2017/11/26

Erreportajea
erreportajea
Mahasgintzaren bueltan elkargunea osatu dute hagan

Hiriaren erdigunean kokatuta, De Haagse Stadswijngaard proiektuak mahasgintza eta ardogintzaren bueltan elkartu ditu Hagako hainbat bizilagun. Ardoa da funtsa, baina aldi berean aitzakia; izan ere, kooperatiba honek bertakoen bilgune izan nahi du, baita atzerritik etorri eta oraindik lekura ondo egin ez diren herritarrena ere.

Maria Mendizabal
983_vino5

Uztaren azken egunean, hainbat tabernaren eta Hagako trenaren burdinbidearen ondo-ondoan, zaleak johanniter motako azken mahats mordoak jasotzen ari dira. Riesling motakoaren antzekoa da barietate hau, zitriko ukituduna, garratz puntuarekin.

Erabateko isiltasunean –gainetik igarotzen den trenaren zaratak baino ez du eteten hura– hamar bat mahats biltzaileek fruituak jaso eta txukun pilatzen dituzte hiriko mahastian udazkeneko eguzki gozotan epel-epel, hiriko burrunbatik urrun. Bertatik bistaratzen den irudiak ez du zerikusirik burua makurtu eta ikusten denarekin; naturaren berde eta marroietatik, hiriaren grisetara.

Tycho Vermeulen aditua da nekazaritza ekonomian, baratzezaintzan eta ureztatze sistemetan eta, horrez gain, ardogintzaren zale amorratua da. Irakasle lanetan zebilen lehen, enologiari guztiz emana dago orain, ordea. 2013an De Haagse Stadswijngaard proiektua jarri zuen abian, ardoa maite duten herritarrak mahastien inguruan elkartu eta eztabaidatu zezaten.

Hiriaren burrunbatik at. Urtebete lehenago hasi zen hiriko Udalarekin hitz egiten proiektuaz eta bidean batu zitzaion Marcen van Dam. Nolabait nekazaritza urbanoak aukera berriak sortzen dituela jarri nahi zuten agerian, baztertuta eta erabat zapuztuta zegoen eremu batean zaindu behar den zerbait jar daitekeela erakutsi. Azken batean, hiriaren erdigunean kokatuta egonagatik, hiriaren burrunbatik ihes egiteko aukera eskaintzen die bertaratuei.

2013an jarri zuten martxan proiektua eta urtebete beranduago mahatsak aldatu zituzten ordura arte erabat utzita zegoen hiriko lursail batean. Iaz dastatu ahal izan zuten lehenbiziko aldiz eurek egindako ardoa eta bizitako esperientzia hori zabaldu asmoz, proiektuaren antolaketa era goitik behera aldatzea erabaki zuten. Hala, bi lagunek abiatu eta sortutako proiektua herriari zabaldu zitzaion.

Egun, mila metro karratu ditu sailak eta bertan aldatuak dauden 650 mahats landareak berrogei bat zalek zaintzen dituzte, bakoitzak bere sailtxoaren ardura bere gain hartuta. «Deigarria da Hagako erdigunean ardogintza negozio bat izatea», adierazi du Maria Josek, hiriko mahasti hau lehenbiziko aldiz bisitatu duenean. «Hasieran ez nuen sinesten, baina aire librean egotea gustatzen zait, nire eskuekin zerbait egitea eta lorategian lan egitea ere bai, eta hau lorategian aritzearen parekoa da», azaldu du proiektua oso gustukoa duela nabarmenduz.

Aukeran du hari batzea; izan ere, egitasmo honetan parte hartzeko modu ugari daude: badira 195 euroko kuota ordaindu eta hamar landareko mahasti txikiaren zaintza bere gain hartzen duten herritarrak. Urtean zehar mahastian egin beharreko lanak ezagutzen dituzte: neguko inausketa, udako inausketa, hostokatzea eta, noski, uzta bera. Badira ordea, mahastia zaintzen baino ardogintzan trebatu nahi duten herritarrak eta 105 euroren truke haiei ere zabaltzen zaie proiektua. Hala, mahatsak ardo bilakatzeko prozesuan parte hartzeko aukera dute hainbat hilabetetan zehar bost egunetako saioan. Mahatsak zaindu bai, baino ardorik egiten aritu nahi ez duenarentzat berriz, prozesu guztia profesionalen esku uzteko aukera ere eskaintzen dute.

