Oihana Llorente Arretxea

Itzulera

Galduta egoten dira preso eta errefuxiatu ohiak etxeratu berritan. Tximeletak behinola zizarea izan zela ahazten ez duen bezalaxe, haiek errepresaliatu ohi izan behar dute hasieran, ondoren nahi dutena izateko. Ez da bidaia samurra, bide horretan, baina, makulu izan nahi duen elkarte asistentziala dute: Harrera.

 

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013ko ekainean, Miarritzen, konponbiderako bere proposamena euskal herritarren aitzinean aurkeztu ostean, aurten euren sorterrira itzultzeko urratsa egingo zutela iragarri zuten euskal iheslari politikoek, Arrangoitzen. Ordutik aurrera, hitza bete eta poliki-poliki sorterriko plazetara bueltatzen joan dira. Martxoaren 22ko Arrangoitzeko agerraldia amaitu bezain pronto, Isaac Kortabitarte Lekeitiora abiatu zen. 34 urtez ezagutu zuen deserria atzean utzi eta GARArekin egin zuen bueltarako bidaia. Urduri eta hunkituta egin zuen eta bere herria, familia eta lagunak utzita noiz eta nola bueltatuko zen jakin gabe ihes egitea «oso erabaki zaila» izan zela ekarri zuen gogora. Familia eta lagunen artean, baina, zoratzen zegoen.

Isaacen moduan, Ainhoa eta Joxerra, Bidasoa zeharkatuz, Irunera itzuli ziren, hurrengo egunean. Antzera bueltatu ziren gero Ros, Mila, Xabi eta Txabillo Zarautzera eta Pello, Aloña eta Aitor Donostiara. Talak, lau hamarkadaren ostean, Ugao zapaldu du orain gutxi eta Kepak, aldiz, Santurtzi... Orotara, Harrerak emandako datuen arabera, ehun bat iheslari politiko itzuli dira etxera zortzi hilabete eskasetan.

Konponbiderako urratsa

Iheslari politikoek etxeratzeko erabakia gatazka politikoaren konponbidean kokatu dute. Emandako pauso bakoitza atzeraezina izan dadin, gainera, bai Euskal Herrian bai nazioartean indarrak eta sostenguak bildu dituzte.

Gehienek Bidasoa iparreko lurretatik abiatu dute itzulerako bidaia. Badira, baina, urrunagotik etorri direnak ere, deportatuak. Deportazioa dispertsioaren katebegi urrunena eta antzinakoena da. 1984. urtean estreinatu zuten neurri errepresibo hau, François Mitterranden agindupean eta, guztira, 58 izan ziren Amerika eta Afrika kontinenteetan bizitzera kondenatutako euskal herritarrak. Babes juridikorik gabeko zigor luzeena izan da deportazioa.

Martxoan, deportazioaren putzuan erori eta munduan barreiatuta jarraitzen zuten hamahiru euskal herritar zeuden. Haietako gehienek euren sorterrira eraman dituzten urratsak egin dituzte hilabete hauetan. Besteak beste, Asun Aranak. Ihesaldi, konfinamendu eta deportazioaren katebegiak hautsi eta 40 urteren ondoren Euskal Herrira itzuli da.

2013ko azaroan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina –Parot doktrina gisa ezagunagoa– baliogabetuta, hamaika euskal presok askatasuna berreskuratu zuten. Gehienek, gainera, urte luzetako zigorraren ostean. Tartean, GAUR8rekin hitz egin duten Santos Berganza, Joseba Artola eta Asun Arana daude.

Kalera egokitzeko «maratoia»

Deserria eta espetxea atzean utzi eta etxetik banantzen dituen bidea egitea «izugarria» da, hiruren esanetan. Arantzarik gabeko arrosarik ez dagoen moduan, ez dago maldarik ez duen biderik ere eta kalera egokitzea «nekeza» dela nabarmendu dute. Berganzaren ustez, kartzelatik atera orduko «maratoia» hasten da. 2012. urtetik honat, baina, maratoi horretan makulu izan nahi duen elkarte bat dute errepresaliatu ohiek. Harrera elkartea da hori eta espetxetik edo erbestetik itzultzean jendartera egokitzeko eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko ahalik eta laguntza handiena eskaintzea da bere egitekoa. Zehazki, lau alorretan egiten du lan: juridiko-administratiboa, osasungintza, lana eta asistentzia ekonomikoa.

