Oihana Llorente Arretxea

LOMCE legeak eta eskola astearen erreformak markatutako ikasturtea

Erreforma hotsekin itzuli dira ikasleak ikasgeletara. Eskola astea eraldatuta aurkitu dute Ipar Euskal Herriko haurrek eta LOMCE legearen itzala sumatu dute besteek. Zaratarik apenas atera gabe ezartzen ari da Werten lege polemikoa. Hezkuntza Plataformen Topaguneak, baina, alarma piztu du: « Konturatu orduko bustiko gaitu».

Hilabete hasieran, Bidasoaren bi aldeetan ia 500.00 ikaslek motxila bizkarrean hartu eta ikasturte berria abiatu zuten. Orain, tokian tokiko egokitzapen garaiak bukatzear direla, goizez zein arratsaldez ekingo diote ikasleek kurtsoko martxari. Aurtengoan, baina, badira nobedadeak, Ipar zein Hego Euskal Herrian gainera.

Ziburuko Kaskarotenea ikastolako hamabi ikasleek bizi duten egoera eta eskola astearen erreforma izan dira Ipar Euskal Herrian protagonista. Ziburuko ikastolako hezkuntza komunitatea egunero-egunero 100 euroko isunari aurre egin beharrean aurkitzen da, Ziburuko Udalak bere garaian utzitako eraikina kendu nahi eta auzapezak berak bultzatutako auzian epaitegiek ikastolaren kontrako epaia hartu ondoren. Eskola astearen erreforma ere bada albiste, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko eskola gehientsuenetan baitu eragina. Aldaketak Lehen Hezkuntzako haurren ordutegia arintzea omen du xede; hala, egunero ikasketa ordu gutxiago dituzte haurrek, baina klaseak lau egun eta erdiz izango dituzte, ez lau egunez orain artean bezala. Guraso eta irakasleen artean, aldeko zein aurkako jarrerak daude.

Hego Euskal Herrian ere LOMCE legearen itzalpean abiatu da ikasturtea. Jose Ignacio Wertek zuzendu eta PPren gehiengo osoaren babesarekin ezarritako legea praktikan ipintzeko unea heldu da. Azken urteetan Estatuko zein Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen haserrea eta askotariko protestak eragin dituen erreforma, baina, oharkabean pasatzen ari da orain. Zaratarik apenas atera gabe hasi dira aplikatzen, ia zehaztapenik gabe eta pixkanaka. Kezka eta ziurgabetasuna da nagusi ikasle, irakasle, langile eta gurasoen artean.

Aitor Otaño, Leire Barrera de Castro, Samuel Pasandin, Araceli Gonzalez de Langarika eta Leire Zelaiarekin egon da GAUR8. Hezkuntzarekin kezkatutako ikasle, irakasle eta gurasoak dira guztiak. Orain bi urte ez zuten elkarren berri ere, baina hezkuntza arloan ezarri nahi zituzten murrizketek lehenengo, eta Madriletik zetorren legeak ondoren, protestaren bidea ibiltzera eraman zituen. Bakoitza bere eskolan, bere txikitasunean, baina, denak LOMCEren mamuaren aurka eta kalitatezko euskal hezkuntzaren alde. Teknologiaren leihoetatik han eta hemen antzerako protestak abian zeudela ikusi zuten. Elkarren berri eduki eta 2013ko maiatzean elkar ezagutzeko hitzordua zehaztu zuten. Hezkuntza Plataformen Topagunea jaio zen orduan.

Kopetilun daude denak eta kezkaz begiratzen diote abiatu berri den ikasturteari. LOMCEk praktikan zein aldaketa dakartzan azaltzeko eskatu diegu eta alderaketa meteorologikoa ipini digute begien aurrean: zirimiria. «Ez da ezarpen bortitza izango, eguneroko lanean ez dugu apenas nabarituko, baina, kontuz, konturatu orduko bustiko gaitu-eta!», ohartarazi du Aguraingo eskolako irakaslea den Zelaiak.

Bustiko duen zirimiria

Aurten zehazki, lau aldaketa daude. Lehena, erlijioarena. Eskola guztiek nahitaez eskaini behar dute erlijio katolikoa, gurasoek hala nahi izanez gero aukeran izan dezaten. Borondatezko ikasgaia izango da, baina bertako nota azken kalifikazioetan kontutan hartuko da. Erlijioa hautatzen ez duten ikasleek LOMCEk arautu duen Gizarte eta Herritar Balioak ikasgaia gauzatu beharko dute. Kutsu politiko argia ikusten dio ikasgaiari Gonzalez de Langarika gasteiztarrak: «Nire garaiko Formación del espíritu nacional ikasgaiarekin antzekotasun handiak ditu, erabat adoktrinatzailea da».

