Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Xabier Silveira
bertsolaria

«Hainbestetan egin dut bertsotan deseroso nengoen tokietan, azkenerako bertsolari txarra sentitu naizela»

Bertsoetatik aparte egon da azken urtean. Berriz agertu da orain, Nafarroako txapeldunari desafioa botaz. Beti bezain zuzen eta zintzo, Silveirak ez dauka egindako akatsak aitortzeko nagirik, ezta akats berriak egiteko beldurrik ere.

Urtebete darama bertsoak aparte utzita, bertsolaritzaren zirkuituan bere lekua topatu ezinik zebilelako. Ez zen Nafarroako txapelketara aurkeztu, baina finalaren bezperatan agertu zen berriro irabazleari desafioa botako ziola esanez. Julio Sotok baiezkoa eman dio, nahiz eta nahiago izan duen desafioa izena kendu eta lagun arteko saioa izango dela nabarmendu. Silveirak, baina, lehia eta erronka bertsolaritzaren zutabe direla uste du, arrazoia arrazoiaren kontra jartzearen artea dela baiteritzo. Desafio edo lagun arteko saioa izan, badirudi Xabier Silveira berriz bueltatuko dela oholtzara bere estilo propioarekin. Ez baitaki bestela egiten. Zuzen, estropezu egiten, erortzen eta berriz altxatzen. Eta, batez ere, beti sinisten duen pausajeaz.

Duela aste pare bat jokatu zen Elizondon aurtengo Nafarroako finala. Eta, Silveira, jendartean. Gaizki edo ondo pasatu zenuen?

Hagitz ongi pasatu nuen. Sekulako bertso on mordoa entzun izanaren sentsazioa izan nuen arratsalde guztian. Zale bezala ongi pasatu nuen. Eta bukatu nuen pentsatzen igual oholtza gain horretan egon izan banintz, hirugarren, laugarren, bosgarren edo seigarren izatea gerta zitekeela. Azken bost-zazpi urteotan sumatzen zen hobekuntza Nafarroako bertsolaritzan, baina azken txapelketa honetan berriz gorakada izan da, eta igarri da bertsolari batzuk zer-nolako lana egiten ari diren bide propioa egiteko.

Zergatik ez zara txapelketara aurkeztu?

Euskal Herriko txapelketa bukatuta, saioak hartzeari utzi nion. Urtebete erabat isilik pasatu dut, bertsoetatik aparte, oso gogaituta nengoelako. Bertsoa besterik ez nuen egiten, baina bertso saioa nuen eguna iristen zenean, estutu egiten nintzen. Ez nuen egun hori iristea nahi, ez nuen saioetara joan nahi, eta behin hara iristean okerrago zen. Nire begiz ikusten nuen bertsotara joan nintzen toki hartara ez nintzakeela sekula joango nire bizitzan ez banintz bertsolaria. Are gehiago, hara joateko enkargua egin zidatenek bertze edozein diziplinatan ibiliko banintz, ulertuko zuten hura ez zela nire lekua. Bertsolaritza entsalada bat denez, dena nahasten denez, niri askoz gehiagotan gertatu zait deseroso sentitzea eroso sentitzea baino.

Esan daiteke lekuz kanpo sentitu zarela bertsolaritzaren zirkuitu nagusian.

Bertsolaritzaren zirkuitu egonkortu horretan. Azken hiruzpalau urtean saio gehiago egin ditut Lanku bidez eta gutxiago gaztetxetan, tabernetan eta bestelako kutur esparru horietan. Hainbeste aldiz egin dut bertsotan deseroso sentitu naizen tokietan, nire maila emango ez dudala dakidan tokietan –eta, gainera, gero ez dut maila eman–, azkenerako bertsolari txarra sentitu naizela. Eta nire buruari galdetu diot: zertarako abestuko dut?

Hain deserosoa zaizu zirkuitu hori?

