Xabier Mikel Errekondo

90-60-90

Rol eta estereotipo jakin batzuen mende bizi gara. Ze itxura fisiko izan behar dugun burmuinak etengabe mailukatzen dizkiguten aldizkari eta telebista handiek ezartzen digute nagusiki. Ikusmenak gainontzeko zentzuak estali dituenetik besteen itxura goiti-behiti dugu aztertzen eta norberaren irudiaz edozeren gainetik kezkatzen gara. Begiek dute erabakitzen. Mutila begi urdin eta ilehoria eta neska 90-60-90 neurrietakoa bada, perfekto! Brad Pitt edo Angelina Jolie edertasun eredu direnik zalantzan inor gutxik jartzeraino. Balore horien arabera neurtzen dugu; txikiak, lodiak ala itsusiak garen naturalki onartzeraino. Ja ez nau ezerk harritzen, izan ere, gehienok harrapatuta bizi gara itxuraren zurrunbiloan, botoxaren eta silikonaren maitale amorratu bihurtzeraino, ezpainak lodituz, bularrak puztuz, ipurdiak altxatuz, masailak betez...

Libre da edonor bere gorputzarekin nahi duena egiteko, ez dut nik kontrakorik esango, baina nago estereotipo horien katean erortzen dena aske baino preso dela. Soilik begietatik elikatuz itsututa bizi gara, konturatu gabe eredu horiek ikurrak baino ez direla, postal hutsak. Erremedio erraza du ordea: gutxiago erabili begiak. Ipini partxea eta izan pirata. Beste lau zentzuak berpiztuko zaizkizu. Usaimenari, dastamenari eta ukimenari uko egin gabe, entzute hutsak postalik ederrenak ere eskainiko ez dizkizun gogo eta irrikak piztuko dizkizu. Orduan, bestearen begirada ikusten ikasiko duzu eta baita beste modura begiratzen ere, zentimetroetatik harago. Edertasun idilikoaren estereotipoekin mailukatzen zaituzten olatu erraldoi etengabeak nekez desagerraraziko dituzu, baina pirata partxedunaren oskolean iskin egingo diezu. Horrela, zentimetroen araberakoa edo postalezkoa beharrean, hiru dimentsioko pertsona ezagutuko duzu, benetakoa. •