Maider Iantzi

Euri pertsiana kolpeka

Ez gara deus, konturatu naiz Eurik pertsiana kolpeka ernatu nauenean. Bi aldiz gaur gauean. Haserre dago Zaparraden alaba eta Txingor eta Kazkabarren biloba (Twitterren irakurri dut izendapena eta polita iruditu zait). Etxea airean eramanen zuela ematen zuen... Baina bai, bagara zerbait. Eta Kotoiz idor dezakegu Euriren bizitokia, bere mundua bera, Itsaso.

Aste honetan eguraldiarekin izandako sentsazioak bizi-bizi (haizea kotxea dantzara gonbidatzen, orroak zerbait erran nahian, ibaiak etxeak jaten...), kontraste itzela izan da kotoi industria batek itsaso oso bat edan duela irakurtzea. Dirudienez, 40 urte aski izan zituen kotoiaren industria sobietarrak munduko laugarren laku handiena –Aral itsasoa, Asiaren erdialdean– lehortzeko. Urez beteta zeuden 60.000 kilometro karratu, leku batzuetan 40 metroko altuerarekin, kolpeka lurrundu ziren. Orain %10 soilik gelditzen da.

Asiako bi ibairik handienek elikatzen zuten Aral itsasoa, Sir Dariak iparraldetik eta Amu Dariak hegoaldetik... Asia Erdialdea munduko kotoi ekoizlerik handiena izatea nahi zutenek iturritzat hartu zituzten arte. Hala, 1980ko aldi batean, Uzbekistanen bertze inon baino kotoi gehiago kultibatu zuten. Helbide honetan irakur daiteke albistea: bbc.co.uk/mundo/noticias/2015/02/150225_gch_mar_aral_sequia_lp. Lankide batek, euria gogoz egiten duen aldiro, leihora hurbildu eta, tantez harro, esaldi bera errepikatzen du: «Gustatzen zait euria, librea da! Nork geldi dezake euria!». Eta hala da, ezin dugu gelditu, batzuetan, egunotan bezala, hala nahi eta behar badugu ere. Ongi ikasiak ditugu abisu hori, alerta laranja eta alarma gorriak, baina denak piztuta ere, ezin kalteak ekidin (horietako aunitz ohiko lekuetan). Begiratuaren begiratuaz ezin goiti eta goiti datorren ibaia ateratzea saihestu.

Diru gose hutsagatik natura zauritu eta bizitokiak suntsitu arren, Eurik libre segitzen du. Hobe berekin ongi konpondu... •