Euskal Herrian antolatzen diren bertso saioen %80 eta %90 artean bertso eskolek antolatzen dituzte; neguan areto itxietan eta halakoetan eta, udan, kalean. Txapelketa formatuko jaialdiak izaten dira, lau-sei bertsolari eta gai-jartzailea. Eta epailerik, ez. Ondorioz, ikuslerik ez. Bertsolaritza garrantzitsuegia da horrelako egoeratan ni bezain gutxi motibatzen den norbaitek nahi eran eta errespeturik gabe erabiltzeko. Eta hori hasi zen gertatzen bukaeran. Arazoa ez da maila izan edo ez izan, arazoa da bertsolaritzara eraman ninduten baldintza gehienak aldatu egin direla.

Kanpoko baldintzak edo zure baitakoak?

Nire baitakoak. Ez dut erraten jaialdiak antolatzen dituen jendeak zerbait txarra egin didanik, ezta inondik ere. Ni ez nago eroso baldintza horietan.

Batek baino gehiagok pentsatuko zuen dagoeneko ez zarela eroso sentiarazten erraza. Beti zabiltzala deseroso, tokia ezin topatu.

Inoiz ez nago eroso. Bihar gaur bezala baldin bada, ez da bihar, gaur da. Eta gaur bi aldiz, ez dut ulertzen. Ez dugu bertsolaritza erabili behar atzokoa bihar egingo dugula bermatzeko. Noski deseroso nagoela. Edozein sortzaile hila egongo litzateke biharko aldaketak topatu nahian ez balego. Eta seguru bidean sekulako triskantzak egingo dituela, baina burua horretan dauka jarria.

Bertsoetatik aparte egon zaren urtebetean, zertan aritu zara?

Kalamuzale elkarte bat sortu eta hori kudeatzen aritu naiz, lanean. Inoizko urterik lanpetuena izan dut. 250 bazkideko elkartea sortu genuen, baina dagoeneko utzi dut lan hori. Eta egia da bertso saioetara deseroso joaten hasi nintzela hortik aparte gauza mordoa nuelako egiteko. Dagoeneko bertsolaritza ez zen lehentasunekoa, lan bat nuelako eta ekonomikoki beste bide bat nuelako. Eta egia da urtebete horretan erabat deskonektatu dudala, erabat apartatu naizela bertso mundutik. Pentsa, urtebetean Jokin Uranga behin baino ez dut ikusi, Haritz Etxeberria Ministro ez dut ikusi ere egin eta Fredi Paya telebistaz. Nahikoa esan dizut horrekin.

Baina zerbait aldatu da, berriz gerturatu zarelako bertso mundura.

Nire gogoa aldatu da. Gogo txar horretara zenbait baldintza errepikokarrek eraman baninduten, topatu dut modu bat aski sinplea gauzak modu xumean eta autokudeaketaren bidez egitekoa, inoren zain egon beharrik gabe. Eta erabaki dut desafioa botatzea Nafarroako txapeldunari.

Noiz berotu zaizu burua?

Aspaldi, egoera honetan egon nintzen lehen aldian. Orduan pokerrean aritzeaz eta bertso saio batzuk egiteaz bizi nintzen. Baina une batean saio batera joatea putakeria bat bihurtu zen, pokerra ere izugarri gustatzen zitzaidalako. Astean zehar on line aritzen nintzen pokerrean, baina asteburuak ziren jendearen kontra aurrez aurre aritzeko aukera, eta normalean asteburuetan bertso saioak ere izaten nituen.

Eta sasoi hartan dena utzi eta Kubara joan nintzen denboraldi batez. 2009. urtea zen eta Julio Sotok lehen txapela jantzi zuen. Akordatzen naiz finala Lesakan izan zela. Zati handi bat amaren etxeko leihotik entzun nuen eta bukaeran gerturatu nintzen pilotalekura. Eta jada urte hartan desafio antzekoa egin genuen Juliok eta biok, Txantrean. Baina, horretatik aparte, Kuban eman nuen denboraldian bertso desafio bat diseinatu nuen Elizondoko Lur aretoan jokatzeko. Julio ere ados zegoen. Dena hitz egina zegoen eta antolatuta, baina azken unean hasi zitzaizkidan ez dakit zenbat baldintza bete behar zirela esanez. Tartean, esaterako, anbulantzia bat behar zela kanpoan badaezpada. Horrelako tontakeriak tarteko haserretu egin nintzen eta azkenean ez genuen egin.

