela, soldadua. Zortzigarren lurraldea Euskal Herriarentzat munduan zehar banatuta dauden herritarrak dira.

Iraultzak alaia izan behar duela esateak harrotu egiten gaitu. Alaia eta irrizkoa den erreboltarekin amets egiten dugu. Amets gehienekin bezala, baina, gero praktika gutxi. Azken asteetan, barrearekiko sekulako zailtasun sozial eta politikoak ditugula ikusi dugu, kalean baino gehiago, komunikabideetan. Barreari errazegi jartzen zaio debekua, eta moralak berehala isilarazten ditu hitz umoretsuak. Kritika alaiak, hortaz, hegoak motzak ditu, ala moztuta. Eta zer esango alaitasunaz.... Kontraesana badirudi ere, eskubide osoko pertsona alegerak desprestigiatzeko potentzia handiko tresna da alaitasuna bera. Gurpilean galduta doan gehiengoarentzat alaitasunak zilegitasuna galdu du.

Gure herrian, zorionez, badira salbuespenak, esaterako, bertsolariak. Izan ere, bertsoak oraindik sinesgarriak dira. Zortziko nagusian zein txikian. Berdin du umorez, zein poesiaz, zein ironiaz. Errespetatuak bai, baina bertsoak ez du dantza eragiten. Eta algarazkoa ez bada, dantzagarria izan bedi gure iraultza, faborez! Baina euskaldunok horretarako ere zailtasun etengabeak ditugu, dantzarako. Erritmoa galtzen dugu une oro gizarte honen martxan. Eta, bai, onar dezagun lotsarik gabe: ondo pentsatuz gero, gurea zortzikoak sortutako arazoa da: zortzikoaren gatazka konponezina. Zortzia konfliktoa da. Musean hainbeste jokatu duen herri honek badaki kartetako zortzigarrena sota dela, soldadua. Zortzigarren lurraldea Euskal Herriarentzat munduan zehar banatuta dauden herritarrak dira, eta inork ez die ezer galdetzen; nola, bada, bertakoek galdera baten bueltan bozkatzeko arazoa badugu? Eta zortzia beste hainbeste gauza da, izan da eta izango da. Baina batez ere, zortzikoa, zer eta gure herri musikaren adierazgarri nagusietakoa da. Hortik dator bada, zortzikoaren gatazka. Gure musika zaharraren oinarri asko mezatan, dianatan, martxa militarretan, erretretatan eta alardeetan dagoen bezala, zortziko goxoa, ai!, alaitasunerako, harrotasunerako eta maitasunerako tonua da... Galde diezaiotela bestela Luis Marianori, herrian bertan, gaitz latza izango balu bezala mespretxuz marikoi deitzen zioten horri. Irungo kantaria zortzikoa modernizatzen saiatu zen, edo. Galde diezaiotela baita ere zortzikoarekin herri dantza militarrak praktikatzen dituenari bestela, izan Sabino Aranak sutsuki promozionatu zuen ezpata dantza zein makila dantza. Mutil dantzak oro, jakina. A, eta Sabinok nahiko ez balu ere, baina bai, dantzarien artean ere marikoiak dira.

Bukatzeko, lagunok, badugu onartzeko garaia, eta agian, zergatik ez, barkamena eskatzeko ere. Dantzazko iraultza batentzat zortzikoaren aukerarekin huts egin genuen, herrikide maiteok. Horren ondorioz, etengabe aurkitzen ditugu aurrera ez joateko oztopo berberak. Ez atzera eta ez aurrera gabiltza, finik gabeko blokeo batean, zer eta zortzikoa aukeratzearen erruz! Hortxe gabiltza, iraultzaren kontrako dantza batean galduta. Pauso bat aurrera bai, baino gero badaezpada ere beti berriz atzera. Zortzikoaren neurri eta erritmoari beharrean, 8ari utzi diogu geure burua gobernatzen. Irteerarik gabeko iraultza zorabiagarrian bueltaka goaz, eskalextrik baten antzera. Eta horrela ibiltzen gara, galduz eta galduz gure aukerak, buelta bikoitzak eman nahi antzera, baina ez aurrera eta ez atzera.