2017/05/28

Erreportajea
ARALARREKO LARREETAN
Heidi bezala... baina 500 ardirekin

Mendia. Belarra. Ardia. Artzaina. Gazta. Idiazabal gazta. Aralar mendilerroko larreak. Aralarko ardi latx muturgorriak. Esnaurreta txabolan bizi da Joseba Insausti artzain ordiziarra maiatz eta ekainean, Oidui parajetik gertu, Alotza goi-lautadaren magalean. Bi hamarkada luze daramatza artzain jardunean. Lasai, berak erabakitako lanean, bere martxan, baina lana beltz eginez: 15-16 orduko lanegunak. Beharrezkoak 500 bat ardi gobernatzeko, urtero 4.000 bat gazta ekoizteko. Gustuko lekuan aldaparik ez dagoela diote. Bakarren bat badu Insaustik, baina igotzeko modukoak, denak.

Andoni Urbistondo
954_urbis001

Zaldibiko eta Enirio-Aralar Mankomunitateko lurrak banantzen dituen mugarria Esnaurreta 1 txabolaren atarian dago. 800 metroko garaieran, paisaia dotorea. Iparrean Alotzako belardiak daude, hegoan Argargi eta Martxabaleta kaskoak. Behi zuri handiak nonahi, digestioa egiten. Mendizale eta korrikalari apur batzuk hara eta hona. “Argi” eta “Ttiki” txakurrak egonean. Paisaia idilikoa. Lasaitasun handia. Ordulariaren orratzak mantso mugitzen dira paraje honetan dauden ugaztunentzat.

Joseba Insaustirentzat azkar mugitzen dira orratz horiek. Egunak luze egiten zaizkio, orduak motzak. Maiatza eta ekaina dira urteko hilabete gogorrenak, exijenteenak Ordiziako artzainarentzat (39 urte). Maiatzaren lehen egunean igo zen ardiekin Aralar aldera Zaldibian daukan artegitik, eta han emango ditu bi hilabete oso: «Ardiek duten esnea eman arte. Gerta liteke ekaina bukatu baino lehenxeago izatea». 500 ardi ditu Aralarko larreetan, eta horietatik 300 bat jezten ditu egunero bi aldiz.

Insausti bokazioz da artzaina. Bere motibazioa ez da ekonomikoa. Jakina, gaztak saltzen ditu, eta dirua lortu behar du aurrera egiteko, baina gustuko lanbidea duelako ari da jardun horretan. Gaztetatik omen zekien, gainera, ardiekin zerikusia zuen zerbaitetan arituko zela: «Fraisoron ikasi nuen, gero Arantzazun, eta aukera izan bezain pronto ardi batzuk erosi nituen. Beste guztia berez etorri zen». Ingurukoen artean amak bakarrik hartu omen zuen disgustua: «Badakizu, betikoa. Artzain izanda ez nuela bizibiderik aterako eta antzekoak».

Hogei urte joan dira amak esandakoak entzun zituenetik. Insausti artzain mediatikoa bilakatu da urteen joan-etorrian. Hainbat gazta-lehiaketa irabazi ditu berak egindako Otatza markako gaztak. Ohituta dago kazetari eta argazkilarien bisitekin. Baita telebistako kamerekin ere. Jarraipen hori eskertzen du, bere gazta ekoizpenaz gain, artzainaren eguneroko lana ere jendearengana gerturatzen duelako: «Hori ona da, jendeak nahi beste informazio edukitzeko».

Oihartzun handiena izan zuen saria Estatu espainiarreko Elikagaien Sarietako gaztarik onena izan zen, 2015ean. Bartzelonan izan zen saria jasotzen, eta orduko anekdota bat gogoratzen du, umoretsu: «Orduan Nekazaritza ministro zenak, Isabel Garcia-Tejerinak, txabolara bisita bat egiteko gogoa zeukala esan zidan, gazta, ardiak eta beste ezagutu nahi zituela gertutik. Zain segitzen dut...». Lehiaketetako sariak eta gaztaren salneurria ezberdintzen ditu Ordiziako artzainak. «Nik ez dut nire gazten salneurria lortzen ditudan sarien arabera finkatzen. Gaztak ekoizteak lan jakin bat suposatzen du, eta horren arabera finkatzen dut salneurria». Onartzen du, dena den, sariek komunikabideak erakartzen dituztela, eta horrek, noski, bera ezagunago egiten duela jendearen begietara merkatuetan gazta saltzen duenean. Egun, Idiazabal jatorri-deiturako Otatza gazta 20-21 euroan saltzen da kiloko (gazta bakoitzak kilo eta erdiko pisua du, gutxi gorabehera).

