Jose Angel Oria

Afrikako gizarte gazteetan biharko iraultzak egosten hasiak dira, eta Europako ekialdea husteko bidean da

Munduan nagusi den ezberdintasunaren beste aurpegi bat eskaintzen digu egunotan makina bat hedabidetan argitaratu duten herritarren batez besteko adinaren araberako mapak. “CIA World Factbook” izeneko dokumentua urtero argitaratzen du CIAk, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak. Egileek diote tresna horren bitartez hobeto ulertzen dela populazioa non den gazteagoa eta non zaharragoa, eta, hortik abiatuta, herrialdeen joerak eta eraginak asmatzeko ahalegina egin dezaketeela adituek.

Edonola ere, gauza bat oso argi uzten du mapak: datozen urteetan ere, etorkin ugari ibiliko dela munduan, herrialde gazteenek ez baitute bertako populazioari etorkizun oparoa eskaintzeko aukerarik eta, aldi berean, herrialde zaharrenek gazte horien beharra baitaukate.

Niger, gazteena

«Garapen bidean» dagoela dioten Niger litzateke munduko herrialderik gazteena, bertakoen batez besteko adina 15,1 urte baita. Zaharrenak, berriz, Japonia eta Alemania lirateke, herrialde horietako herritarren adinaren batez bestekoa 46,1 urteraino iristen baita.

Nigerrekoen batez bestekoa hirukoiztu egiten dute industrializatutako bi herrialde horiek. Nabarmentzekoa da bi herrialde zaharrenek Bigarren Mundu Gerran esku hartu eta galdu egin zutela, eta gatazka haren ondorioz beren indar armatuak erabiltzeko garaian beste estatuek ez zituzten mugak izan zituztela, orain urte batzuk arte bederen.

Herrialde gazteenen sailkapenean Nigerren atzetik Uganda (15,5 urte) eta Mali (16) ageri dira. Afrikakoak dira munduko hamabost herrialde gazteenak. Mapari erreparatuz gero, kontinenteko iparraldean eta hegoaldean daude salbuespenak: herrialde arabiarrak alde batetik, eta Hegoafrika bestetik.

Afrikako mendebaldeko herrialdeetan jasaten ari diren ebola izurritea hasi baino lehen egindakoa da CIAkoen txostena. Hildako gehien zenbatu dituzten hiru herrialdeak gazteenen artean ageri dira: Liberiako herritarren batez besteko adina 17,9 urtekoa da; Gineako Errepublikakoa, 18,7 urtekoa; eta Sierra Leonakoa, 19 urtekoa.

Gatazkarako joera

Herrialde horien ondoan dauden Boli Kosta (20,3) eta Ghana (20,8) dira, hegoaldeko estatuak eta arabiarrak alde batera utzita, 20 urteko muga gainditu duten bakarrak. 2001eko mapan inguruko beste herrialdeen kolore bera zuten Boli Kostak eta Ghanak, baina orain hegoaldeko Angolaren pare daude.

Begirale batzuek uste dute herrialde gazteenek gatazka politikoak bizitzeko aukera gehiago izaten dutela. Lionel Beehnerrek 2007an argitara eman zuen lanak, esaterako, horixe nabarmentzen zuen. Washingtonen egoitza duen PAI Population Action International elkarteak egindako ikerketaren arabera, AEBetako atzerri politika aztertzen duten adituek gero eta gehiago onartzen dute gazte asko dituzten herrialdeek ezegonkortasun politikoa izateko arrisku handiagoa dutela, biztanle zaharrekoek baino.

Adituen ustez, herrialde horietan langabeziak gora egiten du etengabe, eta gazteek ez dute etorkizunik ikusten. Gurasoekiko menpekotasuna izaten dute, eta autoestimua oso kaltetuta. Horren eraginez, «matxinoek edo talde terroristek» bereganatzeko aukera gehiago izaten da, betiere aditu estatubatuarren arabera. Instituzio ahulak dituzten herrialdeek edukiko lukete arriskurik handiena. Eta, gaur egun, munduko instituziorik ahulenak Afrikan daude, ebola izurriteak berriz erakutsi digun moduan.

Arabiar Udaberria deitu izan den matxinada fenomenoa etorkizun falta horrexek eragin zuen 2010eko abendutik aurrera. Tunisiako gazteek zutitu zuten iraultza giroa, eta berehala hasi ziren gainerako herrialde arabiarretan agintarien aurkako mobilizazioak. Eta Tunisian bertan zein Egipton ordura arteko diktadoreak agintetik kentzea lortu zuten manifestariek.

