Alaia Martin
IRITZIA

Karrakelak eta espazioa

Batzuek 1,63 neurtzen dute, eta beste batzuek 1,87. Horiek ez dute espazio bera okupatzen. Batzuek 56 kiloko pisua dute, eta 103koa beste batzuek. Horiek ere ez dute espazio bera betetzen. 1,63 neurtzen duten eta 56 kilo pisatzen duten bi pertsonak ere ez dute espazio bera betetzen.

Eser zintezke hankak zabal-zabal eginda, edo sugetuta. Aulki bat, edo bi okupatuz. Eser zintezke aulki izkinan, edo eser zintezke aulki osoa betez. Norbaiten belaunaren gainean ere eser zintezke, nahiz zirkulazioa eten.

Perfuma zenitzake hitzak zorabiatzeraino, aldamenekoari dezibelak lapurtu eta zure ahots kordei eman, elkarrizketaren espazioaren ertzak leundu eta beste norbaitek ahoa zabaltzen duenean, zuk ahoa zapaldu.

Edan zenezake ardo arabar bat, Arabatik hasita mundua konpondu, zeuk aukeratutako taberna bateko zure gustuko txoko erosoan, eta tabernako taburete bakarra zeure ipurdipean aparkatu, edo eskain zenezake taburetea, edo utz zenezake bost minutuz, hor, bakarti, begiraden aulki jokoaren arabera besteen premiak igartzeko.

Sar zintezke lantokian jendeari begietara begiratuz, ezpain-ertzak apur bat tontortuta, edo sar zintezke sartzeko eskubiderik ez bazenu bezala, begirada bularrean korapilatuta, hanka-puntetan.

Adieraz zenitzake ideiak kanporantz edo barrurantz. Beste norbaiti buruz ari denak edo bere buruaz beste norbait (pare bat aldiz hobea) balitz bezala ari denak besoekin kanporako keinuak egiten ditu, hedagarriak, gorilistikoak. Bere buruaz, edo parekoaren barne amaraunez ari denak, zentripetuago hitz egiten du, eskuekin espazio gutxiago osten dio aireari, behar duena hartzen du, behar ez duena, utzi.

Denok ez dugu denbora kopuru bera behar espazioa okupatzeko. Eremu berrietan, esaterako, badaude marrazoak, aho zabalik dabiltzanak, aho zabalik nahi lituzketelako parekoak. Datorren edozer jateko eta janarazteko prest daudenak. Eta ur ertzeko karrakelak ere badaude. Lehenengo zatitxo bat, gero beste bat, eta gero askoren ondoren euren funtsa erakusteko gauza diren karrakela motelak. Marrazoek karrakelak jaten dituzte, euren habitata irensten dutenean.

Betetzen dugun eta husten dugun espazioak asko esaten du geure presentziaz dugu kontzientziaz. Etxean zein kanpoan. Bestela esan, noren eremuan sartzen zara denon eremuan sartzen zarenean, ezeroso sentitzeko? Zenbat metro karratutan bizi zara?

Denok ez dugu espazio bera betetzen. Ziegetan ere ez dugu denok espazio bera betetzen, zigor zigortuak ere badira. Etxean ere, ez dute espazio bera betetzen hutsune guztiek, preso gaixoaren hutsuneak zentimetro gehiago dauzka metro karratuko.