Koldo Sagasti

Burka erantzi

Iragan astean beste eraso arrazista batek hautsak harrotu zituen Gasteizen. Oraingoan autobus gidari batek garraio publikoan sartzea debekatu zion emakume bati, itxuraz, burka zeramalako. Egiaztatzeke dago benetan hala ote zen, edo beste buruzapi motaren bat ote zen langilearen kezka. Eta egiaztatzeke dago autobus konpainiek non zehazten duten bidaiariek erabili beharreko janzkera. Hori gutxi balitz, gerora jakin da gidariak sinadura bilketa jarri zuela abian erabiltzaileen artean, oro har, buru zapia daramaten emakume musulmanei autobus publikoetan sartzea debekatzeko.

Aste berean, Gasteizen, Brigitte Vasallo kazetari eta idazleak islamofobia eta generoaren inguruko ikastaroa eman zuen. Bertan salatu zuenez emakumeak dira musulmanen aurkako ezinikusia eta mesfidantza gehien pairatzen dituztenak, babesgabeenak eta erasotzeko errazenak direlako. Adituaren esanetan, gorroto horren gakoa identitate zuri-europar-mendebaldar komun bat eraikitzeko beharrean dago. Europako identitate anitzak batzen dituen komuneko ezaugarririk ezean, arrotzarekiko oposizioagatik eraikitzen dugu gurea. Eta bestea, arerioa, musulmana da. Musulmanak ordezkatzen dituen aurreiritziei kontrajarriz eraikitzen ditugu gure komuneko ustezko baloreak.

Aurrejuzgu horiek egiaztatzen dituzten zantzurik ezean, zenbait edozer sinesteko prest dago. Horrexegatik, hain zuzen, dauka hainbesteko oihartzuna Javier Marotoren kanpaina arrazistak. Bere adierazpen xenofoboak egiaztatzen dituzten daturik gabe ere, sinetsi nahi dituenak itsu-itsu sinesten dituelako. Autobuseko pasadizoak Rosa Parks ekintzaile beltzarena gogorarazi dit. Orduan garraio publikoan ezarritako salbuespen neurriak izan ziren matxinada zibila piztu zuen txinparta. Akaso heldu da garaia gure aurreiritzien burka erantzi eta autobusak hartzeko. •