Protestak berriz Egipton

Gerora gauzak asko nahastu ziren ordea, eta itxaropena eragiten hasi zen Arabiar Udaberria erabat militarizatu zen (Libia eta Siria lirateke kasurik argienak). Herritar mobilizazio baketsuen lekua joera ezberdinetako talde armatuek hartu zuten, eta itxaropena desagertu egin zen. Egiptoren kasuan, gainera, lehen aldiz demokratikoki aukeratutako agintari berriak (Mohamed Morsi presidentea eta bere alderdi islamistako kideak) atxilotu egin zituzten beti benetako agintean (Washingtonen laguntzarekin) egon diren militarrek. Eta gaur egungo egoera Mubarak diktadorearen garaikoa baino okerragoa da.

Horregatik hasi dira berriz mobilizazioak faraoien herrialdean. Militarren Gobernuak ez du krisi ekonomikoa konpontzeko urratsik egin eta egoera gero eta okerragoa da, azken asteotan manifestazioak egiten hasi diren gazteen arabera.

“Nazka-nazka eginda gaude” izena jarri diote sortu berri duten mugimenduari, Arabiar Udaberriaren hasierako filosofiarekin, beste kontinenteetara hedatzea lortu zuenarekin, bat eginez. Salatzen dute Egipton bizitzea gero eta garestiago dela, elikagaien salneurriek etengabe gora egiten dutela eta milioika lagunek jasaten dutela energia eskasia. «Erietxeetan umeak hiltzen ari dira argindarra falta delako. Eskualde gehienetan edateko moduko urik gabe daude. Nazka-nazka eginda gaude. Itotzen ari garela ulertu behar dute egiptoarrek. Horretarako beranduegi ez izatea espero dut», adierazi zion joan den astean Ragayi Ali langile egiptoarrak Irango PressTV ingelesezko telebista kateari.

Ikusi egin beharko da protesta mugimendu berria noraino iristen den, Abdel Fath Al-Sissiren «Egipto berrian» oso garesti ordaindu behar izaten baita agintarien aurkako mobilizazioetan esku hartzea.

Mubaraken aurkako mobilizazioak bultzatu zituen Apirilak 6 mugimendua militarren jomugan dago. Ahmed Maher burua preso daukate eta aste honetan bertan gose greba egiten hasi da, beste ehunen bat presorekin batera, Protesta Lege berriaren aurka. «Agintariak estutzeko egin dezakegun gauza bakarra baraualdia da. Bakarra eta azkena», adierazi zuen Walid Ahmed Shauky oraindik kalean dagoen eledunak.

Bestalde, Morsi presidentearen jarraitzaile batzuek ere bat egin dute gose grebarekin.

Gazako umeak

Egiptoko herritarren batez besteko adina 25,1 urtekoa da; Marokokoa, 28,1 urtekoa; eta Tunisiakoa, 31,4koa.

Palestinari dagokionez, CIAkoek hiru datu eskaintzen dituzte: Gaza da eremurik gazteena, 18,2 urteko batez bestekoarekin, Zisjordania ageri da ondoren, 22,4 urterekin, eta Israel azkenik 29,9 urterekin.

Aipatzekoak dira orobat azken bolada honetan txikizioa baino ezagutu ez duten herrialde arabiarrak: Irak (21,5), Siria (23,3) eta Yemen (18,6, ia Gaza bezala). Ekialde Hurbilean sekulako eragina duen Saudi Arabiako herritarren batez besteko adina 26,4 urtekoa da.

Zaharrenen sailkapenean, berriz, Europako herrialdeentzat dira goiko postu gehienak. Japonia eta Alemania lirateke bi lehenengoak (46,1). Hirugarren lekuan Italia ageri da (44,5 urte) eta laugarrenean, Austria (44,3). Bosgarren postuan Birjina Uharteak daude (44,2).

Euskal Herriari dagokionez, zaharren sailkapeneko lehen postuetatik gertu dago, CIAkoek Estaturik gabeko nazio hau kontuan hartzen ez badute ere. Estatu espainoleko herritarren batez besteko adina 41,6 urtekoa da, eta frantses Estatuan, 40,9koa.

Gaztez lepo dagoen Afrikan milioika lagun lanik gabe daude, horrek eragiten duen ezegonkortasunarekin, baina herrialde industrializatuetan oso bestelakoa da kezka: populazioa zahartzen ari da eta, kanpotik langile gazteak etorri ezean, gizarte horiek ez dute izango gaur egungo bizimoduari eusteko aukerarik.

Are gehiago, egungo joerak aldatu ezean, herrialde batzuk «desagertu egingo dira». Hori idatzi zuten behintzat Errusiako expert.ru webgunean, PRB Population Reference Bureau elkarteak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egindako proiekzioetan oinarrituta.

