Jone Buruzko
entrenatzeko sistema berriak

Ameskeria al da etxean bertan aklimatatzea?

Hipoxia delakoa oinarri gisa duten gailu edo metodoekin entrenatzea jada ez da punta-puntako kirolarien gauza soilik; aitzitik, gero eta jarraitzaile gehiago ditu horiek eskuratzeko nahikoa diru duten pertsonen artean, eta, batez ere, profil desberdinetako mendizaleen artean.

Duela ia mende erdi Mexiko 68ko Olinpiar Jokoek baieztatu zuten aurretik ikertzaile sobietarrek astronauta eta pilotuekin egindako probetan ikusitakoa; hots, altitudeak emaitza eta errendimendua hobetzen zituela. Urte batzuk igarota, garaiera handietan egindako egonaldiak ohikoak bihurtu dira goi mailako kirolarien artean, modu naturalean suspertzeko globulu gorriak eta hemoglobina erregulatzen dituen eritropoietina eta, horrela, ariketa fisikoan erresistentzia handitzeko.

Beraz, denbora kontua baino ez zen garaiera altuetako entrenamenduen antzeko baldintzak eskaintzen dituzten produktuak eta teknikak merkaturatzea, oxigeno maila baxua mantentzen dutenak, modu horretan egokitzapen lana kiroldegietan edo etxean bertan osatu ahal izateko.

Hipoxia dendak, ganbera hipobarikoak edo maskarak, txirrindulari, atleta eta igerilarientzat eginak zeudela ematen zuen, garaiera altuetako mailara heldu arte nitrogenoak oxigenoa murrizten zuen bitartean burbuila garden eta itxi horietan entrenatu edo lo egiten zuten kirolarientzat. Ildo honetan, agian alpinismoa, bereziki altuera handiko mendietan aritzen dena, esparru honetan bezero gehien jaso dituena izan da, eta logikoa da hori kontuan hartuta mendi altu-altuetara igotzeko egokitzapena ezinbestekoa dela. Izan ere, gauza jakina da 3.000 metrotik gora edonork paira dezakeela “mendiko gaitza” delakoa. Horren ondorio dira nekea, buruko mina, ahul sentitzea, goragalea, beherakoa, goserik eza edo lo egiteko zailtasuna, eta organismoak oxigeno gabeziara egokitzeko dituen zailtasunak eragiten du. Hain da gauza serioa, biriketako edo burmuineko edema eragin ditzakeela.

Kontua da jakitea hipoxia denda edo ganbera hauek benetan eraginkorrak diren edo ez. Mikel Zabalzari galdetu diogu. Alpinista eta mendiko gida nafarrak Juan Vallejo eta Alberto Iñurrategirekin batera euskal alpinismoan sona handienetakoa duen sokada osatu du, eta auzia ondo ezagutzen du.

«Guk denda hipoxikoa behin bakarrik erabili dugu, hain zuzen Everesteko iparraldea Hornbein korridoretik egiten saiatu ginenean. Everesteko lehen kanpamentua 5.500 metrora dago, eta aklimatazio lanaren zati bat etxean eginez epeak laburtu genituen. Guretzat baliagarria izan zen; hamar egunetan 7.550 metrora geunden, bestela, gutxienez bost edo zazpi egun gehiago behar izango genituen», azaldu du.

Hori 2009an gertatu zen, eta ordutik ez du horrelako ganbera batean lo egin, baina bere iritzia berdina da: «Honek ez du miraririk egiten, berdin-berdin prestatu behar zara. Baina lagungarria izan daiteke, adibidez, Aconcagua igo nahi duten eta hiru aste bakarrik dituzten mendizaleentzat».

Kilian Jornetek ere hipoxia ganberak erabili ditu. Kirolari katalana Lleidako Pirinioetan hazi zen, eta bere ingurune naturala bere ogibide bihurtu du. Bere ibilbidean mendi lasterketak, zeharkako eskia eta “ezinezko erronkak” uztartu ditu, eta azkenaldi honetan tontor mitikoetara errekorreko igoerak egiten aritu da. Mont Blanc, Cervino, Denali edo Aconcagua bezalako mendietara material eta ekipaje gutxirekin igo da, eta iragan maiatzean arropa pixka bat gehiago jarri behar izan zuen Everesteko iparraldea atsedenik hartu gabe igotzeko. Bi aldiz gainera. Lehen saiakeran Jornetek 26 ordu behar izan zituen beheko kanpamentua eta 8.848 metrora dagoen munduaren sabaiaren arteko distantzia egiteko, soka finkorik edo oxigeno artifizialik gabe. Emaitzarekin pozik ez, tripako minak izan zituelako, eta sei egun beranduago berriro saiatu zen, kasu honetan 17 orduan betez beste batzuei lau egun eskatzen dien ibilbidea.

Sekulako arrakasta, prestakuntza berezia eskatu zuena, bere gaitasun fisiko eta psikologikoetara egokitutako prestakuntza, hain zuzen: goizero sei orduko mendi ibilaldiak egiten zituen, ordubeteko entrenamendua maskara jarrita, eta intentsitate handiko entrenamenduak arratsaldean. Eta gauetan, hipoxia ganbera. Hau egin ostean, Cho Oyura joan zen (8.200 metro) eta bertan bukatu zuen egokitzapena, Everestera nahi bezala igotzeko prest egon arte.

Merkaturatzea. Espedizio komertzialek honen berri dute, noski, eta bidaiak antolatzeaz arduratzen diren enpresak aurretiko egokitzapen sistemak beren eskaintzetan sartzen hasi dira. Aklimatazio sistema hauen aldekoek uste dute hauxe modu hona dela beraien bezeroek ez ditzaten mendietako kanpalekuetan bi hilabete eman behar izan tontorrera igotzen saiatu baino lehen. Izan ere, denbora horretan beste gauza batzuk gerta baitaitezke, leku horietan etxean ez dituzten arriskuak izaten direlako. Salneurria ohiko metodoa erabilita agentziek kobratzen dutenaren bikoitza da, eta iragan udaberrian 75.000 eta 85.000 euro artean zebilen, pertsonako, noski. Ildo honetan, Juanito Oiarzabal alpinista ezagunak duela gutxi adierazi du, telebistan egindako agerraldi batean, badagoela jendea 100.000 eta 150.000 euro ere ordaintzera iristen dena Chomolungma «luxu osoarekin» bisitatu ahal izateko. Sistema hauen kontra daudenek, batez ere alpinismoaren munduan dabiltzanek, negozioa eta ameskeria bakarrik ikusten dute hor. Hala, badago sistema hauek «hitzontzikeria» baino ez direla esaten duenik, eta espedizio horiek erabiltzen dituzten moduak auzitan jartzen dituzte, aipatzen dutenez bezeroei ohi baino oxigeno gehiago ematen baitiete arazorik gabe igo daitezen, eta beren aburuz hor dago gakoa. Eta gaineratzen dute horrek xerpen segurtasunean eragiten duela, oxigeno botilak eurek garraiatzen dituztelako, eta Himalaiako erraldoiak zaborrez betetzen dituzte.

Himalaismoaren kronikaria den Elizabeth Hawley kazetariak esaten duen bezala, xerparik gabe oso jende gutxi igoko litzateke Everestera. Haiek gabe espedizio komertzialak desagertuko lirateke.