«Orain arte, preso ohiek ingurukoen laguntza soilik izan dute. Horrek guztiak ekonomikoki hobeto zeudenek, lagun talde zabalagoa zutenek edo zonalde abertzaleagoan bizi zirenek integratzeko baldintza hobeak izatea ekarri du». Hausnarketa horri tiraka sortu zuten Harrera. Izan ere, loteria horren injustiziaz jakitun, funtzio nagusiki praktikoko elkarte bat osatu eta laguntza eskaintzeari ekin zioten.

Harrerak preso ohien eta, orain, iheslari ohien beharrak bideratu nahi ditu  eta, bi urte hauetan zailtasun handiak aurkitu arren, onuradunek balantze oso positiboa egiten dute. «Guretzat izugarria da atera eta hor daudela jakitea», aitortu du Artolak.

Presoek, askatasuna berreskuratutakoan, administrazioaren sarean sartu behar izaten dute eta amaraun horretan preso ez erortzeko, aholkularitza eta laguntza zerbitzua eskaintzen die Harrerak.

Osasun alorrean ere laguntza eskaintzeko bokazioz jaio zen. Elkartearen lehen gomendioa norbere medikuarenera jotzea da, bertan egiten baitzaie lehen azterketa medikoa. Odontologia, psikologia eta oftalmologia dira, baina, osasun publikoak asko lantzen ez dituen alorrak eta hutsune hori betetzeko, odontologo, psikologo eta oftalmologo sare zabala jarri du errepresaliatu ohien eskura. Zerbitzu horiek ordaintzeko aukera ez dutenei Harrerak berak ordaintzen dizkie kontsultak.

Oso egoera ekonomiko traketsean abiatu arren, lan munduan bere txokoa egitea ere badu helburu. Iaztik 62 lanpostu lortu ditu eta bi norabidetan ahalegintzen da: lan merkatuko postuak lortzen eta ideia berriekin auto-enplegu dinamikak sustatzen.

Erretiroarekin arduratuta

Unean uneko beharretan laguntzeaz gainera, errepresaliatuei erretiroan laguntzeko diru poltsa bat osatzeko asmoa zuen Harrerak sorreran. Izan ere, kotizaziopeko erretiro pentsioa eskuratzeko, gaur egungo egoeraren arabera, 15 urteko lanaldia kotizatu behar da. Hamarkada luzez ihesi edo espetxean izan direnek edo kotizatu gabe lanean aritu direnek ez dituzte urte horiek kotizatuta eta haientzat 325 euroko erretiro pentsioa aurreikusten du legeak. Pentsio hori hobetzeko baldintzak sortzea zuen xede Harrerak. 2014aren hasieran, baina, Gobernu espainolak presoei kartzelatik ateratzeagatik legez dagokien beste laguntza bat, 426 eurokoa, jasotzea ukatu zien eta hortaz behar gorrian ipini zituen preso ohi asko.

Aurrera egin ezinean dauden errepresaliatu ohiei hilero 500 euroko diru-laguntza ematen saiatzen da Harrera. 23 presok eskatu dute diru-laguntza, baina elkartearen kalkuluen arabera, diru-laguntza pentsioa ukatuta duten guztiek eskatu izan balute, 300.000 eurotik gorako aurrekontua beharko luke urtero.

Gaur-gaurkoz, bi finantzabide ditu: bazkideak eta autofinantzaketa. Errepresaliatu ohien egungo eta, bereziki, erretiro garairako bizi baldintzak hobetzeko, ezinbestekoa du diru gehiago eskuratzea eta bere ahaleginak horretara bideratzen ditu.