Iraia OIARZABAL MUJIKA

Krisia dela eta, unibertsitate ikasketak egitea erronka nekeza da askorentzat

Ikasi nahia eta ezina; horixe da gazte askok gainean daramaten zama, krisiak sortutako larritasun ekonomikoen ondorioz, unibertsitate matrikula ordaintzerik ez daukatela ikustean. EHUk badu diruz estu daudenei malgutasun apur bat emateko funts bat, baina tasak eta baldintzak gora doazen honetan ibilbide motzeko irtenbidea da.

Unibertsitate ikasketak gauzatzea ohikoa eta gehiengoaren eskura dagoelako ustea nagusitu da gaur egun euskal gizartean, belaunaldi berrienetan batez ere. Euskal Herriko campusetan gazte andana ikusten dugu. Mugimendua, bizitasuna eta jakin-mina antzematen dira. Horrek, ordea, ez du ezkutatzen karrera unibertsitario bat ikastea erronka izugarria dela gazte askorentzat. Ez soilik intelektualki, garunak urte horietan egin behar duen lanagatik. Ekonomikoki ere desafio bihurtzen hasia da batzuentzat.

Krisi ekonomikoa eta azken urteetan unibertsitateko matrikuletan emandako gorakada konbinazio txarra dira ikasketak gauzatu nahi dituzten familia xume askotako seme-alabentzat. Langabeziak, lan erregulazio espedienteek eta gizarte murrizketek larritasun ekonomikora eraman dituzte sendi asko. Eta zer egin ikasketak ordaintzea ezinezko bihurtzen denean? Kasurik okerrenean egoera horrek ikasketen bidea uztera kondenatzen ditu ikasleak. Ohiko beketatik harago, estualditik irteteko zirrikitu bat badago, ordea, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Gizarte Funtsa izenarekin bataiatu duena.

Maite Zelaia EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren errektoreordeak azaldutakoaren arabera, joan den ikasturtean detektatutako larrialdi egoera bati erantzuten dio funts honek. Izan ere, aurreko urteekin alderatuta matrikula ordaintzeko zailtasunak zituen ikasle kopuru bat bazegoela ikusi zuten eta ez ordaintze horien erreklamazioari ekin zioten. Aldi berean, egoera ekonomiko berezi batek eragindako huts egitea zela kontuan izanik, horri irtenbidea jartzeko baliabideen bila hasi ziren.

«Deialdi honek bilatzen duena da ikasketen ordainketa egiteko zailtasunak izan dituzten ikasleek unibertsitatearekin duten zor hori dirutan –epeka ordainduta– edo jarduera ezberdinen bidez kitatzeko aukera ematea», dio Zelaiak.

Deialdia 2013-2014 ikasturtean jarri zen martxan aurrekoan sortutako zorrei aurre egiteko, eta kurtso honetan ere abiarazi dute, tresna honen beharra daukaten ikasleen eskaera mantentzen zela ikusirik. Lehenengo deialdian 23 ikasleren eskakizunak onartu ziren. Aurten, aldiz, jasotako 46 eskarietatik 29 onartu dira. Hau da, antzeko kopurutan ari dira mugitzen, baina datuei erreparatuta, laguntza horri heldu dioten ikasleak nahiko gutxi direla ikus daiteke.

Tresna honekiko dagoen informazio falta izan daiteke eskari txiki horren arrazoietako bat, Iker Martin EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak aipatzen duenez. Bere ustez, garrantzitsua da Gizarte Funtsaren oinarriak ongi ezagutzea, hasiera batean bere helburuak gaizki ulertu baitziren ikasle askoren artean, ohiko beka edo diru laguntza bat zela pentsatuz. Bekena, ordea, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da eta ez unibertsitatearena.

Ustekabeko arazoak

Funtsaren xedea bestelakoa da, hots, ikasturtean zehar izandako arazo ekonomikoak direla medio matrikula ordaintzerik izan ez zuten ikasleei zenbait erraztasun eskaintzea.