Dagoeneko ez zara pokerrean aritzen?

Ez, utzi egin nuen. Irabazteari utzi nion, denboraldia neraman horrela, galera bihurtu zen eta utzi egin nuen. Aitzakia bakarra neukan pokerrean aritzeko: Soldata ematen zidan. Eta aitzakia hori desagertu zenean, ez nuen ezer irabazten eta denbora asko kentzen zidan. Hiruzpalau urtez pokerraz bizi izan nintzen, ez telebistako pelikula horietan bezala sekulakoa dirutza irabaziz, soldata xume batekin baizik. Baina hori bukatu zenean, utzi egin nuen.

Bertsoak ere utzi dituzu behin baino gehiagotan, eta betiko gainera.

Bai, bertsoak hirutan utzi ditut betiko, eta beti bueltatu egin naiz. Eta, zer? Niretzat gauzak sekulakoak dira, izugarriak, irauten duten bitartean. Eta une batean onak izateari uzten diote. Hirutan bertsoak utzi eta hirutan bueltatu naiz. Gauza oso larria egiten ari naizela irudituko balitzaidake, akaso ez nukeen egingo. Baina ez zait hainbesterako iruditzen, ezta?

Buelta gaitezen desafiora. Azken ordura arte ez duzu publiko egin, finalaren bezperatan eman duzu horren berri.

Banuen beldurra, nahiz eta nik ez dudan horretarako arrazoirik ikusten, norbaitek desafioa erasotzat hartzekoa. Beldur hori nuelako kostatu zait hainbeste erabakia hartzea.

Akaso esango dute txapelketa hor zenuela, lehiatzeko aukera hor zenuela, eta ez duzula baliatu.

Ba nik esango diet hamabost urte nituenetik urtero aurkeztu naizela txapelketara eta horregatik ez naizela aurkeztu orain. Txapelketak funtzio bat du eta bere funtzio hori bete behar du. Ez da oso txapelketa indartsua izango bertan aurkezten den batek ez badu funtzio horretan sinisten eta nahi eran erabiltzen badu. Nik kontzientzian garbi daukat hori errespetatu izana. Nik segitu nahi dut bertsotan eta segitu nahi dut bereziki lehian. Baina iruditzen zait momentu honetan Nafarroako bertsolaritzari askoz mesede gehiago egiten diodala lehia modu berri bat gehitzen badut. Eta hartara txapelketan ez diot inori tokirik kentzen. Jende asko dago txapelketan parte hartzeak sekulako ilusioa egiten diona, eta, niri, behin hona iritsita, lotsa ere emango lidake aurkeztea. Zertarako aurkeztuko naiz dagoeneko bere funtzioan sinisten ez dudan txapelketa batera? Ez dudanean aportatzeko ezer? Norberak egin behar du hausnarketa hori, eta nik egin dut. Baina nire buruarekin tratua egin dut, eta ez dut haserretu behar desafio honen ideia gaizki hartzen duen inorekin.

Gatozen desafiora: ekainaren 14an, Elizondoko Lur aretoan.

Hasiera batean horrela jarri dugu, igandez, garai batean hala jokatzen zirelako desafioak. Baina dena dago hitz egiteko, akaso larunbatera aldatuko dugu... Dena daukat Juliorekin hitz egiteko. Printzipioz berak onartu egin du eta aurrerantzean hitz egingo dugu.

Zergatik aukeratu duzu desafio formatu hori?

Desafioaren filosofia ondorengoa da: elkar hartuz, broman jardutea helburu duen zerbait egitea. Luze jardun gaitezke desafio kontzeptuaz beraz, baina bertsolaritzan erronka ikusi nahi ez duenak belarriak tapatu behar ditu, hori baita bertsolaritzaren funtsa. Eta hau esaten dut 150 ekitalditan 150 bertso antzu abestu eta gero. Bertsoak ez dira manifaren bukaeran abesteko apaingarriak. Edo idazten dira, eta behin eta berriz irakurtzeko modua ematen dute horrela; edo arrazoietan gehiago zein den neurtzeko balio dute. Hala izan da gaur arte eta hala izaten segitu behar du. Bertsolaritzaren milaka urteko funtsa izan den erronka ezabatzeko prozesu batean baldin bagaude, abisatu dezatela mesedez. Bitartean, bertsolaritzak lehia izaten segituko du.