Nafarroan, UPNk bere egin du hezkuntza legea eta Madrilek ezarritako balioak sarbidea edukiko dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasgeletan, ordea, ikusteke dago oraindik zabalduko diren balore eta edukiak zeintzuk izango diren. Izan ere, Lakuako Hezkuntza Sailak onartutako edukiak landuko direla esaten bada ere, gaur-gaurkoz, irakasleek ez dituzte jarraibide gehiago.

«Nola balora daitezke baloreak?». Galdera hori bolo-bolo dabil irakasleen ahotan, ez baitzaie justua iruditzen baloreei nota bat ezartzea. Santurtziko Leire Barrera de Castro beldur da gainera, baloreen ikasgaia gogorrago planteatuz gero ikasleek nota altuagoa lortzeko itxaropenez erlijioaren alde egingo ez ote duten. Hori bai, ikasgaia Erlijioa ala Gizarte eta Herritar Balioak hautatu, beste ikasgaien ordutegia murriztu egin beharko da derrigorrez ikasgai berri hori emateko, eta, nola ez, bildutako denek argi dute arte hezkuntza izango dela kaltetuena.

Oztopo lasterketa

Ebaluazioa zeharo aldatzen du LOMCEk. Aurten ikasleen espedientean eraginik izango ez duela dioten arren, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan daudenak izango dira froga egiten lehenak. «Zer bilatzen da froga hauekin? Zortzi urtetik aurrera, ikasleak on eta txarren artean banatzea –dio Gonzalez de Langarikak–. Identifikatzea eta listo gainera, arazoak dituzten horiek markatuta geldituko badira ere, ez da beraientzat inolako bitarteko berezirik aurreikusten».

Ikasleen notak, gainera, ikastetxeen arteko ranking bat egiteko baliatuko dituztela uste du Barrera de Castrok. Hala, emango dituzten diru laguntzak ere ranking horren araberakoak izango ote diren beldur dira.

Ikasturte amaierako azterketa Madriletik etorri eta bertan zuzenduko omen da. Ikaslearen ibilbidea ahantzi eta egun bateko ahalegina hartuko dute bakarrik kontutan, eta, noski, edukiak berdinak izango dira Zestoan eta Guadalajaran. «Guk zazpi herrialdeetako mapak ikasten ditugu, baina bertan Espainiako probintziak galdetuko dizkigute», salatzen du Pasandinek.

LOMCEk curriculuma idazteko garaian ezarrita zeuden portzentajeak aldatu egin ditu. Orain arte Madrilek %55 eta autonomia bakoitzak %45 zehazteko eskumena zuen; orain, aldiz, %65 dago Madrilen esku. Datuon atzean «tranpa» dagoela uste du Otañok, eta, nahiz eta autonomia bakoitzak curriculuma apur bat moldatzeko eskubidea izan, amaierako azterketan Madrilek finkatutakoa sartuko dela ekarri du gogora.

Murgiltze eredua Werten dianan

LOMCEk euskara ere kaltetuko duelakoan daude irakasle hauek. Wertek hizkuntza ereduen sistema bermatuko duela esan duen arren, idatziz esan gainera, Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideek argi dute ereduen sistema agortuta dagoela eta hori gauza jakina dela Euskal Herrian. Oraingoa, gainera, «ereduen sistema alboratu eta benetan euskalduntzen duen sistema baten alde egiteko unea» dela uste du santurtziarrak. Murgiltze eredua, baina, Jose Ignacio Werten dianaren erdi-erdian dago. Izan ere, Katalunian gaztelaniaz ikasi nahi duten ikasleei eskola pribatuak ordaintzeko agindu dio Generalitateari.

Ikasturteko amaierako azterketak eta errebalida ama hizkuntzan egiteko aukera jasotzen da orain, baina, selektibitatearekin gertatu den bezala, itzulpenekin arazoak egon eta kalifikazioetan sumatzearen beldur da Barrera de Castro.

Zikloak ere kolokan jarri ditu LOMCEk. Orain arte, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza hiru ziklotan banatua zegoen eta ziklo bakoitza bi mailez zegoen osatuta. «Irakurketa eta idazketa, adibidez, lehen mailan lantzen da, baina ume bakoitzak bere erritmoa du, eta badira irakurtzen erabat ikasi gabe lehen maila bukatzen dutenak. Orain arte, lasaiago, erlaxatuago, aritzen ginen; bi urteko prozesuak ziren, aniztasunari lekua egiten zitzaion horrela. Orain helburuak ikasturteka zehaztu behar ditugu, eta ikasturte amaieran erabaki errepikatu ala ez. Abenduan jaiotakoek adibidez, aldea nabari dute», dio Gonzalez de Langarikak haserre.

Lege erreforma honek ingurunearen ikasketan eta eskola kontseiluen funtzioetan ere aldaketak eragiten ditu. Ingurunearen Ezaguera ikasgaia modu globalizatuan irakasten jarraituko duten arren, bi azterketa eta bi nota jarriko dituzte aurrerantzean: Natur Zientziak, batetik, eta, bestetik, Gizarte Zientziak.