Insaustiri ez zaio gustatzen bere burua artzain modernotzat jotzea. «Zer da modernoa izatea, egokitu zaigun garaian bizitzea?», bota du. Insausti praka motzetan ibiltzen da mendian lanean, «beste edozein lanetan bezala». Artzain jarduna oso mitifikatuta dagoela uste du: «Ikusi izan ditut artzain hasiberriak mahoizko galtzekin eta hanka-pauso erraldoiak ematen, betiko artzainak horrela jantzi eta ibili izan direlako». Artzain lanak halako testuinguru txarra duela uste du, «gizartean ditugun ofizioen artean txarrenetakoa balitz bezala, eta ez da egia. Niretzat beste lanbide arrunt bat bezalakoa da». Eta hori frogatzeko, XXI. mendeko abantailak baliatzen ditu, mendian bizita ere. Ura dauka txabolan, elektrizitatea, lur orotako autoan irits daiteke txabolako ateraino... «zergatik uko egin kalean edonork dituen aukera horiei, eskura badituzu? Niretzat bizitza askoz ere errazagoa da, egunerokoa erosoagoa bada. Badirudi artzaintzak eta muturreko bizitzak, bakartua egote horrek, eskutik joan behar dutela, eta ni ez nator bat ideia horrekin».

Gipuzkoako Aralar eskualdean 45 bat artzain daude, eta 16.000 ardi. Artalde bakoitzak halako lur eremu jakin bat dauka, bazka bilatzeko, baina jakina, ardiek ez dute GPSrik eramaten, eta xextrak sortzen dira artalde bat beste artzain baten eremuan sartu delako. Desadostasun horiek nola konpondu, edozein herri edo hiritan bizitzen diren egoerak erabiliz azaldu du Insaustik: «Nork dauka harreman ona mundu guztiarekin? Inork ez. Beti egongo da norbait berarekin hobeto edo okerrago moldatzen zarena. Ba, mendian berdin gertatzen da: batzuekin hobeto moldatzen gara, eta beste batzuekin, ba ez hain ondo».

Bailaratik mendira. Insaustik bi urtarotan banatzen du urte oso bateko plangintza: negua eta uda. Ohiko egutegiarekin bat ez datorren plangintza da. Bere negua ekainean bukatzen da, eta bere uda urri-azarora bitarte luzatzen da. «Zazpi hilabetekoa da negua, eta lau-bost hilabetekoa uda. Maiatza eta ekaina Aralartik jaitsi gabe ibiltzen naiz ia, enkarguak egiteko izan ezik. Uztailetik urrira igo eta jaitsi ibiltzen naiz, larreetan dauden ardiak ondo daudela eta beste ikustera, baina aste pare batean-edo atseden hartzen dut, deskonektatzeko eta bidaiaren bat egiteko. Maiatz-ekainean ezinezkoa da halakorik egitea».

Ardiak azaro bukaeran hasten dira umatzen, eta urtea bukatzearekin bat, arkumeak ardiarengandik banandu eta esnea biltzen hasten da. Bilketa lana jezte makinarekin egiten du. Eskuz egitea baino errazagoa dirudi, «baina ardia, uste denaren aurka, abere bizkorra da, eta ez du nahi izaten jeztea. Ez da, behiak bezala, jezteko erraza. Ardiak makinan sartzen ikasi egin behar du, geldirik egon...». Bailarako erosotasunean egiten ditu urteko lehen gaztak, baina baita ardiak larreetara eraman, hango eta hemengo belarra bildu eta bolak egin, pentsua erosi... «orduei erreparatzen badiezu, Aralarko txabolan edo Zaldibiko artegian izan, ordu kopurua antzekoa da».

