Mikel Zubimendi

Sinpatiak irabazteko koaderno txikiko notak

Euskal Herria uda giroan, festa eta polemika erritualetan, bete-betean sartua den honetan, sarraski latza gertatzen ari da Gazan. Hein batean, pasibo hartzen gaitu, gertatutakoa normala bihurtzeraino. Irrati eta telebistetako klasiko bat baita gertatzen ari dena. Urtetik urtera izenez aldatu arren, urtero errepikatzen den operazioa. Heriotzaren orgia totala.

Kausa eta kultura arabiarrarekin ni baino gehiago liluratutako lagun batekin aritu nintzen aurrekoan sarraskiaren normaltasun honetaz. Zer egin dezakegu? Nola adierazi amorrua? Nola lagundu anaia-arreba palestinarrak? Mila kontu izan genituen hizpide. Eta koaderno txikia eskuartean nuenez, garagardo bat bestearen atzetik hartuz, laguntzarako gida moduko bat osatzen hasi ginen. Inori lezioak emateke, jakina. Gu, euskaldunok, gure min, gabezi eta ezinen jabe garela ahazteke. Gurean asmatzeak aski buruhauste eta energia eskatuko dizkigun jakitun.

Zer egin behar ote dute palestinarrek komunikabide errespetagarrien sinpatia eskuratzeko? Giza eskubideen zilegitasuna bereganatzeko? Nire lagunak zioen bezala: funtsean israeldarren taktika eta metodoak kopiatu. Horrenbestez, hemen uzten ditut hainbat kode. Baliagarriak badira, zorionekoa ni. Eta bestela ere, anaia-arrebei laguntzeko saio xume honen eskutik, poza eta gustua beti nireak.

 

Palestinarrek israeldarrak hiltzea justifikatuta dago baldin eta euren telefono mugikorretara deituta ala teilatuetan tok-tok jota aurrez abisatzen badituzte: «Aizue, hil egin behar zaituztegu!».

Palestinarrek lasai asko bonbarda dezakete Israel baldin eta aurrez zibilak mintzeko asmorik ez dutela adierazten badute.

Palestinarrek komunikabide errespetagarrien sinpatia bereganatuko dute Israelen zauritu edo hilko dituztenak kontrol eta komandantzia guneetan zeudela aldarrikatzen badute.

Palestinarrek israeldarrak hiltzea justifikatuta egongo da zibilen artean terrorista israeldarrak ezkutatzen direla aldarrikatzen badute.

Palestinarrek egun baino etsai kopuru askoz handiagoa hil behar dute, gutxien-gutxienez Gazako egungo heriotza ratiora iristeraino (200-0). Izan ere, israeldarren artean heriotzarik ez izateak Israel biktima bihurtzen du, eta ez alderantziz.

Palestinarrek arma modernoagoak, aurreratuagoak eskuratu behar dituzte. Izan ere, Human Rights Watch erakundearen arabera, arma modernoagoak edukitzeak nagusitasun morala ematen dizu eta gerra krimenak egiteko gaitasuna gutxitzen du.

Palestinarrek hain pobreak ez diren azenturik gabeko ingeles hiztun gehiago behar dituzte, horrela audientzia globalaren aurrean atseginagoak izango baitira.

Palestinarrek aire-indar indartsu bat izan behar dute, eta, horrez gain, erregularki erabili behar dute israeldarren aurka. Horrela, Mendebaldeko ikusleak are gehiago inpresionatzea lortuko dute.

Palestinarrek Nazio Batuen Erakundean Mikronesiaren eta Marshall Uharteen laguntza eskuratu behar dute. Izan ere, bi estatu horiek izugarri laguntzen dute Israelen aukako nazioarteko kondena eragozten Nazio Batuetan.

Palestinarrek utzi egin behar diote Israeli non eta noiz bonbardatu erabakitzeko informazioa ematen dioten kolaboratzaile eta espiak zigortzeari, kolaboratzaile eta agente horiek baitira Mendebaldeko komunikabide eta gobernuek maite dituzten palestinar bakarrak.

Gazako palestinarrek gogorarazi egin behar diote Mendebaldeari –Israelek egunero egiten duen bezala– bertako gobernua eskualdean libreki aukeratutako bakarra dela.

Azkenik, palestinarrek beren kausaren aurkako eraso oro arrazista eta antiarabiarra dela esan behar dute etengabe, Israelek bere gerra krimenen eta politikaren aurkako kritika oro antisemitatzat jotzen duen bezalaxe. •