Gizarte Funtsa arautzen duten oinarriei erreparatuz, gero, «bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoei» erantzuteko baliabide bat dela azpimarratzen da. Gauzak horrela, ikasleak ustekabeko arazo ekonomikoak dituela ulertuko da baldin eta ikasturtea hasita ondoko egoeraren bat suertatu bazaio: familiako sostengatzaile nagusia hil izana, nahitaezko erretiroa hartu behar izana edo kide horri lanerako ezgaitasun iraunkorra eman izana; familiako sostengatzaile nagusia langabezian geratzea edo enplegu erregulazio espedienteak eraginda egotea edota familiako kideren batek gaixotasun edo istripu larriren bat izatea. Ustekabez eman daitezkeen arazoak eta ikaslearen behin-behineko etorkizuna estualdian jar dezaketenak.

Ikaslea egoera berezi batean murgilduta dagoela kontuan izanda, unibertsitatearekin daukan zor ekonomiko hori bueltatzeko bideak malgutzea erabaki zuen EHUk joan den ikasturtean. Horrela, zorra dirutan eta epe ezberdinetan edo unibertsitatean egingo dituen jardueren bidez ordaintzeko aukera izango du ikasleak.

Jarduerei dagokionez, ikaslearen ikasketak errespetatzea eta nolabaiteko erantzukizun sozial bat betetzea bilatzen dute. «Aurreikusita dauzkagu beraien ikasle jardueratik gehiegi aldenduko ez dituzten ekintzak. Hau da, aukeren artean sartzen ditugu aurretik aukera askeko kredituetan funtzionatzen zuten jarduerak», zehazten du errektoreordeak.

Adibide modura, ikasle batek lasterketa batean bidea moztuz, dortsalak banatuz edo parte hartzaileen izen abizenak zerrendatuz ordaindu dezake bere zorraren zati bat. Izan daiteke baita ere unibertsitateak antolatutako jardunaldietan prestaketa lanak egiten edota, esaterako, informatikan trebeak diren ikasleen kasuan, ekitaldietako diplomak diseinatzen. Ekintza horietan betetzen duen lan ordu bakoitzeko unibertsitatearekin daukan zorreko hamar euro kitatuko ditu ikasleak.

«Betiere, ikasleekin kontrastatzen da ea ekintza hori egiteko prest egongo liratekeen. Saiatu gara, halaber, ikasle hauek jarduerak beraien zentroetan gauza ez ditzaten. Ikasle kontseilutik datorren eskakizun bat da, ikasle horiek estigmatizatuta egon ez daitezen», gaineratzen du.

Kopuruarekin bueltaka

Jardueren bitartez ordaintzen ez den zorraren gainerakoa dirutan ordaindu beharko du ikasleak. Zenbait kasutan zorraren %100 dirutan ordaintzea erabakitzen dute. Kasu horretan, hileroko kuota batzuk ezartzen dira eta horiek transferentzia bidez ordaintzen zaizkio unibertsitateari.

Funtsera bideratutako diru kopuruari dagokionez, hasiera bateko aurreikuspenetatik azkenean ezarri denera tarte nabarmena dago. Laguntza eskatu duten ikasleen kopurua txikia izateak hasieran planteatutako kopuruarekin sobera edukitzea ekarri du.

Gizarte Funtsa sortu zenean, EHUk 250.000 euro bideratzea aurreikusi zuen, baina eskaerak eta beharrak aztertu ondoren kopuru hori 100.000 eurora jaistea erabaki zuen. «Ikusi genuen ordaindu gabe zeuden matrikula askoren kasuan martxotik uztailera bitarteko tarte hori aprobetxatu zela ordainketa gauzatzeko eta hori modu positiboan baloratzen dugu. Interpretatu genuen familien aparteko ordainsaria kasu askotan horretara bideratu zela eta, hortaz, badagoela euskal gizartean konpromiso bat familietan seme-alaben ikasketei lehentasuna emateko», ondorioztatzen du Zelaiak.