Horrez gain, eskola kontseiluei eskumenak gutxitu eta zuzendariaren esku uzten du erabakitze eskubidea LOMCEk. Euskal Herrian, baina, guraso elkarte eta klaustroen protestek eskola kontseiluak blindatu dituzte eta gaur-gaurkoz bere horretan hartuko dira erabakiak.

Aurten Lehen Hezkuntzako kurtso bakoitietan izango du aplikazioa, hau da, lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan. Hurrengoa, kurtso bakoitien txanda izango da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan aurten ez dute aldaketarik sufrituko. Bai, ordea, Nafarroako Lanbide Heziketako zikloetan; horietan oinarrizkoagoa den maila bat osatuko dute, eta, hala, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan arazoak dituzten 15 urteko ikasleak bertara bideratuko dituzte.

Ikasleak bidetik kentzeko azpilana

PISA azterketan ikasle espainolek ateratzen dituzten emaitza eskasak daude aldaketa horren atzean. Hala uste du bederen Otaño oiartzuarrak: «PISAko emaitza kaxkarrak denbora errekorrean hobetu nahi dituzte. Nola? Ikasleak bidetik kenduz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek egiten dute PISA azterketa, eta, ikasle kaxkarrenak ordurako lan mundura bideratuta izango direnez, ez dute batezbestekoa jaitsiko». PISA aitzakia besterik ez da Gonzalez de Langarikaren aburuz. Izan ere, PISAn kontuan hartzen diren materiak bere horretan utzi eta gizarte zientziekin harremana dutenak egokitu dituzte.

Lanbide Heziketaren «degradazioa» izugarria da irakasle hauen iritziz. «Manikura laguntzaile edota tabernari laguntzaile izateko 2.000 orduko ikastaroak proposatzen dira, kalitatezko hezkuntza beraz, azkarren eta dirua dutenen esku geratuko da», dio Otañok amorruz.

LOMCERIK GABEKO HERRIA, HEZKUNTZA PLATAFORMEN TOPAGUNEAREN APUSTU ARGIA

Inposizio ororen kontra izanik, LOMCE legea ez aplikatzeko konpromiso irmoa eta euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko asmoa ditu oinarri Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Euskal Herrian barna pizten den mugimendu orok du lekua topagune honetan, eta, aldi berean, mugimendu horiek dira benetako protagonistak, eskolaz eskola eta herriz herri sortzen diren protesta kimuak. Santurtzin, Gasteizen edota Arabako Lautadan bide oparoa egin dute jada eta Muskiz, Enkarterri edota Sarriguren izan dira, beste hamaika herrik egin bezala, animatzen azkenak. LOMCEren kontrako milaka sinadura batu dituzte eta hamaika udalbatzek erabaki dute eurena LOMCErik gabeko herria dela.

Bi dinamika mota eraman dituzte aurrera. LOMCE zer den azaltzea eta informatzea batetik, eta, bestetik, hezkuntza komunitateak nahi eta behar duen hezkuntza zer-nolakoa den definitzea eta hura eraikitzen hastea. «Guk LOMCEk ezartzen digunaren guztiz kontrakoa nahi dugu: hezkuntza herritarra, parte hartzailea, hezkidetzailea, euskalduna...», dio argiki Leire Barrera de Castrok.

Orain arte egin bezala, irudimena izango dute arma eta LOMCEren ezarpena ekiditeko badituzte hamaika trikimailu. Inolako kolektibori ondorio kaltegarririk eragingo ez dioten egitasmoak direla argitu digute. Oraindik, baina, «konspirazio fasean» daudela ikusita, ez dugu gehiago galdetu.

LOMCEk zer dakarren zabaltzeaz gainera, eraikuntzan jarri nahi dituzte ahalegin gehienak. Izan ere, gure lurraldean barna badira Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideen gustuko esperientzia politak, adibidez Orioko herri curriculuma, Santurtziko eskola mapa edota jantoki autogestionatuak. Horiek eta beste batzuk ezagutzera emateko hezkuntza proiektuen bira egin nahi dute. Era berean, hezkuntza komunitatearekin estrategia komunak adosteko xedez gogoeta egun bat antolatzea dute buruan. Agenda bete lan dute, baina, tokian tokiko eginbeharrez harago, urriaren 11 gorriz margotuta dute: mobilizazio eguna deitu dute-eta hezkuntzako beste hamaika eragile eta sindikaturekin batera.

Gogotsu daude, eta LOMCEk hezkuntzan ezartzen duen iluntasuna argi printzekin argiztatu nahi dute. «Ilusioak eta indarrak mugitzen du jendartea, eta honek mundua. Horretarako, beharrezkoa da elkarlanean eragitea. Badakigu indarra daukagula, ikasleok, familiok, hezitzaileok, langileok, herritarrok, denok. Eta gure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari ekin nahi diogu, txikitik hasita, gure geletatik gure ikastetxeetara. Gure herrietatik Euskal Herrira», dio pozarren Leire Zelaiak.