Maider Eizmendi
Elkarrizketa
Uxunemartinez
INGUMA DATU-BASEAREN KUDEATZAILEA

«Euskarari beste hizkuntza guztiei gertatzen zaiena gertatu zaio, nazioartekotasunak eragin dio. Zientziaren ikerketa ingelesez argitaratzen da»

UEUren datu-basearen muinak primeran ezagutzen ditu, bai eta zientzia produkzioaren inguruko xehetasunak eta dibulgazioaren gorabeherak ere.

Zenbaki esanguratsuak pilatzen ditu: 37.000 erreferentzia eta 8.000 autore baino gehiago. Hamabost urteko ibilbidea egina du UEUren Inguma datu-baseak, eta, denbora horretan guztian, datu-basea bera edukiz aberastea ez ezik, euskaraz zientzia egiten duen komunitateari itxura ematea eta trinkotzea ere lortu dute. Nazioartekotasuna dela-eta ingelesak zientzia arloan hartu duen pisua medio, euskaraz egiten den zientzia produkzioak behera egin duela ohartarazi du Uxune Martinez Inguma datu-baseko kudeatzaileak. Egoeraren aurrean zera dio: «Gauza bat da nazioarteko komunitate zientifikoari lanaren berri ematea ingelesez, baina hemen ere euskaraz egiteko bideak badira». Euskaraz egiten den lanari balioa ematea da, bere ustetan, gakoa. Ingumaren erronkei dagokionean, argi du: sarean ikusgarritasuna lortzea eta ezagutaraztea.

Hamabost urteko langa gainditu duzue. Zein hutsune betetzeko sortu zen datu-basea?

2000. urtean sortu zen Inguma. Sorrerako helburua euskaraz, bai ahoz bai idatziz, egiten ziren zientzia arloko lanak biltzea zen; bidez batez, lan horien egileak ezagutzera ere eman nahi genituen. Egileak nolabait sakabanatuta zeuden eta ez genituen ezagutzen. Euskaraz lanak egiten zituen komunitate zientifiko bat ba ote zegoen ere ez genekien. Komunitate horri itxura ematea eta trinkotzea zen, beraz helburua. Hasiera batean kultura eta zientziako gaiak euskaraz lantzen zituzten zer-nolako aldizkariak zeuden finkatzen hasi ginen. Argitaletxeak ere aztertu genituen, zein motatakoak ziren, unibertsitateetan eta handik kanpora; hala, zein zen euren lana eta non zituzten euren bildumak ikusi genuen. Datu horiek pixkanaka hasi ginen biltzen eta egile desberdinek egindako lanak jasotzen.

Ahozko lanak jasotzea ez da ohikoena agian.

Ahozko lanak jasotzea guztiz beharrezko ikusi genuen. Gure hizkuntzan transmisio handia egin da ahoz. Agerikoa da bertsogintzak, kantagintzak... duten pisua gure herrian. Ohitura asko ahoz aho transmititu dira. Zientzian ere gertatzen da hori. 1973tik aurrera ahozko produkzioa handia izan zen. Idatzizkoa soilik jasotzen bagenuen, proiektua hanka motz geratzen zela uste genuen, ez genuela dena biltzen. Egia da ez dela gauza bera. Idatzizkoa ikusi egiten da eta egin dela ziurtasun gehiagorekin esan dezakezu. Ahozko lanak hitzarmenen bidez jasotzen ditugu. Unibertsitate eta erakundeekin lan egiten dugu, haiek jakinarazten digute zer egin den eta nork egin duen.

Zientzia euskaraz egiten duen komunitatea irudikatu du Ingumak.

Esan izan zaigu, kanpotik batez ere, zientzia eta kultura ezin zirela landu euskaraz, gure hizkuntzak ez zuela gaitasunik kontzeptu batzuk adierazteko eta ez zegoela pertsona egokirik hori egiteko gai zenik. Argi dago hori gezurra dela. Adierazgarria da Einsteinek 1919an kaleratu zuela bere teoria famatua eta 1923an jada euskaraz bazegoela. Gu gai ginen zientzia euskaraz egiteko, baina jaso gabe zegoen.

Datu-base oparoa duzue, zenbaki esanguratsuak dituena.

Gaur egun 187 erakunderen lanak jasotzen ditugu gure datu-basean. Urtero-urtero erakunderen bat gehitzen saiatzen gara. Dagoeneko 37.000 erreferentziatik gora jasoak daude eta 8.000 autore baino gehiago. Kopurua handia da kontuan izanda zer-nolako komunitate txikia garen. Jasota duguna euskara batua finkatu zenetik honakoa da.

Gaur egun, ordea, ingelesa da zientzia egiteko gehien erabiltzen den hizkuntza. Horrek nola eragiten du?

