Oier Gorosabel

Nire kirol idoloak

Kirolzale guztiek dituzte idoloak. Batzuk eskaladan, surfean, frontoian... are gogotsuago arituko dira haien eredua jarraituta. Beste batzuek, berriz, telebista aurrean ospatuko dituzte beren kirolari kutunen balentriak, futbol partida edo bizikleta karrerak ikusiz. Idolo gazteak dira, euren bizitzetako sasoi fisikorik onenean daude eta errekor gosez dagoen publikoa ederto asetzen dute.

Nire idoloak, ostera, ez dira eliteko kirolariak. Lehen ere aipatu izan ditugu haien ajeak: osasun arazoak, dopina, gainbehera kudeatzeko arazoak... ultrakirolaren egungo modak ere kalte ugari ekarriko ditu. Ez: bizimodu osasuntsurako gomendioak ematerako orduan, eliteko kirolariak ez dira eredua. Haien ordez, beste kirol idolo batzuk ditut nik: marken diktaduratik libre daude, eta haien buruarekin baino ez dira lehiatzen. Seguru ezagutzen dituzuela: 70, 80, 90 urteko kirolari horiek dira, olinpiada eta horrelakoetan egunkarietako xelebrekerien azken orrialdeetan baino agertzen ez direnak. Hauek dira gure pazienteendako eredu egokia; eta nik neuk ere, nagusitan, haien modukoa izan nahi dut.

 

Gure kontsultara datozen kirolarien artean asko errepikatzen da «beti gazte» izan nahi eta ezin duenaren kasua: 50 urte izanik, 40 zitueneko mailan egon nahi du eta, nola ez, gorputzak porrot egiten dio. Lesioak ez dira handiak izaten: belauneko min txiki bat, oinetako faszitisa, gerriko gogortasuna, sorbaldako mugimendu batzuk egin ezina...

Bata sendatu orduko bestearekin hasten dira, eta gorputzak ez die bakerik ematen. Batzuek ez dituzte gorputzaren abisuak ulertu nahi, eta lesioak banan-banan sendatzen obsesionatzen dira: kontsulta batetik bestera pelegrinazioa, erresonantziak, tratamendu aldaketa etengabeak, zapatilentzako barne zolak, oinetako bereziak... Modu horretan denbora eta diru asko alferrik xahu dezakete. Aukera bi bakarrik dituztela konturatu arte: gorputzaren arau eta ahalmenak errespetatzea edo kirola uztea.

Kirolari guztiek pasatu behar izaten dute krisi une horretatik; eta egoera gainditzeko ezinbestekoa da adin eta egoera fisiko berriak onartzea. Kirola zure ahalmenetara egokitzen baduzu, gorputzaren arauak errespetatzen badituzu (beroketak, luzaketak, atseden denborak), zure adinerako moduko marka eta denboretan mugitzen bazara... gorputzak erantzun egingo du eta kirola bizitza osoan egin ahal izango duzu. Horixe da kirolari beteranoen sekretua.

Ostera, zu baino hamar urte gutxiago dutenekin neurtzen bazara, eta gaztetako markei eta entrenatzeko modu okerrei eutsi nahi badiezu... etengabeko frustrazioan biziko zara, eta gorputzaren etengabeko alarma zeinuek (lesio txikiek) ez dizute kirola gustura egiten utziko. Azkenean, noski, kirola utziko duzu, txikitero tripa-handien kuadrillan amaitzeko.

Egunotan Valentin Huch kataluniarraren berri izan dugu, 95 urterekin atletismoan jarraitzen duena. Horrelako adibide asko aurkituko ditugu, pixka bat bilatuz gero: Alfred Proksch austriarra, 1936ko Olinpiar Jokoetan parte hartu ostean 101 urterekin oraindik ere disko-jaurtiketan medailak irabazten zituena; John Sinibaldi txirrindularia, 1931ko AEBetako txapelketetan aritu ostean 93 urterekin astean 250 kilometro egiten zituena; Bostongo maratoia 61 bider egin zuen Johnny Kelly, azkena 84 urterekin... Baina kirolean berandu hasitakoak ere asko dira: Adalberto Martinez kubatarra, triatloian 55 urterekin hasi ostean 75 urterekin lehian zirauena; Sally Scott estatubatuarra, 71 urterekin igeri egiten ikasi ostean hainbat txapelketa irabazitakoa...

Azken horiek dira nire kirol idoloak. Zalantzarik gabe. •

 

http://fisiolantaldea.blogspot.com

@Txikillana