amagoia mujika
IRITZIA

Berriz min hau

Los que se pegan se aman». Haurrak ginen, inozenteak, eta jolasgaraian elkarri zirikatzen aritzen ginen neskak eta mutilak. Jolasa omen. Akordatzen naiz barrenera jolasten ginela baloiarekin, Mikasa markako baloi txuri-beltz haiekin. Baloiak baino harriak ziren. Gelako mutil indartsuena zen, besteak baino bi buru gorago. Sendoa, gihartsua. Ni paretaren kontra eta bera baloiarekin jo eta su ni harrapatu nahian. Txikitu ninduen ia. «Nitaz» omen zegoen eta horregatik jo nahi ninduen baloiarekin, bere interesa agertzeko.

Oraindik ere kokatu dezaket neure burua ikastolako pilotaleku berdean, txapa beltz hotza bizkarrean eta harri baloikada haiek paretaren kontra nire ondoan lehertzen. Lehen aldiz sentitu nintzen zaurgarria eta ez zitzaidan batere gustatu sentsazio hura. Neure buruarekin haserretu nintzen, barruan miatu arren, ez nuelako tresnarik topatu eraso hari aurre egiteko. Sentitu nuen gustatuko litzaidakeela gelako mutiko hark adina indar izatea, harritzarra zirudien baloia hartu eta ostiko batez bere aurpegira jaurtitzeko. Baina beste era batera haserretzen erakutsi ziguten guri.

Gerora mutiko hark pena ere eman izan dit. Hark ere bere barrua miatu eta ez zuen topatuko «nitaz» zegoela adierazteko beste tresnarik.

Koskortu ginen neurrian, gehienetan taldean topatu genituen geure burua defendatzeko erremintak. «Zenbat kakahuete jan dituzu neska?», galdetu zion lagunari bularretara begira gizon heldu hark. Garai hartan esaten ziguten kakahueteak janda bularrak hazten zirela. Lagunak zaplazteko batekin erantzun zion eta korrika alde egin behar izan genuen taberna hartatik, izututa, elkarri eskua emanda. Orain barre egiten dugu akordatzean, baina orduan negar egin genuen.

Urteekin aldatu zaizkigu ilajeak eta pausajeak. Dagoeneko ez gara orduko neskato inozente eta izu hura, baina barruan daramagu, garen matrioxka honen barru-barruan. Ilunetan bakarrik etxeratzen garenean pausoa eta bihotza azkartzen zaizkigu oraindik.

Berriz min hau. Hori da arrastaka daramagun sentipen nekea. Eta hemen gaude, gure alabak beldurretik aparte hezi nahi genituenak, parrandara ateratzen direnean pixa egitera bakarrik ez joateko agintzen. Badaezpada.

Nekatuta senti gaitezke. Izan ere, egungo gazteak parekidetasunean heziak izan omen dira eta, hala ere, erasotzaileak sortzen segitzen du gure jendarteak. Eta erasotzaileak daudelako daude erasotakoak –ez genuke ahaztu behar–. Ez du funtzionatzen. Alferrik ari gara. Ea behingoz konturatzen garen kontua ez dela batzuei defendatzen erakustea, besteei ez erasotzen erakustea baizik. Lanen erdiak egin gabe ditugu oraindik. Bitartean, berriz min hau.