Oihane LARRETXEA DE LA GRANJA
Elkarrizketa
Konsue Salinas
Hezitzailea

«Irakaslearen rola aldatu egin da; ez dugu denetik jakin behar. Gelan egoerak sortzen diren neurrian ikasten dut nik»

Elkartasuna, berdintasuna eta lankidetza dira irakasle honen metodoaren oinarria. Garapenerako Hezkuntza deitzen zaio eta liburu batean bildu ditu gako guztiak.

Hurrengo esaldiari atxiki ohi zaizkion topikoak eta utopiak alde batera utzita, Konsue Salinasek mundu hobe batean sinesten du. Are gehiago, sinesten du gure esku dagoela hura hobetzea, eta lortzeko gai garela. Nahi izatea da gakoa; alegia, borondatea. «Pobrezia desagerrarazi dezakeen lehen belaunaldia garela diote. Baina nahi al dugu?», egiten du arrapostu. Aldaketa hori lortzeko, edo bide horretan aurrera egiteko, ikasgelak leku aproposak direla iritzi du, eta haurrengan gizartearen zutoin behar luketeen oinarrizko hiru balio hauek sustatu behar lituzketela: elkartasuna, berdintasuna eta bizikidetza.

Balio horiek dira, hain zuzen, Txantreako Bernart Etxepare ikastetxean aplikatzen duen Garapenerako Hezkuntzaren iparrorratza. «Erabat konbentzituta» ekin zion irakasteko modu honi orain zazpi urte eta, egun, autoprestakuntza prozesu luze baten ostean, gainerako irakasleak nahiz gurasoak informatzeko xedez, “Acercando la educación para el desarrollo a la escuela. Una mirada internacional, una mirada local” liburua idatzi du.

Garapenerako Hezkuntza aplikatzeko argudioez gain, legeez ere mintzo da bertan. Araudiei dagokienez, «sorpresa asko» aurkitu ditu dokumentazio lanetan. Esaterako, Europako Kontseiluak hezkuntza horren aldeko ebazpen bat onartu zuen 2001 urtean.

Liburua oso harrera ona izaten ari dela dio, pozik, eta aste bakarrean ereduari buruzko informazioa eskaintzen duen blogak (garapenerakohezkuntza.info) 700 bisita baino gehiago jaso ditu. Beharra dagoela erakusten du horrek, bere iritziz.

Garapenerako Hezkuntza. Bi hitzok, zein bere aldetik hartuta, ezagunak zaizkigu, baina zer esan nahi dute elkarren ondoan jarrita?

Gureaz bestelako kulturak eta errealitateak egon badaudela ezagutaraztea. Zertarako? Kontzientzia kritikoa izateko, baina ez horretara mugatzeko, baizik eta gizarte-eragile bilakatu, eta gizartea eraldatu ahal izateko.

Liburuan eredua txertatzeko argudioak eskaintzen dituzu. Zeintzuk dira arrazoi horiek?

Lehena, hezkuntzako helburu gisa jotzen dutela bai LOEk, bai Lomce-k. Baten eta bestearen artikuluetan hezkuntzako helburu gisa zehaztuta daude elkartasuna eta herrien arteko lankidetza. Halaber, 2001 urtean, Europako Kontseiluak ebazpen bat eman zuen, Europako herrialdeetako gobernuek hezkuntza sisteman Garapenerako Hezkuntza sar zezaten. Zer edo zer egin dute, baina Administrazioak oraindik ez digu irakasleoi helarazi betebehar edo ezinbesteko atal gisa.

Inkomunikazio hori da, neurri batean, liburua argitaratzeko arrazoia?

Irakasle askok egiten du lan ikuspuntu horren arabera, egia da. Kontua da borondatezko edota eskolaz kanpoko jarduera gisa hartzen dela, are Gobernuz Kanpoko Erakundeen ardura gisa ere. Alabaina, elkartasuna eta balio demokratikoak praktikaren bidez ikasten dira, baina ez baditugu irakasten ez dira garatzen.

Gaur egun ikasgeletan jatorri anitzeko ikasleak daude. Ohartzen al dira haurrak beste jatorri bateko pertsonak daudenaz?

Hori da elkarbizitza; aukera ematen digu beste kultura batzuk ezagutzeko, bizitza ulertzeko bestelako moduez jabetzeko. Zoritxarrez, errealitate hori zenbait ikastetxeetara dago mugatuta, ez baita guztietan ematen.

