oihana.llorente@gaur8.info

Gaztedi Dantzari taldeak maskarada plazaratuko du gaur Zalgizen

Hogei urte joan dira Bilboko Santutxu auzoko Gaztedi Dantzari taldeak maskarada lehen aldiz plazaratu zuenetik. Urteurren borobila ospatzeko berriz sartu dira kantiniersa eta zamaltzainen zapatetan, eta, Bizkaian aritzeaz gainera, maskaradaren aberrira joateko gonbita ere jaso dute. Gaur dute hitzordu handia Zalgizeko plazan.

Zuberoan inauterietako igandetan ohikoak dira manexen txangoak. Autobusak aparkatu eta kamera kolkoan duten japoniarren antzera, Bidasoaren bestaldekoak prest izaten dira kantiniersa eta zamaltzainen espektakulua filmatzeko. Gaurkoan, baina, arrunt desberdina izango da Zuberoako Zalgize herrian izango den ikuskizuna, paperak trukatu eta manexak izango dira-eta bralia dantzatzeko gonbita zuberotarrei luzatuko dietenak.

Zehazki, Bilboko Santutxuko Gaztedi Dantzari taldeko kideak izango dira Zalgizeko plazan arituko direnak. Haiek izango dira, gainera, Zuberoako herrialdean maskarada bat antzeztuko duen lehen manex taldea. «Ohorea» da bizkaitarrentzat eta oinen antzera dituzte kirioak, dantzan.

63 urte luzeko historia du Gaztedi Dantzari taldeak. Bizkaiko talde zaharrenetarikoa da Santutxukoa, eta, aspaldikoa eta berezia den harremana du Zuberoako maskaradekin. Bi hamarkada baino gehiago igaro dira Zuberoara lehen bidaia egin zutenetik. Hala azaldu digu bederen, Ane Ituiño Gaztedi Dantzari taldeko dantzari ohiak: «Euskal Herriko dantzak bertatik bertara ikasteko ohitura du gure taldeak. Axuri beltza ikastera Jaurrietara joan izan gara, Otsagiko dantzak ere bertan ezagutu ditugu, eta, garai hartan Zuberoako maskarada bertatik bertara ezagutzeko hara joan ziren gure aurrekoak, hango maisu eta maistrekin ikastera». Ordutik urteroko zita da santutxuarrentzat maskarada eta hogei urte hauetan ez dute hutsik egin Zuberoako inauterietan.

Zuberoan ikusitakoa gustatu, ikasi, eta ederto entseatu ondoren, 1994. urtean Zuberoako maskarada oso bat Bizkaian plazaratu zuen Gaztedik. Behin baino gehiagotan plazaratu, gainera. Ez dago argi hura izan ote zen Hego Euskal Herrian estrenekoz maskarada oso bat kaleratzen zen lehen aldia. Batzuek baietz diote, beste batzuen aburuz, ordea, Donostiako Argia taldeak egin zuen lehen aldiz 80ko hamarkadan.

Aitzindariak izan ala ez izan, esperientzia ederra izan zen maskaradarena, eta aurten, 20. urtemuga borobila ospatzeko, marexale edota buhameen trapuak jantzi eta berriz atera nahi izan dute Bizkaiko plazetara.

Zuberotarren antzera aratuste garaian dantzaz, mintzoaz, musikaz eta abestiez baliatuta lanbideak antzeztu dituzte Gaztedi Dantzari taldekoek. Santutxun, sorterrian, egin zuten lehen erakustaldia pasa den martxoan. Bilboko alde zaharrera jaitsi ziren ondoren. Eta Zamudion egin dute azken espektakulua, euskara taldeak antolatutako Euskal Astearen baitan.

Dantzaren berora hurbildutako ikusleen artean Zuberoatik bertatik etorritako Zalgizeko herritarrak zeuden. Ikusitakorekin hunkitu eta maskaraden aberrira gonbidatu dituzte dantzari bizkaitarrak. Zalgizeko gazteak izan dira gainera, Iruri herrikoekin batera, aurten hamalau astez, astebururo-astebururo, Zuberoa alaitu dutenak. Izan ere, urtero herri bateko gazteek dute maskarada antolatu eta herrialdea zeharkatzeko ardura eta ohorea.

Autobusa hartuta, atzo iritsi ziren Zalgizera dantzari bizkaitarrak. Gaur dute estreinaldi handia, Zalgizeko herriko besten egitarauaren barruan, eta sekulako ahalegina egin dute maskarada txukun bat antzeztu ahal izateko. Oraingoan, gainera, berrikuntza gisa beltzen taldean bost enseinari jarriko omen dituzte dantzan.

Tokian tokikoa

Orain hogei urte egin zuten moduan, termino soziologiko eta linguistikoetan Bizkaira egokitutako antzezpena plazaratu du Gaztedi Dantzari taldeak. «Zuberoan hain tradizio handia duen maskarada ezagutarazi nahi genuen, baina, betiere, tokian tokiko, gure kasuan Santutxuko, errealitatera egokituta egin nahi genuen», azaldu digu Ituiñok.