Esnaurreta txabolako bizitza erresistentzia handiko jendearentzat da. Artzainaren egunerokoa 6:30 aldera hasten da, eta gauerdia ondo jota bukatu. Txabolaren albo batean dagoen gaztandegira joan, eta gauean prestatutako gaztak prentsatik ateratzen ditu Insaustik, aurren-aurrena. Apal batzuetan uzten ditu, heldu daitezen. Sukaldera bueltatu eta gosari arina egiten du. Azkar batean mendian utzi dituen ardien bila abiatzen da, “Argi” border collie zakurraren laguntzarekin. Mendian egiten dituzten lehen egunetan ez dira urrunegi joaten, baina egunek aurrera egin ahala, ardiak gero eta gorago joaten dira, zenbat eta altuera handiagora joan, hobea baita belarra. Ardien bila joateko ordubeteko saioak egin izan ditu artzainak, bai goizean, baita arratsaldean ere. Ordubete Insaustiren martxan martxa bizi-bizia da.

Olinpiar kirola. Ardiek zintzo obeditzen dute artzainaren ziztu deia. Eta egiten ez badute, “Argi” zakurrak egiten ditu biltze lanak. Txabolako eskortan sartu, eta Insausti hiru orduko borroka nekosoan murgiltzen da: ardiak banan-banan jeztea. Ez dago pauta jakinik. Batzuetan hogei jarraian sartzen dira kaiola baten antzeko tramankulura. Besteetan egoskortu, eta ez dira kaiolan sartzen. “Argi”-k artaldea bultzatzen du atzetik, ardiei kosk egiteko mehatxua eginez, denak aurrealdera mugi daitezen. Batzuetan ez da nahikoa izaten eta artzainak bere aulkitik altxatu behar izaten du, ardia eskuz hartu eta kaiolara sartzeko. Ardiek 40 kilo inguruko pisua izan dezakete, eta nekea pilatu egiten da minutuak pasatu ahala. Goizetan arratsetan baino lan handiagoa izaten du ardiekin, bihurriagoak omen dira. Naturaren misterioak.

Minutu erdi eskas pasatzen du ardi bakoitzarekin. Jetzi, eta libre utzi, berriro mendiko larreetara buelta daitezen. Artzainak garbi du ardiek mendian libre egon behar dutela, hori dela euren bizitoki naturala: «Zaldibiko gaztandegian daudenean jarrera arraroa izaten dute sarri, urduri sumatzen ditut. Mendian nahierara ibiltzen dira bost edo sei hilabete, euren kasa, nahi duten belar guztia janez. Nire ustez, euren bizi-ziklo naturalerako askoz hobea da mendian bizitzea, eta nik maiatzetik urrira arte libre uzten ditut Aralarren». Insaustik Aralarko ardi latxak ditu, muturgorriak. Bertako espeziearen aldeko hautua egin zuen hasieratik, eta, ahal duen artean, espezie hori babestu eta hazteko borondatea du ordiziarrak.

Ardi bakoitzeko litro bat esne biltzen du eguneko, gutxi gorabehera. Goizetan litro erdi eta ilunabarrean beste litro erdi. Ardi batek 100-120 litro esne eman ditzake urteko. Urtero 4.000 bat gazta egiten ditu, %80 baino gehiago Zaldibiko gaztandegian egindako gazta. Insaustik, ordea, begi bereziekin zaintzen du mendiko gazta. Esnaurretako zabalgunean beste inon baino hobeto sentitzen da, aske, eta hori gaztak egiterakoan nabaritu egiten dela uste du.