Horrelakoetan, gaitasuna eduki behar dugu ume horri harrera ona egiteko, partaide sentiarazteko. Izan ere, batzuetan haurrek sufritu egiten dute beren burua arrotz ikusten dutelako. Irakasleak oso adi egon behar dugu integrazioa bermatzeko. Jatorri guztiak aitortu behar ditugu, haien sustraiak landu, haien herrialdeak nolakoak diren azaldu… dena zentzu positiboan. Sustraiak onartu eta lantzen badira, haurrak gai dira ondo sentitzeko talde batean. Taldean egoteak ez du esan nahi kide sentitzen direnik. Beraz, hori da lehentasuna.

Errealitatearen aurrean ispilu bat jarriko bagenu, zer erakutsiko liguke?

Marko teorikoa eta legala oso aurreratuak daudela, baina ez direla gugana iritsi. Etengabeko prestakuntza horretan, ez diogu ildo horri heldu, eta, berriro ere, irakasleen konpromisoan dago gakoa.

Begira, 2009 urtean espainiar Estatuko Hezkuntza Ministerioak bere gain hartu zuen gai hau, Garapenerako Lankidetza Agentziak hartu beharrean, ordura arte bezala, eta lehen aipatutako Europako ebazpenaren zenbait estrategia bere egin zituen; adibidez, hizpide dugun moduan diharduten ikastetxeak nahiz irakasleak saritzea. Urtero, Estatu mailan, hamabost zentroren lana aitortzen da.

Partaide izan zinen aurreneko deialdi hartan.

Bai, eta jarraitu dugu sarean lan egiten. Denon sentipena da bakar-bakarrik gaudela. Elkartzean konturatu gara profesional asko ildo horretan ari garela, baina babestuko gaituzten argudioak falta direla. Garapenerako Hezkuntza terminoa existitzen zenik ere ez genekien… Pentsa, lantzen genuena, zer zen jakin gabe lantzen genuen. Finean, bizitza ulertzeko moduari izena jartzea izan da.

Nola txertatzen da eredua ikasgelan? Aipatuko zenuke zure zentroan egiten duzuen ariketaren bat?

Hainbat hizkuntzatan hasten dugu eguna: egun on, buenos días, good morning… Aurten, portugesez hitz egin eta aita Angolakoa duen haur bat dut, beraz, bom dia erantsiko dugu. Bulgariako bi neskato daudenez, euren hizkuntzan ere hasiko dugu eguna.

Gainerakoan, modu naturalean sortzen dira askotariko eztabaidak.

Oroitzen naiz ikasle batek panpin bat ekarri zuela, eta hanka hautsi zitzaiola. Horretaz ari ginela, jartzen diren bonba lapez mintzatu ginen, gerretaz… errealitatea gerturatzen diegu.

Beste batean, Guatemalara egindako bidai batetik bueltan, argazki bat erakutsi nien. Bertan, bi neskato ageri ziren, 7 eta 8 urtekoak, azokan pultserak saltzen. Galderak egin zituzten bata bestearen atzetik. Zergatik aritzen ziren horretan, zergatik ez zeuden eskolan eurak bezala… eta abiapuntu bikaina izan zen azaltzeko neska-mutil askori ez zaiela aukera hori ematen. Haserretu egiten dira munduarekin eta kontzientzia kritikoa hartzen hasten dira, hori onartezina dela defendatuz.

Batzuetan, badirudi arduraren zati handi bat irakaslegoari egozten zaiola. Gehiegi espero al da zuengandik?

Eredu honekin lan egitea, niretzat, ez da ardura, askapena baizik. Gelan asko disfrutatzen dugu eta oso giro polita sortzen da. Onartu behar dugu gizartea aldatu egin dela eta, gaur egun, gehiegikeria dela nagusi; estimulu gehiegi heltzen zaizkigu. Hezkuntzan gauza bera gertatzen da, eta ezinezkoa da arlo guztietan prestatzea. XXI. mendean irakaslearen rola aldatu egin da, onar dezagun, ez da ezer gertatzen horregatik. Ez dugu denetik jakin behar, ez da nire asmoa, ez naiz jakintsu bat; ikasi egiten dut nire gelan egoerak sortzen diren neurrian.

Nola ikusten duzu irakaslegoa?

Izugarri sinesten dut irakaslegoan, erabateko konfiantza dut. Estrategiak errazten dizkigutenean emozionatu egiten gara gure ogibidearekin. Horregatik, motibazio hori lortzean, bidea oso erraza da.

Bata bestearen atzetik datozen legeen fasea gainditu behar dugu, izan ere, irakaslea bere gelako jaun eta jabe da. Bete ditzagun curriculumaren hutsuneak, baina ilusioarekin.

