JOKIN URAIN
IRITZIA

Zinezko izatea

RTVEko buruak Madrilgo Amerikako Etxean duela gutxi egindako adierazpenek pentsamendu baten funtsa erakusten dutela iruditzen zait. Espainia inoiz ez zela kolonizatzaile izan esan zuen, ebanjelizatzaile eta zibilizatzaile baizik, eta inperio aztekaren desagertzeagatik penatzea II. Mundu Gerran nazien porrotagatik penatzea bezalakoa litzatekeela. Dante eta Petrarkaren existentzia ezagutzen ei zuten orduko espainiarrek, eta katedralen artean bizi ei ziren, eta ba ei zekiten Michelangelok Kapera Sixtinoa margotzen zuela. «Ingurugiro horretako espainiarrak nola dedikatuko ziren gizakien hilketara», galdetzen zuen Jose Antonio Sanchezek.

Sanjurjo jeneral kolpista, bere garaian espainiar erregeren batek Rifeko markes izendatua hango gerrako balentriengatik, Iruñeko atseden lekutik larratu zuten duela ez asko eta Melillan hobiratu berri dute ohore handiz, Armadaren eta gobernu ordezkarien aurrean, besteak beste.

Denboratxoa daramagu egunez egun ustelkeria kasu berriak azaleratzen direla ikusten, lehendik inork ezeren berririk eta susmorik izan ez balu bezala. Eta funtzionamendu mafioso horretatik aritzen zaizkigu lezioak ematen legeari behar zaion errespetuaz, justiziaren justutasunaz...

Politikari eta kazetariak, eta politikari edo kazetari ez den jendea ere bai, aztoratu egiten direla ematen du, edo harritu egiten gara, eta ez dakit ondo zer demontregatik. Beren zinezko izatea erakutsi besterik ez dute egiten Jose Antonio Sanchezen hitzek, Sanjurjoren ohoratzaileek, edo ustelkerian eta jarduera mafiosoetan funtzionatzen dutenen gobernuek.

Hondartzan zuloa eginda itsaso osoa bertan hustea litzateke espainiarren esentzia sakon hori beste herriekiko errekonozimenduan eta arrazoi demokratikoetan urtzen saiatzea. Espanturik gabe utzi behar genieke direna edo izan nahi dutena izaten, berdin dio Indietan egindako sarraskien oroiminez dauden, Sanjurjo guztiak aldareetan ipini nahi dituzten edo gobernu lapurrenari eta alderdi politiko ustelenari botoa eman nahi dioten. Direnaren izatea praktikatu dezatela euren artean, eta utz diezagutela guri geuk aukeratzen zer eta nola izan nahi dugun. Haiena konpontzen saiatu gabe, geurea konpontzen bai baitugu nahiko zeregin.

Euria ari duenean aterkia partekatuko dugu, eta aterkirik ezean euria. Bai horixe, Asier. Eta asmatuko dugu aterpean supazter gozo bat atontzen.