Thomas Coex
the walled-off

Banksyk hotela ireki du hormaren itzalean

Banksy artistaren lana munduan famatua da, eta ezaguna da ere lan horretan erakutsi ohi duen konpromisoa eta kritika politikoa. Bere azken ekarpena ez da mural edo grafiti bat, Palestinan zabaldutako hotela baizik. Betleemen dago, Zisjordania inguratzen duen hesiaren itzalean, eta dagoeneko ireki ditu ateak. Ez dira gutxi izango The Walled-Off-en ostatu hartu nahi izango dutenak.

Banksy kale-artista ezagunak Palestinan abiatu duen egitasmo berria ez da mural edo grafiti bat, hotela baizik. Israelek altxatu eta Zisjordania inguratzen duen harresiaren itzalean eraikitako hotela, hain zuzen. The Walled-Off deitu dio, «harresitua», alegia, eta bertako logeletako leihoek murru israeldar horretara ematen dute, ostatua hartzen duten bisitariek ikus dezaten zer jasaten duten egunero-egunero bertako biztanleek.

«Hotel batek izan dezakeen ikuspegirik txarrena eskaintzen du», adierazi zuen artista britainiarrak prentsa ohar batean. Hotela Betleemen dago, eraberritutako eraikin zahar batean egin dute, eta dekorazioaren atalik garrantzitsuenak Banksyren esku geratu dira. Bere lana nonahi ikus daiteke.

Hala, hotelak dituen bederatzi geletatik zazpi Banksyk berak dekoratu ditu, eta beste biak artista kanadar eta palestinarrek. Eta emaitza, kasu guztietan, ikusgarria da. Burkoekin borrokan dabiltzan soldadu israeldarra eta borrokalari palestinarra, Armada israeldarraren dorre bat haur palestinarren jokaleku gisa erabilia, hormetan zintzilikatutako tiragomak eta Poliziaren kamerak, inora ez doan igogailua, pianistarik ez duen pianoa... artista britaniarraren irudimen mugagabeak lan paregabea egin du duela gutxi leku ilun eta zaharkitua zen eraikinean.

Edonola ere, hoteleko zuzendari Wissam Salsaak nabarmentzen du hau ez dela egitasmo artistikoa edo elkartasunezkoa bakarrik; hots, hotela benetakoa dela eta jada alokatu daitezkeen gelak dituela. Logela merkeenek 30 dolarreko tarifa daukate, gau bakoitzeko. 45 lagunek egiten dute lan bertan, denak palestinarrak. Salsaak aipatu duenez, hotelak elkarrizketa esparru ere izan nahiko luke, israeldarrak, palestinarrak zein munduko edozein txokotik heldutako lagunak beren egingo duten eremua. Hala, dagoeneko, Elton Johnek hoteleko tabernan pianoa jotzeko gonbidapena onartu du. «Nire musikak bezala, The Walled-Off hotelak gatazkan dauden lekuetako eta mundu osoko jende guztiari ongi etorria eskaintzen die», erantzun zion abeslari ezagunak Banksyren gonbidapenari.

Okupazioaren sinbolo bihurtua. Betleem Zisjordaniako C eremuan kokatuta dago eta, beraz, israeldar militarren kontrolpean dago erabat eta une oro. Hiriko zati handi bat harresiaren itzalean dago, eta betleemdarrek, beste herri askotako palestinarrek bezala, egunero ikusi behar dute porlanez egindako hormatzar hori. 2002an hasi ziren eraikitzen, Ariel Sharon agintean zela, eta bukatutakoan 712 kilometro izango ditu, Zisjordaniaren %85 inguratuz. Murru hori okupazio sionistaren sinbolo ezagun eta gaitzetsienetakoa bihurtu da nazioartean, eta protesta gune nagusi ere bilakatu da. Horren adibide dira bertan egindako irudi eta muralak.

Armadak eta Poliziak hesia gailu elektronikoekin kontrolatzen dute, baina, izatez, benetako hormatzarra da, porlanez egina. Duela hamarkada luze Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kanpokoa zela adierazi zuen, eta Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak eraisteko eskatu zion Israeli. Agintari israeldarrek, ordea, handitzen jarraitu dute. Hormak ez du bakarrik Zisjordania inguratzen, palestinarren lurrak ere «lapurtzen» ditu, eta zenbait tokitan 20 kilometro barneratzen da. Hamarkada luze hauetan euren lurraldea urritzen ikusi duten palestinarrentzat beste eraso bat da, Jerusalem ekialdean eraikitzen dituzten auzo eta etxebizitza berriak edo Zisjordanian bertan ezartzen dituzten koloniak bezala.

Palestinarren egoerarekin sentsibilizatuta. Banksy Betleemen izana da lehenago ere. 2007an egun batzuk eman zituen bertan nazioarteko beste zenbait artistarekin batera, isilpean gordeta, eta zenbait horma-irudi egin zituzten harresian bertan eta beste zenbait lekutan. Gainera, Betleemgo Jaiotzaren Elizaren aurrean sortutako behin-behineko galeria batean beren lana erakutsi zuten, eta jasotako diru guztia Palestinako haurrei eta ospitaleei laguntzeko eman zuten. Eta ez zen diru gutxi izan; zenbait margolanek ehunka mila dolarreko salneurria lortu zuten enkantean. 2005ean ere zenbait margolan egin zituen horma horretan, eta 2015ean, aldiz, Gazan izan zen.

Hotela aurten zabaltzea ez da kasualitatea izan, kale-artistak berak nabarmendu duenez, mende bat bete baita Britainia Handiak Palestinaren kontrola hartu eta eskualde osoa hankaz gora jartzen hasi zenetik.

Banksy, mundu osoan ezaguna izanagatik bere anonimotasuna zorrotz gordetzen duena, ez zen noski hotelaren irekiera ekitaldian egon, baina jakina da Palestina eta Israelen arteko gatazka eta harresia bera inspirazio iturri izan dituela behin baino gehiagotan, eta munduko grafitigileak Palestinara joatera gonbidatu ditu, hesia bertatik bertara ezagutu eta, noski, bertan horma-irudiak marraz ditzaten.

Egia esan, inor ez da harritu artista britainiarra egitasmo honetan murgilduta ikustean. Bere artelanak satira grafikoak izan ohi dira, politika, kultura eta etikari buruzkoak, batez ere. Bide horretan, egiten dituen irudiak umoretsuak izaten dira, eta mezua, gehienetan, gerra, kapitalismo edo establishment-aren kontrakoa. Irudi ohikoenak arratoiak, tximinoak, polizia, soldaduak, umeak eta edadetuak dira, eta horietako asko topa daitezke The Walled-Off hotelean.