Joxe Ramon Etxebarriak esaten duen moduan, gure komunitateak gainerakoek dituzten arazo berak ditu. Euskarari dagokionez, hazkunde bat izan da 1965. urtetik aurrera. Egon dira egile batzuk oso oparoak, ehundik gora erreferentzia pilatu dituztenak. Nolabait apustu bat egin zuten bere garaian euskaraz aritzeko zientzian. 2000. urtera arte produkzioa handitzen joan da, baina une honetan beheranzko joera nagusitu da. Zer gertatu da? Euskarari beste hizkuntza guztiei gertatzen zaiena gertatu zaio, nazioartekotasunak eragin dio. Zientziaren ikerketa ingelesez argitaratzen da. Hori asko nabaritu dugu Inguman. 2005. urtetik aurrera produkzioa jaisten ari da apurka-apurka.

Alor guztietan gertatzen da hori?

1970etik 1995era arte zientzia gogorretan, fisika, kimika, matematika, natur zientziak... euskarazko produkzio handia zegoen. Egun ez. Giza zientzietan mantendu egin da euskararen erabilera eta esan dezakezu alor horrek mantentzen duela produkzioaren hein handiena.

Euskaraz egitea lehen balorea zen, orain, berriz, ez. Buelta emango du egoerak?

Nik neuk zail ikusten dut. Ez dut gaizki ikusten ikertzaileek ingeles idaztea, ezagutzen dudalako ikerketa mundua eta badakidalako lehen mailako ikerketa erreferentzialtasuna lantzeko ingelesez egin behar dela. Euskal Herrian ere ikerketa talde asko euskaldunez osatuta baldin badaude ere, ingelesez egiten dute lan, nahiz eta euren artean harremana euskalduna izan. Horrek ez du kentzen, ordea, lan horren berri emateko euskara ezin denik erabili. Nazioarteko komunitate zientifikoari lanaren berri ingelesez emateak ez du esan nahi hemen euskaraz egiteko bideak ezin direnik garatu. Arazoa da zoritxarrez ez dela berdin baloratzen. Aldatu behar dena euskaraz egiten den lan horren balioa eta erakusgarritasunaren pisua da; gehiago eman behar zaio. Aldatu behar dira unibertsitateetako balorazioak, irizpideak...

Dibulgazioari ematen zaion garrantzia ez dela handia ere esan izan dute ikertzaile askok.

Ikerketan aritzen diren pertsonentzat dibulgazioak ez du pisurik ia euren curriculumean, ez da puntuak ematen dituen alorra. Ikertzaileek dibulgazioa borondatez egiten dute, beharra ikusten dutelako, horretarako prest daudelako, gizarteari emandakoa itzuli nahi diotelako... Dibulgazioari ez zaio pisurik ematen, baina dibulgazioa oso garrantzitsua da. Askotan uste dugu eskolan gabiltzan sasoian jasotzen dugula kultura eta zientziaren ezagutza zati handiena, baina hori ez da egia. Guk gure bizitzaren %5 baino ez dugu pasatzen mundu akademikoan. Gure bizitzaren %5ean ezin dugu jaso ezagutza guztia. Egun badira ikerketak diotenak gehiago dakigula kultura zientifikoaz museo edo erakusketetara joanez, aldizkariak edota egunkariak irakurriz, hitzaldiak entzunez... Hortik jasotzen dugu kultura zientifiko gehiena. Dibulgazioak, beraz, pisu handia du, transmititzen diguna asko delako.

Dibulgatzeko premiarik ez, baina ikerlarien artean publikatzeko premia handia da. Sumatzen duzu?

Bai, lehia bat dago hor. Curriculuma egiteko erreferentzia kopuru bat behar du ikertzaileak, eta, zoritxarrez, aldizkari batzuk betetzen dituzte arau batzuk eta haietan publikatzeak askoz ere puntu gehiago ematen ditu. Arazoa da “izen ona” duten aldizkarietan argitaratzea oso zaila dela, jende guztiak beren lanak haietara bidatzen ditu eta. Hori dela eta, artikulu eta lan asko bidean geratzen dira eta horrek desesperazio puntu bat ere sortzen du. Orokorrean ez zaigu gustatzen sortu den joko hori, baina, hala ere, euskarazko lanak argitaratzen dituzten aldizkariak horretan ere sartuta daude jada. Indexaziorako arau guztiak betetzen ari dira euren aldizkarietan argitaratzen diren artikuluak puntuatzeko. Bide egokia ez dela ikusi arren eta nolabait gure kontra egiten duela jakin arren, jokoan sartzen gara, gainerakoan galtzen ateratzen garelako.

Egindako lana ezagutzera emateko bide bat da zuen datu-basea, zer-nolako erantzuna jasotzen duzue egileen aldetik?