Hegoaldea jasangarria izan dadin, iparraldea aldatu behar dela defendatzen duzu. Zer esan nahi duzu?

Gure konsumo motak besteengan eragin zuzena duena. Gai hori lantzean, hegoaldea pobreziarekin eta azpigarapenarekin lotu ohi dugu, baina ez gara konturatzen erantzukizun handia dugunaz.

Barneratu behar dugu garapen-sistema agortu dela. Helburua, ordea, ez da hegoaldea iparralde bihurtzea, gu egokitzea, gu aldatzea baizik.

Gaur egun guztia deuseztatzen da. Adibidez, Ghanan, etxetresna elektrikoen zabortegiak ditugu. Gai bagara zaborra bidaltzeko, gai izan behar gara bestelako gaiez betetako edukiontziak bidaltzeko.

Gure artean zein erakundeetan teoria garatuta dagoen bitartean, praktikan urratsak falta dira. Zergatik? Utzikeria, akaso?

Uste dut Administrazioan bertan dauden pertsonek ere ez dutela informazio hori jaso, bitxia bada ere. Beraz, “barruan” dagoen pertsona gorabehera, gehiago edo gutxiago egiten da. Hezkuntzan jende konprometitua egon denean urratsak eman dira, profila aldatzean, eten egin da bide hori. Ikastetxeetan gauza bera gertatzen da. Zergatik? Hipokresian bizi garelako; diskurtsoa polita izanagatik, interes ekonomikoak garrantzi handia du.

Liburua irakasleengan eta familiengan pentsatuz idatzi dut. Lehen liburu honetan, argudio guztiak eskaini ditut eredua aplikatzeko. Horren aldeko legeez mintzo naiz, baina bigarren liburuan, halakorik badator, askoz ere kritikoagoa izango naiz.

Kritikoagoa?

Bai, hiritartasun kontzientzia edukitzen uzten digute, baldin eta ez baditugu marra gorri batzuk gainditzen. Bestela, ulertezina da Europako Kontseiluak ebazpena onartu zuenetik hamahiru urte igarota, oraindik horrela egotea.

bakoitzaren seme-alabak dira garrantzitsuenak… baita besteenak ere

Elkartasuna da hezkuntza-eredu honen oinarrietako bat, balioei dagokienez, «baina ez modu karitatetsuan», dio Salinasek. Alegia, elkartasuna da beste pertsona bat zein egoeran dagoen ulertzeko gaitasuna eta berdintasuna. Horiek dira zutoinak. Justizia sozialaren defentsa ere ezinbestekoa da, aukeren berdintasun bezala ulertuta.

Elkarrizketaren une batean, honakoa dio: «Ni ama naiz, eta ulertzen dut gaur egungo gurasoen seme-alaben gainean egon behar hori, guretzat garratzitsuenak direlako, baina ikuspuntu hori gainditu egin behar dugu. Oso inportanteak dira, baina besteenak ere bai».

Garapenerako Hezkuntzaz mintzatzea pobrezia eta bazterketa soziala gainditzeaz hitz egitea den une beretik, denon inplikazioa beharrezkoa dela iritzi du; alegia, klabe indibidualista gainditu eta kolektiboki pentsatzea. «Beste haurrengan pentsatzeak ez du esan nahi zureak gutxiago maite dituzunik», dio irakasle honek.

Horretarako, oso garrantzitsua da beste ikuspuntu bat edukitzea, «adibidez, hegoaldera, Afrikara, errukirik gabe begiratzea». Komunikabideek, oraindik orain, ikuspegi hori helarazten dutela tamaltzen da.

Ondo daki zertaz ari den. Arrazoi pertsonalak tarteko, lotura estua du Afrikarekin Salinasek. Ezinbestean ezagutu behar den kontinentea, bere iritziz. «Hemen galdu diren balioetako batzuei eutsi diete han. Seme-alaben auziarekin jarraituz, hemen indibidualistak garen bitartean, han erabat bestelakoak dira». Txikitan maitasunik jaso ez duten haurrei maitasuna ematea gizarte baten etorkizunarentzat zein garrantzitsua den azpimarratzen du. «Haurrek, txikitan ondo ez badaude, behar bezala zainduta, horren ondorioak jasango dituzte. Ikuspuntu berekoi batetik diot; izan ere, zailtasunak eragingo ditu horrek gizartean».

Bizitza eta denbora ulertzeko modua ere ezberdina dela dio. «Afrikarrek diote dute guk ordulariak ditugula, eta haiek denbora. Badakizu zer? –dio–. Ez zaie arrazoia falta».