Iaz 600 litro ardo ekoitzi zituzten, eta aurten hori gainditzea espero dute kooperatiban. Fruta zaporea duen ardo txuria egiten dute johanniter motako mahatsarekin; tanino fineko ardo beltza rondo motakoekin; eta gorputz handiko gorria souvignier mahatsarekin.

«Kantitatea eta kalitatea onak dira, beraz, pozik dagoen enologoa naiz orain», dio Vermeulenek. Kalitateak, bere esanetan, zerikusi handia du mahastiaren kokapenarekin, hirian «beti gradu batzuk gehiago» egiten dituelako, eta lantzeko aukeratu dituzten mahats motekin ere bai; izan ere, Holandako klima hotzera egokitu daitezkeen erresistentzia handiko landareen alde egin dute apustua beti. Arazorik handiena lurrarekin dutela dio proiektuaren bultzatzaileak. «Lurra ondo zaindu behar dugu, gure kontra dagoelako» eta horregatik hura «aberasteko ongarritze sistema propioa» garatu dute, besteak beste, simaurra erabilita. Ardo berria lantzen dute beti, euren esanetan, hain dira ikusmin handikoak parte hartzaileak, non ontzeko betarik ere ez baitzaie ematen ardoei. Izan ere, egiten dituzten bilkura eta eztabaida talde gehienak mahaiaren bueltan eta ardo botilaren inguruan ospatzen dituzte, ezin beste modu batera izan.

Ardoa aitzakia. Hirian badira gune berde ugari, baina ezagunagoa da haizeak gogor jotzen duen hondartzengatik edota bertan lekua hartua duten eta milaka atzerriko langile hartzen dituen instituzioengatik. Halako ezaugarriak dituen hiriaren erdian eta kostatik hamar kilometrora egoteak ez ezik, komunitate proiektua hau benetan deigarri egiten duena haren inguruan sortutako mugimendua da. Azken batean, mahastia proiektuaren funtsa bada ere, aitzakia ere bada proiektuak oinarrian duen beste helburua erdiesteko; izan ere, De Haagse Stadswijngaard-en azken jomuga inguruko herritarrak elkartzeko eta esperientziak partekatzeko gune bat izatea da.

Bide horretan, mahastiaren bueltan elkartzen diren herritarrek zuzenean ardogintzarekin ez beste eremu batzuekin erlazionatutako ekintzak antolatzen dituzte, besteak beste, haragiz edota arrozez betetako mahats orriak prestatzen ikasteko.

Zentzu honetan, proiektuarekin harago joateko asmoa dute. Alabaina, barrutian kanpotik etorritako herritar ugari bizi dira, batez ere, turkiar eta marokoarrak. «Eurek harreman historikoa dute mahastiekin eta mahats orriekin egiten den sukaldaritzarekin, beraz gauza horiek bertaratu gaitzakete eurengana», aitortu du Vermeulenek. Mahastiak komunitate horiengana iristeko bide izan daitezen formula berriak aztertzen ari dira, beraz.

Gomazko bota horiak hanketan eta inausteko guraizeak eskuan ari da lanean Pieter Bakens. Bere hitzetan, proiektua ardoa maite duten beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera bat da, «proiektu kulturaniztun eder bat izateaz gainera».

Mahasgintza berria da Herbehereetan, baina apurka ari da marka sortzen bertan ere. Estatuko estatistika bulegoaren arabera, 90 ekoizlek 160 bat hektarea lursail landatuak dituzte dagoeneko mahatsondoekin. Euren helburua ez da, Hagako proiektu honen arduradunen esanetan, diru irabazirik lortzea. «Hirira dakarguna istorio interesgarri bat da. Zaindu egiten dugu eta edertasuna ematen diogu. Kontzeptu horretan, gainera, aurrerapausoak eman nahi ditugu», azaldu dute.

Orain artean, ezagunagoak izan dira baratze urbanoak eta ezaguna da haiek balio handia dutela jasangarritasunaren aldetik, besteak beste, gune berdeak eraikitzen laguntzen duelako aurretik baztertuta zeuden eremuetan. Baina horrez gain, eremu publikoei izaera eta identitatea eskaintzen die eta, behar den bezala diseinatuak izan badira, gainera, inguruaren ingurumen kalitatea handitzeko ere balio dute. Hagako proiektuak badu hori, baita beste zerbait ere.