Autoreen aldetik oso jarrera ona jasotzen dugu beti. Zorionekoak gara, zeren badira autore asko lan berriak egiten dituztenean jakinarazi egiten digutenak. Autore gehienak kontziente dira euskal komunitate zientifikoko parte direla. Azken denboran sartu ditugun erreferentzia asko jende gaztearenak dira. Tesia egin eta defendatu ostean bere ikerketa lana ezagutzera ematen ari den jendea da. Euren datuak jaso eta Inguma datu-basean sartu ditugula esaten diegunean, halako esker ona sentitzen dugu haien partetik. Azken batean zerbaiten parte sentitzen dira, egiten ari diren lana etxean ere aintzat hartzen dela sumatzen dute.

Bilaketak egiteko orduan, euskara ez beste hizkuntza batzuk erabiltzeko joera dago. Ez da hala?

Bai, baina Ingumak egiaztatzen du komunitate bat badagoela eta edozein jakintza arloko gaiak euskaraz landu daitezkeela. Informazio iturriak bilatzean beste hizkuntzetan dauden iturrietara jotzeko joera dugu. Azken batean ez dakigu zer baliabide ditugun eskura, ez dakigu guk ere baditugula liburuak, artikuluak... Ez dakigu erdaraz bilatutako gai hori euskaraz ere aurki dezakegula. Ingumak nahi duena euskal produkzioa begien bistara jartzea da; hau ere badago, gu ere gai gara eta adituak baditugu. Horri balio ematen saiatzen gara.

Bilatzaile ugari daude, zerk ematen dio balio berezia Ingumari?

Inguman klik bakar batekin edozein liburutegitan dauden erreferentzia, artikulu eta liburuak topa daitezke. Era berean, 38.000 erreferentziatik ia erdia zuzenean kontsulta ditzake erabiltzaileak, inora mugitu gabe. Gainera, aditu batekin harremanetan jartzeko beharra izanez gero, kontaktuak jar zaitezke formulario bat beteta soilik. Bere balio nagusiak erraztasuna eta harremanetan jartzeko aukera dira. Gaur egun Inguma datu-basean gehien erabiltzen den zerbitzua harremanetan jartzekoa da. Egile guztien kontaktua ez dugu, %70arena edo dugu oraingoz, baino baten batek eskatuz gero, saiatzen gara hura lortzen.

Gure beharra zalantzan jarri izan dute, baina, azken batean, idatzizkoa eta ahozkoa jasotzen duen egitasmoa gara, bilgunea. Proiektu honek duen berezitasuna da guztia biltzen duela komunitate baten trinkotasuna adierazteko eta esateko zientzia eta kultura euskaraz lantzen ari den komunitatea bat badagoela. Bilguneak beharrezkoak dira eta horren balioa aldarrikatu behar da.

Zeintzuk dira aurrera begira finkatuta dituzuen erronkak?

Guk informazio asko dugu datu-basean. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa da hor gaudela adieraztea. Sarean ikusgarritasuna lortzeko eta ezagutarazteko bideak badaude, eta baliatu egin behar ditugu. Gure erronka da datu-basea hornitzen jarraitzea eta informazio iturri ona behar duten erabiltzaileei zerbitzuak eskaintzen jarraitzea. Baina gure erronka da, era berean, dugun informazioa formatu desberdinetan eskaintzea. Azken batean, gurea proiektu bibliografiko bat da, baina helburua da gai baten inguruan dugun informazioa transmedia formatuekin eskaintzea, gure bilaketa sistema hobetzea, Google bilatzailean agertzea...

Dena Interneten dago, baina informazio asko ezkutuan gelditzen da.

Horregatik, hain zuzen ere, gure helburua da inork gai baten inguruan informazioa bilatzen duenean, eta, hitz gakoak bilatzailean sartzean, Inguma informazio iturri gisa azaltzea. Formulak badaude eta azken urteetan horretan ari gara lanean, ezkututik ateratzeko lan horietan. Kontua da guk bezala, besteek ere gauza bera egiten dutela. Oro har, informazioa bilatzeko oso pazientzia gutxi dugu eta joera hori areagotu egiten da Interneten.

Internetek bilaketa prozesua eraldatu duela diozu, baina suposatzen dut azken hamabost urteetan teknologiari esker asko erraztu zaizuela lana, teknikoki behintzat.

Ba, noski, egundo egiten dugun lanak ez du lehengoarekin zerikusirik. Kuriosoa da, jendeak uste du erreferentziak datu-base batean sartzea oso lan erraza dela, baina datuak egiaztatu egin behar dira. Ahozko erreferentzien ziurtasuna erakundeek ematen digute; idatzizkoa ikuskatu egin behar dugu. Guk ez dugu testuen kalitatea neurtzen, baina Inguman sartzen den produkzioak irizpide batzuk bete behar ditu. Horrek guztiak denbora ematen du. Egia da lehen datuak sartzen denbora asko ematen genuela, eta, gaur egun, berriz, teknologiari esker erauzketak egiten ditugula.