Aurrekari historikoak ere topatu dituzu.

Nafarroako bertsolaritza jendaurrera berriz agertu zen legezko ekitaldi bat bezala Elizondoko 1936ko bertso gudu ezagunarekin. Mariano Izetaren euskararen aldeko lehen ekintza izan zela uste da –nire lehen txapela Mariano Izetak jantzi zidan–. Bertso gudu famatu hura 1936ko urtarrilean jokatu zen. Inazio Eizmendi Basarri aritu zen gaiak jartzen eta lehian, honakoak: Mixel Dargaitz, Patxi Elorga, Joanes Harriet Premundo, Joanes Ibarra, Ximun Ibarra Zubikoa, Martzel Larrosa, Jose Mari Mutuberria eta Beltran Sahargun. Baztango bertsolariak ziren denak. Eta bistan da prest zeudela arrazoietan elkarren kontra lehiatzeko. Kontua ez da nork duen arrazoia eta nork ez, baizik eta une horretan nork asmatzen duen arrazoirik onenak ekartzen. Garai hartako desafio horien berri izanda, iruditzen zait gaur egun ere bertso desafio batek ekarpen interesgarria egin dezakeela. Nire ni bertsolariarentzat baliagarria bada, ja nahikoa irudituko zait.

Desafioa ondo zehaztu gabe badago ere, berrogeita hamarna bertso aipatu dituzu.

Tira, kopuruak eta zehaztuko ditugu, baina ez da hainbeste. Edozein saiotan berrogeita hamar baino gehiago kantatzera irits gaitezke. Nik buruan daukat saioa hiru denbora bloketan banatzea, tartean atsedenaldiak jarriaz. Eta Juliori proposatu behar diot ofizio batzuetan aritzeko bakoitzak bertsokide bat eramatea. Baina, esanda bezala, hori guztia hitz egiteko daukagu.

Bertso desafioa, eta Silveirari ez zaio galtzea gustatzen.

Egia da, eta irabazten ez dakit.

Baina Elizondoko finalean ikusitako Julio Sotori irabazteko asko egin behar da bertsotan.

Bai, badakit. Lan asko egin beharko da. Eta egia da lana eta diziplina ez zaizkidala asko gustatzen, eta ulertzen ez baditut, are gutxiago. Oraintxe ikasi dut, esaterako, etxeko sua piztu beharraren diziplina. Sei hilabete daramat egunero egiten. Lehen egunean, ni bezalako norbaitek pentsatu behar balu hurrengo sei hilabetetan egunero egin beharko lukeela, segur aski ez luke egingo. Eta, tira, egin dut, eta oraindik ez zait lana denik iruditu ezta goiz batean ere.

Datozen bi hilabete eta erdian Julio Soto gailentzeko egin beharko dudan lan guztiaren kontziente naiz. Baliabideak jarri ditut, eta eguneroko nire bizitzaren parte dibertigarri eta beharrezkoena izango dela uste dut, eta egingo dudala uste dut. Oraintxe badakit ezin dudala Juliok finalean egin zuen adina egin, baina tentagarriena hori da, helmuga berri bat jarri didala, eta horrek asko motibatzen nau. Nik oraindik ez diot irabazi finalean entzun genuen Julio bezain ona den norbaiti, eta horrek asko motibatzen nau.

 

Desafioa hor dago. Eta? Saio gehiago egingo dituzu? Zirkuitu berri bat sortu?

Momentuz ez dut bertso saioetara enkarguz joaten hasteko asmorik. Zirkuitu berri bat sortzekotan, ez dut nik sortuko. Badaukat sentsazioa desafioen istorio honek kate bat ekarriko duela atzetik, desafio gehiago etorriko direla. Hori gertatuko da gure baitan ditugun bertsolariek ados jarri eta horretara joatea erabakitzen dutenean.