18-20 bat gazta ekoizten ditu egunero. Eguerdi aldera bederatzi edo hamar, eta gau ilunean beste hainbeste. Prozesua mantsoa da, eta arretaz egin beharrekoa. Insaustik, urteen joan-etorrian, erraz egiten du zaila dirudiena. Esnea iragazten du aurrena. Gatzagia bota gero, nahasi, eta ordu erdi itxaron, esnea mamitu dadin. Gero, txikitu egiten du, eta berriro nahasi, ura aletik banantzeko, gatzura kentzeko. Behin ura kenduta, bloke batzuen antzeko zatiak egiten ditu, edukiontzi berezi batzuetan sartu eta prentsan sartu. 12 ordu igaro eta gero, heltze-apaletan uzten ditu, prozesu naturala jarrai dezaten. Han utziko ditu, gutxienez beste bi hilabetez, eta gehienera lau edo bost hilabetez.

Ez dago sekreturik. 4.000 gazta egiten dituenari, onak nola egiten diren galdetzea onena. Erantzuna ere bat-batean bota du Insaustik: «Niretzat denak dira onak, edo jateko modukoak. Aleren batzuk atera litezke onak ez direnak, baina niretzat, egiten ditudan gazta guztiak dira onak». Eta hurrengo galderari aurrea hartuta, informazio gehigarria: «Beste kontu bat da gazta batzuk espezialak ateratzea, alegia, lehiaketetan-eta aurkezten ditudanak, oso onak direla pentsatzen dudalako». Eta horiek? Bilatu egiten dira, berez etortzen dira?

«Nik ezin dut ziurtatu egiten dudan gazta bat ona edo espeziala izango den. Hori eguraldiak, hezetasunak, euriak eta larreak duen kalitateak erabakitzen dute. Alegia, naturak, nire eskuek baino gehiago. Asko jota, nik gaztaren bat edo beste oso ondo egin dudala suma dezaket, eta horri arreta berezia jartzen diot, baina agian gero ez da nik egindako aurreikuspenik betetzen». Insaustik jakin badaki mendian ekuazio onena ipar haizea eta eguraldi lehorra direla, horrek gazta onak ekartzen dituela. Baina era berean, euria ere eskatzen du, larreak indartsu haz daitezen, ardiek ondo jan, eta modu horretan esne hobea emateko. Bi garaitan bildutako esneaz mintzatzen da, gazta espezialei buruz ari dela. «Beheko gaztaren kasuan, ardiak arkumeari titia emateari utzi eta hilabete batera, urtarril edo otsailean, esne hori oso ona izaten da gaztak egiteko. Eta mendian, maiatzeko lehen bi asteak. Gero, ardiak goi mendietako belarra jaten duen heinean, esneak gaztaren zaporea fuerteago egiten du».

Sua martxan dauka Insaustik beti txabola barruan. Maiatzeko lehen egunetan tenperatura hotza da oraindik Aralarko goi larreetan: «Jarrita eduki gabe konturatzen zara hemen goian negua kostata erretiratzen dela». Epelean, sabela berdintzen duen bitartean, astintzen du gehien mingaina, kanpoan gau iluna dela. Otatza mendi-gazta zati bat dastatzen ari da, nola ez. Eta bere pentsamenduetan murgildu da, hitz-aspertu luzean: «Aberastu egiten naiz mendian. Komunikabideei hemengo berri ematen diet. Mendizale eta korrikalari askok ere geldialditxoak egiten dituzte, eta horiekin ere gustura aritzen naiz. Ondarreko gune megalitikoa ere hementxe dago, arkeologoak etortzen dira, eta bion ogibideaz aritzen gara luze eta zabal. Berdin biologoak; ugatzak, putreak eta beste nondik datozen, nola jokatzen duten azaltzen didate. Ikastola bateko haurrak ere etortzen hasi ziren, eta hemen aritzen dira, ardiak jezten, ardiak ekartzen, gazta nola egiten dudan ikusten eta ikasten...».

Kutsu mistikoa ere hartu du gaztandegira lan isilera bueltatu aurreko azken hausnarketak: «Heidi marrazki bizidunekin gogoratzen naiz hemen nagoenean. Ze marrazki onak ziren, larre eta mendi haiekin, ahuntzak zein ondo marrazten zituzten, neska txiki hark beti erakusten zuen alaitasuna... halaxe sentitzen naiz ni. Hori bai, Heidi baino lan handiagoarekin, Elur Malutatxo askorekin, baina poz-pozik».