Alaia Martin
IRITZIA

Bisonteak

Usoa Zumetaren eta Jose Luis Zumetaren artelanak ikusi nituen, aurreko batean, Usurbilen daukaten estudio ederrean. Indar eta ezinegon handiko lanak iruditu zitzaizkidan, bizi-biziak. Koadro bat ikusten dudanean denbora puska luzeak ikusten ditut normalean. Atze-lana. Kosta egiten zait ulertzen nola marraz litezkeen hosto baten zainen zertzeladak, koadroaren zentimetro karratu txiki batzuetan, jakinik begirada handiz begiratuz gero, hosto izango dela hostoa.

Eta denbora puskak ikusi ondoren, zein pazientzia puska behar den irudikatzen hasten naiz. Zeuk buruan duzun iruditik mihisekora zenbat kilometro dauden. Askatu behar horrek, edo zerbaitetara lotu nahi horrek dakar agian opaltzeko gaitasun izugarri hori, baina arrazoi eta guzti, izugarria iruditzen zait.

Horrelakoetan, nahigabe joaten zait burua beste pigmentu bateko garaietara. Denbora puska batzuk altxatu, denbora puska asko eta asko altxatu, eta han non topatuko genituzkeen gizaki margolariak, kobetan orduko mundua azaltzen. Margotzeko irrika nondik zetorkien iturritzea ez da hain erraza; izan liteke erritu magikoetan ehiza oparoa erakartzeko egindako proiekzio bat.

Gaur egun coach batzuek ere hala proposatu ohi dute: lehenengo irudikatu, gero irudikatu berriz, berriz, eta iritsiko da. Izan liteke hori. Izan liteke ahalegin artegile baten emaitza ere, baina zehatzegiak dira horretarako, antzekoegiak, kobaz koba. Hirugarren aukera honek zenbaterainoko pisua duen pentsatzeak sortzen dit jakin-mina; euren lekukotza utzi beharrak, han izan zirela gogorarazi nahiak, betiko irauteko instintuak, zenbaterainoko eragina izango ote zuen esku mugimendu haietan.

Facebooka ere bada, eskala txikiagoan bada ere, existitu beharraren plaza bat. Inguruan hormak dauzkan plaza bat, baina plaza bat. Kamaraztatua eta erdi-erdian denontzat iturri bat daukana. Orain, gainera, Facebooken aukera ematen dute orain dela urtebete, orain dela zazpi urte, gertatutako jazoera seinalatuak berrargitaratzeko, norberaren horman. Nork bere bisonte eta zaldiak paseatzera ateratzeko berriz.

Kilian Jornetek Everesten egin dituenak ikusita etorri zaizkit burura bisonteak, zaldiak, kobazuloak eta denbora pusken hostoak. Zer dago markaren marka lortzeko helburuaren sorburuan? Eternala izatea lortzeko gosea? Heriotzari gain hartzeko biziraupen saio zoro bat? Euskarak ere horrelako zerbait egiten du mendez mende, koba barruan ez geratzeko. Horregatik sentitzen gara natural edozein kafetegitan, euskaraz kafea eta txigorkiak eskatzean. Kafetegi batzuetan, bisonte bat kafetegian bezain natural.