Hori dela eta, aurreikusitako 100.000 euro horietatik zati bat bakarrik erabili behar izan zuten, deialdian onartutako ikasleek unibertsitatearekin zeukaten zorra 35.000 euro ingurukoa baitzen. Kopuru horretatik, %50 jarduerekin estali zen eta beste 17.000 euroak dirutan ordaindu zituzten zordunek. Aurtengo deialdira lehengo urteko aurreikuspen berdinarekin joan da unibertsitatea, baina zorra antzeko kopurutan mantendu da, 40.000 euro inguruan. Beraz, aurten ere aurreikusitako diruaren erdia baino gutxiago erabiliko da.

Unibertsitatearentzat funts honen finantzaketak suposatzen duenaren inguruan honakoa adierazten du Zelaiak: «Kontuan eduki behar dugu bueltatu beharreko laguntzak diren heinean poltsa hori urtetik urtera badoala elikatzen, baita hilabetekako ordainketa horiekin ere. Galtzen den diru kopurua zein den? Jardueretan joaten zaiguna eta unibertsitateak horien bidez kobratzen duena. Hori da nolabait unibertsitateak bere gain hartu beharko lukeen kopurua», azaltzen du.

Ikasketak uzteko arriskua

Poltsa horretara bideratutako dirua nahikoa den ala ez aztertzeko garaian, ikuspuntu ezberdinak agertzen dira mahai gainera. Izan ere, tresna hau sortu zenetik igarotako bi ikasturteetan emandako eskakizun kopuruari erreparatuta, 100.000 euro horiek nahikoa direla esan daiteke. Baina ezin da ziurtatu diru laguntzaren beharra daukaten guztiek eskatuko balute nahiko izango litzatekeen edo ez.

«Datuak ikusita, objektiboki esan daiteke nahikoa dela. Baina gauza ez da egon diren 40 eskaera horiek asetzeko iristen dela, baizik eta diru kopuru nahikoa litzatekeen tresna hau benetan ikasle guztiek ezagutu eta egoera horretan dauden denek eskatuko balute», planteatzen du Martinek.

Zelaiak baikorrago begiratzen dio egoerari eta hurrengo galdera botatzen du: «Erreskatatu diren 30 lagun hauekin zer gertatuko litzateke fondoaren existentzia gabe? Ez dakigu. Beharbada unibertsitatea utziko luketen pertsonak dira, ez dakigu. Badakigu hauek ikasten jarraitu dutela eta aurtengo eskarietan iaz ere aurkeztu ziren pertsonak daudela. Hortaz, horrek esan nahi du pertsona horiei baliabide ekonomiko hau emanda euren karrera unibertsitarioa bideratzeko aukera ematen ari garela», ondorioztatzen du.

Ildo horretan, ikasleei erraztasunak ematearen beharra nabarmentzen du. Izan ere, krisi egoerak familia asko kinka larrian jartzeaz gain, beken arloan emandako aldaketek ez dute egoera errazten. Ikasleen Kontseiluko presidenteak azaltzen duenez, bigarren eta hirugarren matrikulak garestitu egin dira. Bigarrena %15 igo da eta hirugarrena %30 inguru. Lehenengoak KPIaren mailan jarraitzen du. «Jendeak nabaritu du igoera hori, ez da sinbolikoa izan», gaineratzen du.

Gauzak horrela, matrikulak epeka ordaintzeko aukera egotea Ikasleen Kontseilutik azken urteetan egindako eskaera nagusietako bat da. Ikasleentzako erraztasun nabarmena izateaz gain, beste toki batzuetan egiten dela gogorarazten du Kontseiluak, zenbait kasutan ordainketa epe horiek hamar ere izan daitezkeelarik.

