JOKIN URAIN
IRITZIA

Kilometroak

Euskal preso politikoak 250 kilometrora hurbiltzea negoziatzen ari omen dira EAJ eta PP alderdi adiskideak. Lehen ere negoziatu zuen EAJ-k presoen distantzia, etxetik eta herritik zein distantziara egon behar zuten, alegia, eta ez litzateke harritzekoa orain ere horretan aritzea. Kontua, beti ere, etxetik urruti samar mantentzea da, nonbait, eta urruti mantentze hori, batik bat senide eta lagunen aurkakoa den neurri hori, zekenkeria dezentearekin defendatu dute alderdi horietako eta beste batzuetako politikariek, senide eta lagunen artean eragin dituen ondorioetan inolako erantzukizunik onartzea pentsatu ere egin gabe.

Bilbotik Soriara, edo Donostiatik, edo Iruñetik, egon daitezke 250 kilometro inguru, baina joan-etorrian 500 kilometro dira, eta senideek joan eta etorri egin behar dute. 1981ean Sorian eta Carabanchelen zeuden euskal preso politikoak Puerto de Santa Mariara eraman zituzten, eta horren arrazoiak eman zituen Enrique Galavis Espetxe zuzendari nagusiak: «Gertuegi dago Soriako kartzela, eta hori eragozpen handia da». Baina etxean bertan baziren beste gazte suhar batzuk euskal presoak dezente urrutirago larratu nahi zituztenak; kazetari batek kontatzen duenez, 1996ko ekainean “Euskal presoak Euskal Herrira” aldarrikatzen zuten euskal preso politikoen senideak Bilboko Sabin Etxea aurrean hartu zituen EAJko orduko bozeramaile Joseba Egibarrek, «Euskal presoak Dinamarkara» oihu egiten zuten EGIko ehun bat kide inguruan zituela…

Danimarkaraino ez gintuzten eraman, baina ahal izan zuten urrutien bai. Distantzian urrutiratzea eta krudelkeria denboran luzatzea izan da eta da, euskal preso politikoen eta, batez ere, beren senide eta lagunen aurka, EAJ-k PSOErekin abiatu eta PPrekin mantentzen duen urrutiratze eta sakabanaketa politikaren funtsa. Izualdi eta zaurituetan konta ezin ahala eta hamasei hildako eragin ditu senide eta lagunen artean politika horrek, eta ez du ematen espetxe politika behingoz aldatu eta kalkulu maltzurretatik askatzeko asmorik dutenik oraindik.

250 kilometro ez da Danimarka, ez da Puerto, baina dispertsioa eta urrutiratzea izaten jarraitzen du. Presoek beren herrian behar dute, denboran eta kilometroetan distantziarik gabe, senide eta lagunekiko krudelkeria areagotzen jarraitu gabe.

Bada garaia kalera zaitezten, Santi; bada garaia etxera zaitezten behingoan, hemen zaretelako beharrezko, ahalik eta lasterren.