Garazi Goia

Ironia, eta emakumea galtzen

Atentzioa ematen didate egoera ironikoek eta azaleko kontraesanek. Japoniari buruzko hausnarketa bat egingo dut gaurkoan. Kultura eta eguneroko bizitzako hainbat bereizgarrik urrutiko eta ezberdin bihurtzen dute; beste guztiaz bestelako bilakatzen duten hainbeste ezaugarri ditu, alegiazko etorkizun baten antzekoa. Kontrasteak erakartzen du hainbat jende. Ni neu ere bai. Munduko lurralde aurreratuenetako bat da, garapen teknologiko eta ekonomikoei dagokienez behintzat, eta gauzak hobetzeko duten grina benetan aipatzekoa da. Askotan, badirudi beraien agenda propioa dutela; beraiek bakarrik, beste inori laguntzarik eskatu gabe, aurrera egin nahi dutela ematen du. Testuinguru horretan ironikoa dena gizartean emakumeak izan duen rola izan da. Historikoki, tradizioetan iltzatuta dauden familien artean sortzen diren hierarkiak gailendu dira, beti aita edo gizonezko bat buru dutela. Emakumearen papera haurren zaintzara mugatuta zegoen edo bestela familien artean loturak sortzeko erabiltzen zituzten, beste familia edo tribuetako jendearekin ezkonduz. Erabili hitzaren aukeraketa apropos egindakoa izan da.

Gaur egun ere neurri handi batean antzeko jarrera eta dinamikak nabarmentzen dira gizartean eta oraindik ere gizonezkoen menpe daude hainbeste esparru. Bertako marko politikoak ere ez du laguntzen; agintean dagoen alderdi kontserbadorea Bigarren Mundu Gerratik egon da boterean, eta oraindik ere politika atzerakoian oinarritzea dira hainbat erabaki eta lege. Laurogeigarren hamarkadan egin ziren mugimendu feministen saioak ere, gehienak beren horretan gelditu ziren eta oinarrizko eskubideak babestea baino ez dute lortu.

Amélie Nothomb idazleak “Stupeur et Tremblements” izenburuko eta autobiografia itxurako liburu batean eman zituen argitara Japonian emakumeak lan ingurune batean jasotzen dituen apalkuntza eta laidoak. Amélie protagonistak Yumimoto izeneko enpresan izandako lan esperientzia du kontagai liburuan, eta erreferentzia egin diedan muturreko hierarkizazioaren adierazle dira berari gertatzen zaizkion hainbat gorabehera. Kontabilitate lan batean hasi, handik fotokopiagailuaren kargu egitera bidaltzen dute eta azkenean komunak garbitzera. Arauak desafiatzeagatik. Berdintasuna adierazi nahiagatik. Emakumea izateagatik.

Emakumea izateaz gain, mendebaldekoa izateak ere ez dio laguntzen liburuko protagonistari eta gure gizartean zorionez normalizazio baten adierazgarri diren jarrerak ere kolokan jartzen dira; adibidez, iniziatiba hartzea eta erabakiak proposatzea; edozein langileren iritzia aintzat hartzea. Eta Japoniako gizarteko beste hainbat balio ere zalantzan jartzen dira liburuan. Emakumeen zoriontasuna, adibidez. Horren isla Amélieren lankide baten deskribapena da: neska ederra da eta lanpostu ona dauka, baina mingostuta bizi da; oraindik ezkondu gabe egoteagatik lotsatuta bizi da eta bere ingurukoekin harremanak mugatzen dizkio. Izan ere, emakumeak hogeita bost urteren inguruan ezkontzea “arau” bat da eta betetzen ez duena ez da “zoriontsu”.

Edozeini surrealistak iruditzen zaizkion eszenak kontatzen dira liburuan, askotan komikoak ere badirenak. Baina hori da hain zuzen ironia, errealitateaz ari dela.

Japonian zerrenda ofizialetan erregistratuta dauden enpresetan, %2 baino gutxiago dira exekutibo postuetan dauden emakumeak. Konparaketa gisa Europan emakumeen %15 dira. Beste datu esanguratsu bat: Japonian haurrak dituzten emakumeen heren batek baino ez du lan egiten; Ingalaterran, AEBetan eta Alemanian, adibidez, %60ak eta Suedian %75ak. Duela urtebete Japoniako lehen ministroak eskaera bat egin zien enpresei, gutxienez emakume bat edukitzeko postu exekutiboetan. Emakume bat. Lehenengo pauso positibo bat dela pentsatzea beste erremediorik ez zaigu gelditzen. •