Errusiako hedabideak egindako lanaren arabera, Europako lau herrialdek eta Japoniak edukiko lukete desagertzeko arrisku handiena.

Asiako herrialdeen kasua nabarmentzeko modukoa da, 2050erako gaurko populazioaren % 25 inguru galdu egingo baitu: egungo 126,9 milioi biztanletik, 95,2 milioi biztanlera.

Japoniaren zahartze prozesua asko ikertutako gaia da. Adituek diote 1970ean herrialdeak zituen zaharren kopurua hirukoiztu egin dela. Gainera, japoniarrek ume gutxi izateko joera dute gaur egun, eta askok herrialdetik alde egitea erabaki dute azken urteotan. Etxebizitza garestiegiak eta lana aurkitzeko arazoak leudeke fenomeno horien atzean.

Europako ekialdea

Errusiako expert.ru webguneak egin duen txostenaren arabera, aspaldi honetan gerra kontuak baino eskaintzen ez dituen Ukraina ere desagertzeko bidean da. 2050erako gaurko populazioaren % 23 inguru galdu egingo du: 45,8 milioi biztanle izatetik, 35,3 milioi izatera.

Desagertzeko arrisku handiena duten herrialdeen sailkapenean Bosnia-Herzegovina ageri da hirugarren lekuan. Balkanetako herrialdeak populazioaren % 19,6 galduko luke hurrengo 36 urteetan. Kasu honetan jaiotza-tasa txikiak (munduko txikiena) eragiten du populazioaren horrenbesteko murrizketa. Adituek uste dute hemendik urte batzuetara oso gazte eta ume gutxi eta zahar asko izango dituela Bosniak.

Bulgaria ere teorikoki desagertu daitezkeen herrialdeen zerrendan dago, laugarren postuan (populazioaren % 18,2 galduko luke 2050erako), baina ez jaiotza-tasa txikia izateagatik, 20 eta 39 urte bitarteko herritar askok lan bila atzerria alde egin duelako baizik.

Tankerako arazoa dute garai batean Sovietar Batasunean sartuta zegoen Georgian ere: jaiotza-tasa ona, baina lan bila kanpora joan beharra, pobreziaren eraginez. Georgiak populazioaren % 17,2 galduko luke datozen 36 urteetan.

Gobernu eta enpresa komertzialei finantza ikerketa eta analisiak egiten dizkien New Yorkeko Moody´s Corporation enpresak prestatutako txosten baten arabera, herrialde jakin baten populazioaren zahartzeak arazoak eragiten dizkio bertako hazkunde ekonomikoari.

Egun, Alemaniako, Italiako eta Japoniako herritarren % 20 inguruk 65 urte edo gehiago dauzka. Zerrenda hori asko luzatuko da datozen sei urteetan eta, adituek egin dituzten proiekzioen arabera, 2020an beste hamar herrialde iritsiko dira % 20 horretara, gehienak Europakoak, Estatu frantsesa, Kroazia, Portugal, Suedia, Eslovenia eta Herbehereak baitaude egoera horretan. Gainera, 2030erako, AEBek, Britainia Handiak, Hego Koreak eta Zeelanda Berriak arazo bera izango dute. Baita Txinako Hong Kong hiriak ere.

Moody´s Corporationekoek esplikatu dutenez, azken mende erdian munduko populazioak 1.000 milioi lagun gehiago izaten zuen 15 urtean behin, gutxi gorabehera. «Dibidendu demografikoa» deitzen zion hazkundeari, antza denez hazkunde ekonomikoa bultzatzen zuelako. Baina «dibidendu» zena «zerga demografiko» bihurtzen ari da.

Herrialde gehienetan (Afrikakoak dira salbuespena, kasu honetan ere), gero eta pertsona gutxiago dituzte lan egiteko adinean. Arazo hori konpontze aldera, aditu batzuek proposatzen dute kontzeptu hori (lan egiteko adina) aldatzea, 65 urte beteta edukita ere, gaur egun herritar asko sasoi ezinhobean baitaude lanerako zein etxean edo auzoan zerbaitetan aritzeko.

Kuba da, gizartearen zahartzeari dagokionez, Latinoamerikako sailkapeneko lehen postuan dagoena, bertako herritarren batez besteko adina 39,9 urtekoa baita, ia Europako mendebaldeko herrialdeetakoa. Bertan aspaldi hasi dira zahartzaro gogotsu eta pozgarria lortzeko egin beharreko urratsez eztabaidatzen. Bolivia (23,4), Ekuador (26,7), Venezuela (26,9) eta Brasil (30,7) puntu horretara iristeko urruti daude oraindik.