Hitzetan oinarrituta dauden adierazpideak, horrenbestez, tokian-tokian uler ditzaten egokitu dituzte. Zubereraz mintzatu eta kantatu beharrean, euskara batuaz zein bizkaieraz egin izan dituzte predikua eta sermoiak. Kherestuen papera, aldiz, galegoek hartu dute Bizkaian. Biarnesez aritzen dira Zuberoako kherestu originalak, zaldia zikiratzeko ofizioa haiena omen zen-eta aspaldian. Lanera etorritakoen paralelismo bizkaitarra galegoek antzeztu dute Bilbo inguruan. Santutxura bisitan etorritako zuberotarrek kherestu modernoei fitsik ulertu ez zieten arren, idei paregabea iruditu zitzaien galegoen fitxaketa. Hala azaldu digu Ituiñok, bederen.

Predikuetan egon ohi da maskaradaren mamia. Buhame eta kauteren hitzartzeetan eta Xorrotxek kobletan ironiaz eta umorez azaltzen dituzte herritarren burukomin izan diren arazoak. Hortaz, herriaren arabera, igandero, desberdina izan ohi da Kabana Handiaren predikua.

Bizkaitarrek ere euren erara moldatu dute predikua, eta, Santutxun, Bilbon eta Zamudion egindako hitzartzeak desberdinak izan arren, bizi dugun egoera sozioekonomikoaren kritika egin dute guztietan. Hizkuntzaren, gazteen eta euskal presoen egoeraz ere kezkatuta agertu da Kabana Handia ikuskizun guztietan.

Bizkaitarrek, baina, etxetik kanpo jokatzen dute gaurkoan eta hizkuntzaren zailtasun gehigarriarekin egingo dute topo. Izan ere, predikuak eta koplak zubereraz egiten ahaleginduko dira Gaztedi Dantzari taldeko kideak. Hala iragarri digu Ane Garai dantzariak, eta, abestea eta antzeztea maskaradako egiteko zailena dela aitortu digu ere. «Gu, azken finean, dantzariak gara. Hobeto edo okerrago baina dantza egitera ohituta gaude, ez, ordea, antzeztera. Gainera, zubereraz egin behar hori... Bizkaitarrek, gainera, ez dugu zuberotarrek bezain ongi abesten!», azaldu digu irriñoa ahoan duela Garaik.

Errespetua handiarekin doaz Zalgizera. «Erronka handia da bertara joan eta eurena den zerbait egitea, ea pozik gelditzen diren», esan digu Garaik.

Predikua zirikatzailea izango dela aurreratu digu, baita testua prestatzeko Zalgizeko bizilagunak izan dituztela lagun ere. «Bertan gertatutako hainbat pasarte eta bitxikeria kontatu eta haiek erabiliko ditugu ikusleak zirikatzeko», aitortu digu.

Guztira 50 partaidetik gora izango ditu gaurko ikuskizunak, dantzariak eta musikariak aintzat hartuta. Egun Gaztedi Dantzari taldeak hogei bat dantzari ditu nagusien taldean, eta, beraz, taldekide ohien laguntza ezinbestekoa izan dute. Maskaradaren abenturara azkar animatu den horietakoa da Ituiño. «Askotan entzuna nuen maskaraden kontua, baina nire garaian ez genuen antzezteko aukerarik izan. Orain birritan pentsatu gabe animatu naiz», kontatu digu kantiniersaren paperean sartuko den santutxuarrak.

Dantzariak, gainera, ez dira bakarrik joan, beraiekin batera hamarnaka santutxuarrek egin baitute Zuberoara txangoa. Horrenbestez, bizkaitarrez gainezka dago uneotan Zalgize inguruan den Urdiñarbeko kanpina.

Giharreko minari aurre hartu eta orduak sartu behar izan dituzte entseguetan, bereziki Ituiño bezala dantzaren soka berrartu dutenek. «Aspaldi ikasi nuen, ederki kostata, eta orain berreskuratu behar izan dut. Orain, gainera, ez daukat lehengo forma!» aitortu digu barre artean. Irailetik, maskarada egitea erabaki zutenetik, astean birritan aritzen dira gutxienez entseguetan parte hartzen.

Pertsonaia bakoitzak dantza bat plazaratu behar du, batzuk xamurragoak eta besteak konplikatuagoak. Gorrien taldekoak izan ohi dira dantzari dotoreenak, beltzak, bien bitartean, zabarrenak izan ohi dira. Ituiñoren arabera sekretua pertsonaiak ondo aukeratzean datza: «Bakoitzak ondo dagozkion pausuak egitea da ederrena, bakoitza bere paperean sartzea eta hari zukua ateratzea».