Duela urte batzuk, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru epetan ordain zitekeen unibertsitate matrikula baina kontabilitate arazoak direla medio aukera hori kentzea erabaki zuen EHUk. «Horrek unibertsitateari diruzaintza arazoa sortzen dio, ordainketa formula horrek suposatzen baitu unibertsitateak bere baliabide ekonomikoak ez dituela ezagutuko ikasturtea bukatu arte», azaltzen du errektoreordeak.

Beken kasuan, hauek eskuratzeko baldintzak nabarmen gogortu direla ohartarazten du Kontseiluko arduradunak. Beste baldintza batzuen artean, beka lortu ahal izateko batez besteko nota igo egin da. Unibertsitateko lehen ikasturtetik aurrera diru laguntza mantentzeko gainditu beharreko kredituen kopuruak ere gora egin du.

Horren harira, ikasleekiko politika baikorragoak egon beharko liratekeela uste du Martinek. «Ezin da ikaslea gehiago estutu. Are gehiago, inbertitu egin behar da. Ez bada horrela egiten, jendea desmotibatu egiten da eta biharamunean profesionalak izango liratekeenak ez dira horretara iritsiko. Eta hori bai dela krisia», kexatzen da.

Ikasleen adorea

Testuinguru horretan, krisi ekonomikoak eta diru laguntzetara iristeko zailtasunak estututa, ikasleen artean bi jarrera nagusitu dira. Batetik, etsita ikasketak utzi edo, zuzenean unibertsitatera joateko aukera planteatu ere egiten ez dutenak daude. Beste batzuk ahal duten moduan egokitzen dira estutasunera, eta diru laguntzen faltan ikasketak gauzatu ahal izateko euren formulak bilatzen dituzte.

«Zorionez, hala esaterik badago, ez daude horrenbeste ikasle ikasketak utzi behar dituztenak, ezin dituztelako ordaindu. Askok nolabait bere planteamenduak berrantolatu dituzte beren egoeraren arabera. Adibidez, badaude kurtso osoa egin beharrean hiru laurdenak egiten dituzten ikasleak. Motelago joaten dira errazagoa zaielako», azaltzen du Martinek.

Kasu hauek badute irakurketa baikor bat, batik bat ikasleen irmotasunaren inguruan. Adibide horiek erakusten dute ikasten jarraitzeko gogoak eta nekaezintasunak ekonomikoki ematen diren gabeziei irabazten dietela.

Baina badu bere alde ezkorra, argi uzten baitu egungo sistemak ez duela bermatzen edozeinek ikasketetara sarbidea edukitzeko baldintza. Martinek argi azaltzen du zein izan beharko litzatekeen egoera: «Hau ez da irtenbide bat. Pertsona batek lau urteko gradu bat aukeratzen duenean aukera izan behar du epe horretan egiteko. Ezin da muga ekonomikorik egon horretarako. Hau da, ikaslea da ahalegina egiten duena, baina administraziotik etorri beharko lukeen esfortzua da».

Ikasleei zuzenean galdetuta, Gizarte Funtsa ez da bereziki ezaguna. Hala uste dute Anderrek, Leirek eta Nuriak, Ibaetako campusean atsedenaldia egiten ari zirela gaiaren inguruan galdetzean. Arestian aipatutakoaren harira, ikasle bakoitzak babak eltzetik ateratzeko zer egin badakiela nabarmendu zuen. Alegia, beharrak eskuragarri dauden laguntzen inguruan informatzera eramaten duela bat.

Krisiak ikasketak burutzea zaildu duela nabaria dela aipatzen dute, baina egoera errazteko unibertsitateak eta instituzioek egin beharko luketen ahaleginarekin batera ikasleek dauden tresnen inguruan informatzeko joera handiagoa beharko luketela uste dute.

Ikastea ahalbidetuko duen neurri oro ongi etorritzat daukate ikasleek, betiere, pribilegio izatetik urrun, hezkuntza eskubide eta etorkizuneko berme baliotsua dela ahaztu gabe.